Sanferminak Iruñean. Nahia Fernandez. Gazte peñako kidea

«Kultura herrikoia sustatu nahi dugu, eta eskubidea dugu kalean egoteko»

Sanferminetako eredua irauli, eta jai parte hartzaileak bultzatzearen aldekoa da Nahia Fernandez; horregatik da 3indarrok Gazte peñako kidea. Bestak bestela gozatu nahi dituelako.

IKER TUBIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2011ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Zazpi urte dira 3indarrok Gazte peña sortu zenetik, eta oraindik ere gogotsu daude. Bertako kide da Nahia Fernandez (Iruñea, 1991), zezenik gabeko sanferminez gozatzen duen gaztea. Dioenez, hasierako urteetan «indartsu» hasi zen peña, baina kide kopurua jaitsi egin da. Hala ere, haien ekimenetan jendetza biltzen dutela dio, eta, beraz, etorkizunari itxaropenez begiratzen diola. Gazte peña bestelako peña da, alternatiboa.

Zeinek osatzen duzue Gazte peña?

Iruñerriko gazte guztiontzako tresna da. Sanferminetan jaiak ez dira herrikoiak; pribatizaturik daude, eta zezenketek izugarrizko garrantzia hartzen dute. Gazte peñak jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunak bultzatzen ditu. Kideei dagokienez, gutxi gara. Gainera, jaitsi egin da kide kopurua. Baina ekimenetan jende gehiago batzen da. Adibidez, biharko bazkarian 150 lagun inguru batuko gara. Elektrotxarangak ere jendetza erakartzen du. Gazte peña irekia eta parte hartzailea da.

Zein ekarpen egiten dio peña honek bestari?

Alternatiba izaten saiatzen gara, ezarritako eredu honen alternatiba. Adibidez, zezenketen alternatiba gara, zezenketen aurka baikaude. Horrez gain, jaiak gauera mugatzen dira, kontsumitzera. Jaien gabeziak bete nahi ditugu.

3indarrok ez dago Peñen Federazioan, bestelako peña da. Zezenketetara ez doan bakarra.

Bai, ezberdinak gara, alternatiboak. Zezenketetan animaliak torturatzen dira, eta hori ez da kulturaren adierazgarri. Esanen nuke kulturaren aurkakoa dela.

Orain artean Gazte peñak nola bizi ditu sanferminak?

Elektrotxaranga Alde Zaharrean ibili da, eta oso ongi atera da. Jendetza etorri da gurekin batera, eta giro ezin hobea jarri du musikariak. Horretaz gain, goizetan karro bat ateratzen dugu. Entzierrora joaten ez direnek hutsune bat dute: tabernak ixten dira, eta ez dago entzierroa besterik. Horregatik, karro bat ateratzen dugu, edari eta musikarekin.

Bihar Gazte peñaren eguna da, eta hainbat ekimen prestatu dituzue.

Bazkaria eginen dugu San Jose plazan, gero batukada, eta, amaitzeko, gaztetxoek osaturiko taldeek kontzertua eskainiko dute. Azken horrekin arazoak izan ditugu, udalak ez baitu baimenik eman Santa Ana plazan kontzertuak egiteko. Hasieran zalantzak izan genituen, baina, azkenik, kontzertuekin aurrera egitea erabaki dugu. Guk kultura herrikoia sustatu nahi dugu, eta eskubide osoa dugu kalean egoteko. Kalea gurea da.

Argaren jaitsiera ere zuen egitarauaren barnean dago. Asteazkenean izanen da hori.

Aurten berezia izanen da. Kaldereteak eginen ditugu auzoka edo kuadrillaka. Gero, kalderetea prestatu duen talde bakoitza bere txaluparekin jaitsiko da Arga ibaian behera. Bazkalordua zenbait gaztetxok osaturiko txaranga batek girotuko du.

Gazte peñak zazpi urte ditu. Zer-nolako bilakaera izan du?

Oso indartsu hasi ginen. Jende asko biltzen zen hasieran, baina parte hartzeak behera egin zuen gero. Dena den, jendeak gero eta harrera hobea egiten dio gure peñari; beraz, nik uste etorkizunean indartuz joanen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.