Gasteizko jaietako pregoilaria eta ETSko abeslaria

Iñigo Etxezarreta: «Kultura transmititzeko eta jasotzeko egun bereziak ere badira jaiak»

Etxezarretak festarako deia egin zuen igandean, Gasteizko Plaza Berrian. Andre Maria Zuriaren jaiei ongietorria egiteko, 'Zurekin batera' abestu zuen pregoia entzutera joan ziren milaka gasteiztarrekin.

Iñigo Etxezarreta, Gasteizko jaietako pregoia egiten. GASTEIZKO UDALA
Iñigo Etxezarreta, Gasteizko jaietako pregoia egiten. GASTEIZKO UDALA
Maddalen Omaetxebarria
Gasteiz
2026ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikrofonoa hartzera ohituta dago ETSko abeslaria, baina hitzaldiak ez ditu oso gogoko. Halere, Iñigo Etxezarreta (Gasteiz, 1988) gasteiztar peto-petoa da, eta hiriak eman diona hiriari bueltan emateko «leiho bat zabaldu» zitzaion jaietako pregoia egitea eskaini ziotenean. Eta horixe bera egin zuen igandean: Gasteizi buruzko hitz eta doinu ederrez bete Plaza Berria.

Askotan nabarmendu duzu jai herrikoiek kulturan duten zeregina. Zer dute berezia oholtza horiek?

Zorionez, Euskal Herria jaiez jai ezagutzeko zortea izan dugu guk, eta jaso izan dugun tratua ezin hobea izan da. Jaietan jendea oso pozik egoten da, orokorrean gogotsu eta umore onez bizi izaten ditugu; ondo legoke aldarte hori urtean zehar ere mantentzea [barrez]. Gainera, niretzako jaiak kultura eskolarik garrantzitsuenak ere badira. Askotan jaietan biltzen ditugu urtean zehar jasotzen ez ditugun zenbait dantza eta abesti. Nire ustez, ez dira bakarrik ospakizun egunak, kultura transmititzeko eta jasotzeko egun bereziak ere badira jaiak.

Gasteizi maitasun gutuna idatzi diozu pregoirako. Nondik dator amodio hori?

Bertan jaio nintzen, bertan ikasi nuen eta gaur egun ere urteko hainbat hilabetez bertan bizi naiz. Nik uste dut Gasteizek baduela oreka hori: lasai bizitzeko hiri egokia da, ez dago turistaz masifikatuta, euskaraz gauzak egiteko aukera ematen du, aisialdirako ere hiri interesgarria da, baita kirola egiteko ere… Funtsean, hazi naizen hiria da Gasteiz, eta uste dut oreka interesgarria daukala. 

«Uste dut dena zor diodala musikari, eta aukera dudan bakoitzean musikaz inguratzen naiz»

Euskararentzako ere berba politak izan dituzu. Argi zeneukan zeri buruz hitz egin gura zenuen?

Normalean ez nago ohituta hainbeste hitz egitera; kontzertuetan ere ez zait gustatzen berba gehiegi egitea. Baina leiho bat ireki zidaten aukera hau emanda, eta hainbat gairi buruz hitz egin nahi nuen. Euskararen kasuan, hasieran ETSkoek ez genuen hain ozen esaten taldekideak errioxarrak zirela eta gazteleraz kantatzeko hautua egin genuela; baina ulertu beharra dago Ekora Logroño ondoan dagoela. Horren harira, niretzako kultura ez da bertan jaiotakoena bakarrik, harengana hurbildu nahi duenarena ere bada. Esango nuke polita dela hori gogoraraztea, jaiek parada egokia ematen baitute euskara bultzatzeko; euskaraz jakin ez arren, lehenengo hitza euskaraz egitea norbaitek.

Berdin idazten dira abesti bat eta pregoi bat?

Ez, ez, ez. Abesti bat idazteko denbora behar dut; melodiak azkar ateratzen zaizkit, baina letrei zenbait buelta ematen dizkiet. Eta oraingoan ere egun batzuk eman nituen bost orri horiek idazteko, denari buruz pixka bat hitz egiten eta posizionatzen saiatu nintzelako. Aldi berean, pregoia bera ere oso solemnea da, oso instituzionala, hainbat sentsibilitatetako jendea duzu aurrean… Oreka lortzen saiatu nintzen, baina kostatu egin zitzaidan, egia esateko. Esango nuke azkenean Gasteizi eta Gasteizko jaiei buruz pentsatzen dudan guztia komentatu nuela: nire istorioa hirian, oroitzapenak, txosnak, ETS, euskara, transmisioa, elkarbizitza…

Iñigo Etxezarreta, Gasteizko jaietako pregoia ematen. GASTEIZKO UDALA
Iñigo Etxezarreta, Gasteizko jaietako pregoia egiten. GASTEIZKO UDALA
Prosara mugatu beharrean, melodia ere sartu diozu. Gusturago zaudelako egin duzu hala, ala nolabait publikoari zor diozulako?

Ni, berez, ingeniaria naiz, eta batzuetan oraindik ere ez dakit zergatik nagoen industria honetan. Ez dut hau ikasi, eta, taldekideek euskaraz hitz egiten ez duten arren, euskarazko kantuekin bihurtu dugu musika gure ogibide. Horregatik, uste dut dena zor diodala musikari, eta aukera dudan bakoitzean musikaz inguratzen naiz.

ETS Gasteizko oholtza guztietara igo da: Gazte Karpara, txosnetara, Foru plazara… eta, azkenean, Plaza Berrira. Imajinatzen al zenuen halako biderik?

Oso pixkanaka etorri da dena. 2012an jo genuen lehen aldiz Gazte Karpan, eta guretzat hori jada garaipen bat izan zen. Pentsa, ordura arte —taldearen lehen zazpi urteetan— ez ginen Arabako Errioxatik atera, eta normalean tabernetan bakarrik jotzen genuen. Gasteizen kontzertu bat ematea amets hutsa izan zen guretzat.

Ez diot hau gasteiztarra naizelako bakarrik; benetan uste dut hiriak asko eman diola taldeari honainoko bidean. 2017an, zuzeneko diskoa grabatu behar genuenean, hemen grabatzea erabaki genuen, Foruen plazan. Txikitan hara joaten nintzen kontzertu handiak ikustera, eta pentsatzen nuen ezinezkoa izango zela ETSrekin han abestea. Eta hirutan jo dugu bertan.

Udan agenda bete-betea izaten duzu, baina harro diozu ez duzula sekula huts egin Gasteizko festetara. Zerk egiten ditu horren berezi?

Denetarik dago; ezinezkoa da aspertzea. Hiri txikia denez, leku guztietara oinez joan zaitezke, eta jaietako erokeria sanoa nabari da kantoi guztietan. Eskaintza itzela dago bai txosnetan, bai Foru plazan, bai Aihotz plazan… Gainera, gune bakoitzak badu bere nortasuna. Eta ez hori bakarrik, askotan tabernetan ere kontzertu ezberdinak entzuteko aukera daukazu, edota kalean blusen eta nesken kuadrillekin sortzen den giro ederrera hurbiltzera gonbidatzen zaituzte… Orokorrean, uste dut Gasteizko jaiak ez direla batere aspergarriak.

«Boluntario horien lanari esker egin dezakegu gizarte hobe baterantz, eta sarritan lan hori jaietan nabarmentzen da»

Zu zeu ere blusa gisa ibilitakoa zara, eta pregoian aitortza berezia egin diezu jaiak aurrera ateratzen dituzten boluntarioei.

Jaietan instituzioek badute beren garrantzia, baina, aldi berean, lanean ari diren elkarte eta boluntario guztiak ere ezinbestekoak direla uste dut, askotan administrazioa iristen ez den lekuetara ailegatzen direlako elkarteak. Boluntario horien lanari esker egin dezakegu gizarte hobe baterantz, eta sarritan lan hori jaietan nabarmentzen da.

Eszenatoki atzean lanean dabiltzanak gabe, ezinezkoa izango litzateke jaietako egitarau kulturala aurrera eramatea. Teknikarien grebak zer gogoeta eginarazi dizu?

Nik gertutik bizi izan dut mundu hori, eta oso ondo ulertzen dut. Talde gisa, teknikariz inguratutako proiektu handi bat eraiki dugu, eta beti saiatu gara haien lana balioesten eta zaintzen. Izan ere, industria honetan ez dago egutegi finkorik, eta logikoa iruditzen zait hori eskatzea. Baina, beste alde batetik, guk ere badakigu askotan kontzertuak hilabete lehenago lotzen direla. Uste dut sentsibilitate handiz aztertu beharko litzatekeela egoera, oso ondo ulertzen baititut haien kezkak.

Elkartuko gara berriro, gure betiko lekuetan… Zein txokotan sentitzen zara etxean Gasteizen?

Gehien ibili izan naizen lekua —eta ez bakarrik jaietan— Aiztogile kalea da. Kale horrek badu xarma berezi bat, badu nolabaiteko energia lokala, euskaraz hitz egiten da… Ez naiz Gasteizko Alde Zaharrean bizi, baina segur aski han igaro dut denbora gehien, eta uste dut nire lekua hori dela.

LOTSABAKO

Musika estilo gogokoena?
Orokorrean, pop musika.

Jaiak, egunez ala gauez?
Arratsaldez, bazkalostetik iluntzera arte.

Plaza bereziena?
Gasteizko Foruen plaza.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA