Den-dena birtuala den garaiotan, gutun bat zabaltzeak badu bere xarma, are gehiago urte luzez etxean ondo-ondo gordetakoak baldin baditu barrenean. Fitxa bat dakar. Abizena: Otermin. Izena: Antonio. Jaioterria: Donostia. Bizilekua: Donibane Lohizune. Onartua: 1944ko urtarrilaren 19an. Kontzentrazio esparrua: Buchenwald. Haren ezaugarri fisikoak ere idatzita daude, haren argazki bat dago... Goiko aldean eskuz idatzia dago hari esleitutako zenbakia, 40.752, eta hari dagokion ikurra: triangelu gorri bat, alderantziz. Xarma bainoago, hotzikara ematen du.Â
Beste euskal herritar askok bezala, 1936ko gerran Oterminek etxetik alde egin zuen, frankistengandik ihesi. Euzko Itsas Gudarostean borroka egina zen, eta, alemanen okupazioaren ondoren, mugako sare klandestino batean aritu zen buru-belarri. Donibane Lohizunen atxilotu zuten naziek, preso hartu, eta Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura deportatu. Euskal deportatu bat izan zen.Â
«Euskal herritarren deportazioa nahiko ezezaguna da gure gizartean. Deportazioaz eta nazien kontzentrazio esparruez hitz egiten denean, beste errealitate batez hitz egin ohi da: juduez. Baina euskal herritarrak ere egon ziren esparru horietan», azaldu du Roberto Palacios Gogora Institutuko memoria teknikariak. Bada, euskal deportatuen memoria berreskuratzea dute xede Donostiako Aieteko kultur etxeko Deportazioaren memoria erakusketaren bidez; iaz deportatu haien omenezko ekitaldi bat ere egin zuen Eusko Jaurlaritzak. «Faxismoa, nazismoa eta frankismoa bizi izan zutenen ahotsa entzutea oso garrantzitsua da, berriz gauza bera gertatu ez dadin». Krudelkeria hura errepikatu ez dadin.

Ankerkeria horren guztiaren buru Adolf Hitler zegoen. Haren alderdi naziak agindu zuen Alemanian —eta Europa erdian— 1933tik Bigarren Mundu Gerra galdu zuen arte, 1945ean. Etsaitzat zituenei jazartzeko eraiki zituen kontzentrazio esparruak: 6 milioi judu inguru hil zituzten. Beren ideia politikoekin bat egiten ez zuten milaka herritar ere hil zituzten, besteak beste. Deshumanizazioa zen esparruetako ardatza: presoak desjabetzen zituzten, burua soiltzen zieten, denak uniforme beraz janzten zituzten...
Hain zuzen, erakusketan eskura dauden gutunetatik burua altxatzean, aurrez aurre dago uniforme zuri-urdin bat, triangelu gorri batekin paparrean. «Triangelu gorria zuten arrazoi politikoengatik preso sartutakoek», azaldu du Palaciosek. Halakoxea eduki zuten euskal deportatuek ere: «36ko gerran herritar asko erbestera joan ziren, eta Frantzia hegoaldean egon ziren bereziki. Naziek Frantzia okupatu zuten, eta orduan harrapatu zituzten, eta kontzentrazio esparruetara bidali».
Esklabotza
Adreilu ugari ere badaude informazio panelen eta denetariko argazkien artean. Zer dela eta? «Lan esplotazioa ere jasaten zuten deportatuek kontzentrazio esparruetan. Euskal herritar gehienak Mauthausengo esparruan egon ziren. Han harrobi bat zegoen, eta esplotatu egiten zituzten, lan behartuak egiten zituzten: finean, esklabotza zen», kontatu du Palaciosek. Are, esparru horretako eskailera luze batzuen argazki bat ere badago: «Harriz kargatuta, eskailerak igo behar zituzten egunero. Lana gogorra zen berez, baina horrek askoz gogorragoa bihurtzen zuen».
Bi aldi bereiz daitezke euskal herritarren deportazioan. «Lehen etapa nazien okupazioaren hasierakoa da, 1940tik 1942rakoa. Deportatu zituzten euskal herritar guztiak Gerra Zibilean borrokatutakoak ziren, eta gero frantsesekin ere aritutakoak. Denak gizonak ziren, eta denak deportatu zituzten Mauthausenera. Gehienak hil egin zituzten han».Â
«Euskal herritar gehienak Mauthausengo esparruan egon ziren. Hangoa, finean, esklabotza zen»
ROBERTO PALACIOSGogora institutuko teknikaria
Mauthausen ondoko Gusengo esparruan eduki zuten preso Jesus Tello, eta haren idatzizko testigantza jaso dute: «Gusen beldurgarria zen benetan. Batzuetan, hildakoak garbitzera behartzen gintuzten kale garbitzaileen erratz batekin eta ur ontzi batekin. Bihotz ikara izugarria ematen zuen horrek!».
Lehen etapa bezain lazgarria izan zen bigarrena: 1942tik 1945era artekoa, kontzentrazio esparruak askatu artekoa. «Erresistentzian parte hartzen zuten zibilak deportatu zituzten, emakumeak ere bai; Pirinioak pasatzen laguntzen zuten, adibidez».
Horietako asko Buchenwaldeko esparruan egon ziren preso. 1945eko apirilean askatu zuten, eta orduan bizirik atera zirenek idatzi zuten zina ere irakurgai dago Aieteko gutunean: «Gure ideala bakean eta askatasunean biziko den mundu berri bat eraikitzea da. Hildako kideei eta gure familiei zor diegu».