Sucesores de Junguitu oihal dendaren nagusia

Claudia Cormenzana: «Laguntzarik jaso ezean, saltoki txikiak ixtera kondenatuak gaude»

XIX. mendean zabaldu zutenetik, martxan dirau Cormenzanak gaur egun lantoki duen oihal dendak. Txikitako oroitzapenak tartekatuz, familiaren lehen harria aitonak jarri zuela gogoratu du.

 Claudia Cormenzana, Gasteizko Sucesores de Junguitu oihal dendan, atzean bere aitona, aita eta haien ikasle bat agertzen diren argazkia duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Claudia Cormenzana, Gasteizko Sucesores Junguitu oihal dendan, atzean bere aitona, aita eta haien ikasle bat agertzen diren argazkia duela. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
Gasteiz
2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tela artean pasa du bizitzaren parte handi bat Claudia Cormenzanak (Gasteiz, 1968), eta tela artean ipini dio hitzordua kazetariari. Ez edonon, gainera: Gasteizko dendarik zaharrenetako batean, Sucesores de Junguitu oihal dendan. Hiru belaunaldiren eta lokal aldaketa baten ostean, bera da gaur egun dendaren arduraduna. Ez dago jakiterik zehazki zer urtetakoa den saltokia, baina Cormenzanak badaki XIX. mendean zabaldu zutela. 125 urtetik gora baditu ere, gaur egungo arduradunak aitortu du «zoritxarrez» bera izango dela denda betiko itxiko duena. Hiria, jantziak eta denda bera nola aldatu diren xehatu du.

Zergatik hitzordua hemen?

Nire familiarekin lotura estua duelako toki edo negozio honek. Orain ni naiz bertan lan egiten duena, baina cormenzanatarron eta Sucesores de Junguitu dendaren arteko lotura duela bi belaunaldi hasi zen, nire aitonarekin. Nire bizitzaren oso parte garrantzitsua izan da saltoki hau, eta oroitzapen asko biltzen ditu.

Hainbeste?

Bai! Saltoki honetara iritsi zen nire familiako lehenengo kidea nire aitona izan zen. Eta, haren ostean, beti gure familiakoren bat egon da negozioaren ardura postuan. 

Eta izena nondik dator? Dendak ‘Sucesores de Junguitu’ dio, eta zure abizena Cormenzana da.

Ez dakigu zehazki negozio hau noiz sortu zuten; XIX. mendean, nonbait. Halere, badakigu aurreko dendaren arduraduna oihalei buruz ideia handirik ez zuen emakume bat zela. Eta jakintza handirik ez zuenez, nire aitona ikastun moduan hasi zen harekin lanean. Hura bazen tela zalea. Denboraren poderioz, emakume hura familiako beste kide bat bilakatu zen. Eta ez zuenez haurrik izan, nire aitonari utzi zion beste denda.

Ondorioz, nire aitona bilakatu zen dendaren jabea, eta, Cormenzana abizena bazuen ere, dendaren izenari eutsi zion. Pentsa zein harreman handia zuten nagusiak eta nire aitonak, emakumea gure familiaren panteoian dago lurperatuta!

Eta zergatik diozu «beste» denda?

Bada, denda berez Andre Maria Zuriaren plazaren eta Plaza Berriaren artean zegoelako. Leku ezin hobean zegoen, eta barrualdea oso handia zen. Egia da amaierarako pixka bat zaharkitua zegoela, baina bere xarma zuen. Espazioa, izatez, ez zen nire familiaren jabetzakoa, alokairuan zeukaten, eta, 2014an, lokalen alokairuak arautzen zituen legedia aldatu zuten. Errentatzaileak erabaki zuen ez ziela alokairua berritu nahi, eta handik urtebetera leku horretatik alde egin behar izan zuten nire ahizpek, orduko jabeek.

Nola bizi izan zenuten aldaketa hori?

Oso gogorra izan zen. Artean nire ahizpek zeramaten saltokia; ni ez nintzen bertan aritzen lanean. Baina gogoan dut prozesua oso traumatikoa izan zela. Alokatzailearekin negoziatzen saiatu ziren, baina hark diru gehiago lortzeko beste bide batzuk jorratu nahi izan zituen. Ondorioz, nire ahizpek beste leku bat bilatu behar izan zuten, Errementari kaleko hau, hain zuzen ere. Izugarrizko inbertsioa da halako aldaketa bat egitea. Espazio aldetik txikiagoa da hau, eta kokapenaren aldaketak ere badu eragina! 

Zer du, bada, kokapenak?

