PROPOSAMENAK

Kristinaenea, musikaz blai

Hamasei musika taldek hartuko dute parte Glad is the Day jaialdian igandean, Donostiako Kristinaenea parkean. Musikaz gainera, haurrentzako ekintzak eta merkatua egongo dira

Glad is the Day jaialdiaren 3. edizioa, Donostiako Kristinaenea parkean. IÑAKI AGIRRE / IRUTXULOKO HITZA.
Iraia Irazusta Mujika.
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Gladys del Estal ekologistaren izena omentzen duen jaialdia egingo dute igandean, Donostiako Kristinaenea parkean: Glad is the Day.

2016an sortu zuten jaialdia, Europako kultur hiriburuaren izendapena zela eta. Jon Aizpurua jaialdiaren zuzendariak esan duenez, «denbora gutxian, udan egiten diren Donostiako jardunaldi erreferenteetako bat bihurtu da; familiarra eta garaikidea, baita integratzailea eta berritzailea ere».

11:30ean hasiko da, eta egun guztian hamasei musika talde eta artista ikusteko aukera egongo da. Batetik, Iruñeko Goxua'n Salsa taldeak saltsa doinuekin alaituko du eguna. Bestetik, Ben Yartek, Chill Mafia taldeko kideak, trapa eskainiko du. Musika eskaintzaz gain, DJ saioek, merkatuek eta haurrentzako ekintzek osatuko dute egitaraua, 20:30 arte.

Gaua hurbiltzean, DJak egongo dira Le Bukowski eta Dabadaba aretoetan, jaiarekin jarraitu nahi dutenentzat.

Egun guztian, Dabadabak merkatua antolatu du, eta hainbat estilotako komertzioak egongo dira. Berrogei postu izango ditu azokak, eta aukera egongo da vintage dendak eta bertako artista txikienen sorkuntzak topatzeko.

Jaialdia igandean hasiko da, baina, itxaron ezin dutenentzat, larunbatean ere izango da zer entzuna: Musikagelaren kontzertua egongo da Tabakaleran, 13:00etan.

Azken urteei erreparatuta, harrera ona izaten duen egun bat dela azaldu du Aizpuruak, alde batetik, parkera jende asko biltzen delako, eta, bestetik, Egia auzoak bizitasun handia hartzen duelako, bai kaleetan, baita saltokietan ere.

Natura eta hiria

Egitasmoak hirietako berdeguneak aisialdia eta kultur ekintzetarako erabiltzea aldarrikatzen du. Gozatu, baina parkea errespetatuz leloa nabarmendu du Aizpuruak.

Horretarako, jaialdiak nazioartean dauden berdegune handiak hartzen ditu oinarri gisa, besteak beste New Yorkeko Central Park, Londresko Hyde Park eta Berlingo Tiergarten.

Jaialdiaren izenak hitz joko bat egiten du, Gladys del Estal ekologistarekin. Izan ere, helburu nagusia da jaialdiko protagonista parkea bera izatea. «Bi helburu nagusi ditu jaialdiak: batetik, parkeaz beraz gozatzea, bertako elementuen errespetua oinarri hartuta, eta, bestetik, publiko guztientzako moduko musika eskaintza izatea», esan du Aizpuruak.

Parkea errespetuz erabiltzeko hainbat proposamen egin dituzte. Jasangarritasuna bermatzeko, ezinbestekoak diren egiturak bakarrik jarriko dituzte, eta janaria eta edaria ontzi birziklagarrietan banatuko dute. «Azken batean ez dira hainbeste antolakuntzak hartzen dituen neurriak, baizik eta etortzen den horrek parkea txukun mantentzekon kontzientzia hartzea», adierazi du zuzendariak.

Halaber, egun guztian, edukiontziak aldatuz joango dira, hondakinak pilatu ez daitezen.

Glad is the Day

Igandean, abuztuaren 28an, 11:30ean Donostiako Kristinaenea parkean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.