'Kuxkuxtu: Parean, Ondoan, Elkarrekin' dokumentalaren egilea

Arri Iraeta Irigarai: «Kuxkuxtu niretzat lan egiteko modu bat izan zen, aurretik ikusi ez nuena»

Urruñako (Lapurdi) Kuxkuxtu txarangari buruzko dokumentala estreinatu zuen joan den otsailean Iraetak. Bihar gauean, Donostiako Zinemaldi Alternatiboaren harira, dokumentala pasatuko dute Txantxarreka gaztetxean.

Arri Iraeta Irigarai
Arri Iraeta Irigarai, Kuxkuxtu txarangari buruzko dokumentalaren egilea. BERRIA
2024ko irailaren 26a
05:00
Entzun

Eskuin-ezker ibili da Arri Iraeta Irigarai (Zumarraga, Gipuzkoa, 2001) Euskal Herriko hainbat xokotan, Kuxkuxtu txaranga hurbiletik ezagutzeko eta gradu amaierako lana egiteko. Hamar bat hilabete Urruñako (Lapurdi) txarangaren musika tresnen hotsen artean pasatu eta gero, joan den otsailean Kuxkuxtu: Parean, Ondoan, Elkarrekin izeneko dokumentala plazaratu zuen. Proiektuaren hasieran txaranga ezezaguna bazitzaion ere, Iraetak orain dio txaranga hori «etsenplu bat» dela: «Eredu bat da daukaten funtzionatzeko moduagatik, taldearekiko pasioagatik, eta daukaten esperientziagatik». Bihar 20:00etan pasatuko dute dokumentala Donostiako Txantxarreka gaztetxean, Zinemaldi Alternatiboaren harirat.

Kuxkuxtu: Parean, Ondoan, Elkarrekin dokumentalaren egilea zara. Dokumentala hasi baino lehen, zer zenekien Kuxkuxturi buruz?

Ez nuen ezagutzen. Alta, Iparra-Hegoan askotan egona nintzen, baina, ez dakit, ez nintzen fijatu.

Beraz, ez bazenituen ezagutzen, nolatan egin zenuen Kuxkuxturi buruzko lana?

Pello Aranzabalek [Iparra-Hegoa elkarteko kidea] proposatu zidan Kuxkuxturi buruzko dokumental bat egitea. Mondragon Unibertsitateko Komunikazio gradua ikasi nuen, eta gradu bukaerako lanen artean proposatzen zituzten gaietako bat zen; beste edozein lan izango balitz bezala hartu nuen, besterik gabe. Hautatuta, Kuxkuxtukoek gonbidatu ninduten lehenengo hartu-eman bat izatera eurekin, iazko martxoan; urtero joaten dira sagardotegi batera, elkarrekin, eta ni ere joan nintzen. Anitz gustatu zitzaidan; ikusi nuen zerbait oso bitxia, oso berezia. Hor hasi zen dena: toki gehiagotara joan nintzen, grabatzen hasi nintzen, elkarrizketetarako galderak ere pentsatzen hasi nintzen... Elkarrizketak hiru egunetan egin genituen. Azken grabaketa eguna Donostian egin genuen, San Tomas egunean. Grabaketak, beraz, iazko martxotik abendura iraun zuen.

Lana martxoan abiatu eta abenduan burutu zenuten. Zein izan dira lan prozesuan ukan dituzun zailtasunak?

Lana osoki bakarrik egin dut, teknikoki horrek dakartzan zailtasun guztiekin. Gero, oso luzea izan da edizio lana, aski gorabeheratsua izan delako. Gradu bukaerako lana izanik, eskatzen digute idatzizko txostena ere, eta ez da oso erraza izan horrelako lan potolo bat beste txosten potolo samar batekin egitea. Baina, azkenean, ondo joan zen!

Kuxkuxtu: Parean, Ondoan, Elkarrekin titulua eman diozu zure lanari. Nondik atera duzu?

Odei Barrosok esan zuelako elkarrizketan iruditzen zitzaiola hori zela Kuxkuxtu. Dokumentala bera hori zela pentsatu nuen nik, Kuxkuxturen barruan sartzea bezala.

Hasieran ez zenuen ezagutzen txaranga. Orain, hurbiletik ezagututa, zuretzat zer da Kuxkuxtu?

Kuxkuxtu da gaur egun oso gutxi ikusten den eta gehiago ikusi beharko litzatekeen talde bat, Hego Euskal Herrian batez ere. Eta, bereziki, eredu bat da. Iruditu zait eredu bat direla daukaten funtzionatzeko moduagatik, taldearekiko daukaten pasioagatik, eta daukaten esperientziagatik. Eta, gero, eurek esaten duten moduan, familia bat da; hor dute beren benetako indarra.

Zu ere musikaria zara, hain zuzen ere, Esanezin taldeko bateria jotzailea. Zure musikari begiekin zer ikasi duzu haiekin egotean?

Kuxkuxtu niretzat lan egiteko modu bat izan zen, aurretik ikusi ez nuena. Kuxkuxtukoek badakizkite kantak, baina gustatzen zaien modura jotzen dute, eta ateratzen zaien modura; kontzertu oro ezberdina da, eta hori gaur egun ez da ikusten. Iruditzen zait hori modu batera edo bestera aldatu beharko litzatekeela, eta ez da batere erraza; Kuxkuxtukoek ere hori egiten dute, berrogei urte daramatzatelako jotzen, eta elkar oso ondo ezagutzen dutelako. Iruditzen zait gaur egun oso arautua dagoela musika panorama, eta Kuxkuxtu erabat kontrakoa da. Niretzat deskubrimendu oso polita izan da.

Dokumentala otsailean plazaratu zenuen, Urruñako Xaia ostatuan, Kuxkuxtukoen aitzinean. Nola pasatu zen?

Egia esan, oso ondo; niretzat oso pozgarria izan zen. Denek esan zidaten benetan zer den Kuxkuxtu islatzen duela, ikusten dela, benetan zeintzuk diren haien ideiak transmititzen dituela. Eta niretzat hori zen garrantzitsuena. Disfrutatzen ikusi nituen, barre egin zuten, negar egin zuten, emozionatu ziren; Beñat [Elizondo] ere emozionatu zen [barrez]. Oso polita izan zen.

Eta, orokorrean, publikoak nolako harrera egin dio dokumentalari?

Itsusia da nik esatea, baina ikusi duten guzien artean inork ez dit esan gustatu ez zaionik. Hasieran, pixka bat beldur nintzen, bereziki gazteei begira, luzeegi eginen zitzaielako. Baina iruditzen zait gazteek eta ingurukoek deskubritu dutela ezagutzen ez zuten begirada bat, euskal musika jotzeko beste modu bat, Hego Euskal Herrian behintzat. Uste dut horregatik dela hain erakargarria; jendeari asko gustatu zaio. Alde horretatik, oso pozik nago.

Bihar gauean dokumentala Donostiako Zinemaldi Alternatiboan pasatuko da, Txantxarreka gaztetxean, Antiguan. Nola sentitzen zara?

Egia esan, ez dakit. Ez naiz inoiz joan Zinemaldi Alternatibora; tira, ezta Zinemaldi ofizialera ere [barrez]. Orduan, ez dakit zer espero behar dudan. Baina pozik nago, nire ibilbide guztia Urretxu-Zumarragako Gaztetxeak markatu duelako. Urretxu-Zumarragako Gaztetxea ez balitz, ez nintzatekeen hemen egongo, eta ez nukeen edukiko eduki dudan ibilbidea. Nahiko pozgarria da Kuxkuxtu beste gaztetxe batzuetara iristea, batez ere funtzionatzeko daukaten moduagatik.

LOTSABAKO

Musika mota bat?
Funk musika.

Argazkigintza ala bideogintza?
Argazkigintza.

Ikusi duzun azken filma?
Nuestro último verano en Escocia.

Musika jotzeko leku bat?
Urretxu-Zumarragako Gaztetxea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.