Distantzia aldetik ez daude oso urruti bi saltokiak, baina Andre Maria Zuriaren plaza beste kontu bat da! Hamar urte baino gehiago dira nire ahizpek denda Errementari kalean ireki zutela, eta artean bada jendea uste duena itxi egin genuela. Izugarrizko amorrua sentitzen dut halakoak kontatzen dizkidatenean. Oraindik ere, tarteka, bezeroren batek esaten digu: «Atzo bizilagun batek esan zidan tela batzuk behar zituela, eta hona etortzeko esan nion; eta galdetu zidan ea ez ote zenuten aspaldi itxi denda». Halakoak jakiteak min handia ematen du.

Lehen, turista mordo bat sartzen ziren dendan, hiriko plaza garrantzitsuena denek bisitatzen baitzuten. Orain, badira zenbait ibilaldi antolatu hiriaren Alde Zaharra ezagutzeko, eta tarteka iristen dira gurera, baina ez dago alderatzerik lehengoarekin.

Zer gertatu zen aurreko dendarekin?

Kanpotik berdin-berdin jarraitzen du. Jabeak beste saltokiren bat ipini nahi zuen bertan, gurea baino errentagarriagoa egingo zitzaiona, baina guk utzi genuen bezala jarraitzen du. Egun batean, nire ahizpa batek atea irekita ikusi zuen, eta inkontzienteki barruraino sartu zen. Guk galdetu genion hori nolatan egin zuen, eta erantzun zigun nahi gabe sartu zela. Oso gogorra da txiki-txikitatik hainbeste ordu igaro ditugun leku batera berriz ezin sartzea.

Txikitatik ibili zara oihal artean?

Jakina! Nire aita, dendaren ardura hartu zuenetik, egunero bertan egoten zen. Ez zuen izaten atseden egunik. Eta, noski, gu ere asko ibiltzen ginen bertan.

Oporretara joaterik ere ez zenuten izaten?

Ez... Gogoan dut behin Añanara joan ginela egun batzuk pasatzera, aitak han lagun bat zuelako, baina, bestela, ezin genuen egin inolako bidaiarik. Denda ezin zen itxi.

Ordutik aldatuko zen bizimodua, ezta?

Ikaragarri aldatu da, bai. Eta oso denbora gutxian, gainera. Esango nuke nire aitak dendaren ardura izan zuen garaia nire aitonak izan zuenekoaren oso antzekoa zela, eta aldaketa gehienak azken urteetan gertatu direla. 

Lehen, ostegunak izaten ziren egun garrantzitsuenak, zalantzarik gabe, Gasteizen merkatu eguna izaten baitzen. Lehen, inguruko herri txikietatik jende andana etortzen zen gurera, gure dendako ehunak inguruko dendetakoak baino merkeagoak zirelako. Egia da oraindik ostegunetan merkatua egiten dela, baina guretzat ez du lehen bezainbesteko eraginik. Oroitzen dut nire aitak harreman estua zuela merkatari batzuekin.

Nolatan?

Bada, lehen genuen lokalak soto bat zeukan, eta aitak merkatariei soto horretan gordetzen zizkien postuetan erabiltzen zituzten balantza erromatarrak. Izugarri pisatzen zuten! Errutinaren parte zen: ostegunetan, merkatua amaitzean, aitari ematen zizkioten balantzak, berak gorde ziezazkien, eta hurrengo asteko osteguneko lehenengo orduan, haien bila etortzen ziren. Haiek trukean jakiak ematen zizkiguten, barazkiak eta arrautzak, esate baterako.

Garai gogorrak izanda, ikasketarik egiteko aukerarik izan zenuen?

Bai. Gurasoek aukera eman ziguten neba-arreba guztioi guk nahi izanez gero ikasketak egiteko. Eta ez ginen gutxi, e! Zortzi senide ginen! Bada, gutako batzuek aukera baliatu genuen, eta nik Kazetaritza ikasketak egin nituen.

Eta inoiz jardun zara kazetari?

Bai, aritu nintzen, baina gehienbat irudigintzan eta publizitatean espezializatu nintzen.

Eta nola bihurtu zara dendaren jabe?

Esan moduan, nire aitona izan zen nire familian negozio honetara iritsi zen lehena. Hark hiru seme izan zituen, eta hirurak murgildu zituen oihalgintzan. Aitona hil zen, osaba bat gerrara bidali zuten, eta, ondorioz, nire aitak hartu behar izan zuen denda. Soilik 15 urte zituen hori gertatu zenean. Haren ostean, nire bi ahizpek jarraitu zuten.

Ondorengoa gogorra izan zen. Aipatutako bi ahizpa horietako batek urte pare bat zeramatzan jada larri gaixo, eta besteak ezin zuen dendaren zama osoa bere gain hartu, gehiegi zen beretzat. Momentu hartan nik nire lanpostua nuen, baina aitortu behar dut bertan nahiko momentu kritikoa bizitzen ari nintzela, eta, halabeharrez, gauzak berriz pentsatzen hasi nintzen.

Izugarrizko pena ematen zidan pentsatzeak denda nik hartu ezean betiko itxiko zutela. Oroitzen dut azken erabakia dutxan hartu nuela. Senideei aipatu nien dendaren ardura nire gain hartzea pentsatu nuela, eta babesa adierazi zidaten. Ordutik, hementxe jarraitzen dut.

Zerk harrapatu zaitu ogibide honetatik?

Pasioak, pasioak... ez dakit hori den hitza. Nire aitona zen oihaletarako benetako pasioa zuena. Telagintzak bizi zuen hura. Eta haren ostean iritsi gara gainontzekoak. Nigan, egia esan, eragin handiagoa izan du alde emozionalak, familiak dendarekin duen loturak. Pena ematen zidan dendaren katea eteteak, eta, ziurrenik, ni izango naiz 125 urtetik gora dituen istorio honen azken katebegia.

Lau pareta hauetatik kanpo ere oihalekin ibiltzen zara?

Anaiek ez, baina ahizpa guztiok txikitan josten ikasi genuen. Egia esan, dendatik kanpo denbora asko ez dut edukitzen, baina edukitzen dudan apur horretan tela puskekin zerbait egiten ibiltzen naiz beti.

Eta zergatik esan duzu tamalez zu izango zarela azken katebegia?

Gaur egun Gasteizen denda txiki bat izatea lan nekeza delako: etengabeko erresistentzian bizi gara. 

Nolako erresistentzian?

Etengabeko eraldaketan bizi gara denda txikien jabeok. Denda bat zeure ardurapean duzunean, ezinbestekoa da moldatzea. Beti adi egoten naiz jendeak zer eskatzen duen eta zer ez. Horren adibidea da txoko hau [dendaren sarreratik gertu dagoen espazio txiki bati ari da so]. Ikusi nuen Gasteiz erdialdean ez zegoela mertzeria dendarik, eta, nire dendan toki asko ez badaukat ere, gune hauxe horretarako egokitu dut. Bizirautea da kontua.

Frankizien iritsierak zaildu egin du bizirautea?

Are zailagoa da orain, bai. Gu umeak ginenean, gure amak egiten zizkigun jantzi guztiak, baina orain dezente merkeagoa da arropa dendetan erostea. Saihetsezina da jantzietara bideratutako materiala gainbeheran egotea. Gauza bera gertatu da inauterietako mozorroekin. Lehen, norberak egin behar zuen bere mozorroa, eta orain oso-osorik erosten ditugu. Aldiz, bada pandemiaz geroztik gero eta gehiago saltzen dugun zerbait: eskulanak egiteko materiala.

Hori saltzen da gehien?

Ez, zehazki. Nire dendaren sostengua Gasteizko jaietako nesken jantzietarako materiala da. Betidaniko kontua da hori. Gainera, urte osoan saltzen dudan zerbait da. Izan ere, amona asko etortzen dira bilobei jantziak egiteko telak begiratzera eta erostera. Ohikoa bilakatu da Gabonetan opari hori egitea. 

Pandemia aipatu duzu. Nolako garaia izan zen zuretzat?

Sasoi gazi-gozoa izan zen niretzat. Gazia izan zen, denda ia bi hilabetez itxita izan nuelako; gogorra izan zen, noski. Eta, aldi berean, gozoa ere izan zen, berrogeialdian jende askok josteko makina erosi zuelako. Eta denda irekitzeko aukera izan nuenean, aurretik saltzen nuen baino gehiago saltzen hasi nintzen. Orotara, ez zen hain garai txarra izan. Baina gero errenta aitorpena egiteko garaia iritsi zen, eta irabazi guztiak galdu genituen.

Pandemia heldu baino pare bat urte lehenago, Gasteizko Udalak aitortza bat egin zion saltokiari.

Bai, halaxe da. Ondo dago instituzioek halako aitortzak egitea, ez dut ukatzen, baina laguntza behar dugu. Zeren 2018an, aitortza ekitaldia egin zigutenean, guztira 23 saltoki ginen mende bat baino gehiago martxan generamanak. Horietarik sei itxi dituzte ordutik.

Azken finean, laguntzarik jaso ezean, saltoki txikiak ixtera kondenatuak gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA