Motozerra hotsa entzun ondoren enbor bat erortzen ikusiz gero, baliteke Iker Iturria, Beñat Ordoki edo Jon Erro zuhaitzen batetik zintzilik topatzea. Boralan enpresa sortu zuten, 2024an, eta zuhaitzez zuhaitz zintzilik dabiltza ordutik, horiek mozten eta inausten. Zuhaitzera modu kontrolatuan igo eta inausi egiten dute, baita garbitu ere. Ondoren, Instagrameko @boralan04 kontuan ikusgai jartzen dituzte bideoak, egindako lanak ezagutarazteko. «Lana lortzeko egiten ditugu bideoak, ez gu ezagutzea nahi dugulako», onartu du, barrez, Iturriak (Lesaka, Nafarroa, 1997).
«Gehienek erotuta gaudela diote», diozue zuen webgunean. Hala da? Erotuta zaudete?
Guri galdetzen badiguzu, erranen dizugu ezetz. Ero gehienek erraten dute ez daudela eroak. Baina ez, ematen du gure lana hagitz arriskutsua dela, eta hori egiten dutenak pixka bat burugabeak direla, baina egiten dugun lana hagitz kalkulatua eta neurtua dago, eta ez gaude eroak, inondik ere. Nik erranen nuke prestatuta gaudela, erotuta baino gehiago.
Boralan du izena zuen erokeriak. Zuhaitzak botatzen dituzue, baina ez edozein zuhaitz, ezta?
Ez, azkenean, guk gabezia bat sumatu genuen, azpitik mozten ahal ezin diren zuhaitzak botatzeko. Ikusi genuen bazegoela jendea horretan aritzen zena, eta guk egiten ahal genituela lan horiek. Zuhaitzak altueratik mozten ditugu, behetik bota ezin direlarik, baduzulako etxe bat azpian, edo zerbait salbatu behar dena. Orduan, azpitik joan ezin delarik, goiti joan, eta dena manera kontrolatuan, xuabe-xuabe, moztuz joan.
Nola sortu zenuten Boralan?
Hasi ginen bakoitza pixka bat bere aldetik. Batek ikastaro bat egin zuela, besteak etxean bazuela arbola bat bota beharra, eta ez dakit zer. Prestakuntza jasoz eta lanak eginez joan gara: Madrilera joan ginen ikastaro batzuk egitera. Iruñean ere egin genituen bertze batzuk. Azkenean, enpresa dezente bat sortu dugu.
«Beti egon behar dugu bi lekutara lotuak: soka bat moztuko balitz, beti egoteko bertze batera lotuta»
Zer zailtasun du zuen lanak?
Nahikoa lan konplikatua da, juntatzen dituelako motozerra, zuhaitzak eta altuera. Batetik, motozerrarekin aritzea nahikoa lan berezia eta arriskutsua da bere gisan. Bestetik, zuhaitzak daude, eta nahiko zaila da aurreikustea zuhaitzei zer egin behar diezun. Eta, azkenik, altueran eta sokekin lotuta lan egiten dugu. Orduan, juntatzen dituzularik hiru gauza horiek, arriskutsu samarra den lan bat da, eta kontu handiz ibili behar dena.
Lan bakoitza desberdina da?
Bai, azkenean, zuhaitz bakoitza ezberdina da, leku bakoitza ezberdina da, eta ibiltzen duzun teknika edo posizio bakoitza ezberdina da. Jakin behar da anitz inprobisatzen, eta lanak aitzinera eramaten.
Zein izaten da lehen pausoa? Zuhaitzari begira jartzea?
Bai, normalean lanak lehenagotik ikustera joaten gara. Ongi ikusten dugu zer eremutan egin behar dugun lan eta zer zuhaitz ditugun. Lanean hasi baino lehen beti egiten dugu plan bat: batek joan behar du goiti eta halako lekutan kokatu behar du. Gero, arbolan poleak jarri behar ditugu halako adarretik behera seguru egoteko, eta beti egonen dira pertsona bat edo bi goiko horri laguntzen, ahalik eta manera seguruenean ateratzeko lana aitzinera.
Nola lotzen zarete altuera horretan?
Normalean, lehenbiziko, zuhaitzera ohitu egin behar izaten da. Lehenik, soka txiki bat botatzen dugu, horrekin soka handiago bat pasatzen dugu, eta jumarra ibiliz igotzen gara. Behin zuhaitzaren leku batean gaudelarik non ikusten dugun ongi gaudela, bizi lotzen gara arbolara soka batekin. Soka horrek beti egon behar du guregandik goiti. Eta, gero, moztu behar dugularik zuhaitza, beti egonen gara bi lekutara lotuak. Edozein gauzarengatik soka bat moztuko balitz —ez dena inoiz pasatzen, eta ez dena inoiz pasatu behar—, beti egoteko bertze leku batera lotuak.
Eta, enborra erortzear denean, zer egin behar da?
Lehenbizikoz, aurreikusi egin behar duzu zer jokaera izango duen enbor horrek zuk mozten duzularik. Eta azpian etxeren bat-edo baldin baduzu, pentsatu behar duzu enbor hori nola lotu edo nola jaitsarazi xuabe, azpian dagoen hori hautsi ez dezan. Kalkulu batzuk egin behar dira, baina nahikoa intuitiboa da.
Botatako enborrarekin zer egiten duzue?
Hemen inguruan anitz dira su egurretako egur hori erabiltzen dutenak; bertze batzuek, berriz, erraten dizute nahi dutela garbitzea eta listo... Kentzen ditugunak adarrak baldin badira, biomasa egiteko birrintzen dituzten zentro batzuetara eramaten ditugu. Enborrak zerrategira eramateko modukoak badira, hara eramaten ditugu. Saiatzen gara ahalik eta gehien aprobetxatzen.
Bideoak egiten dituzue, eta Instagramera igo. Nolatan?
Gu ez gara sobera bideozaleak, baina ohartu ginen aukera hagitz ona dela gure lana ezagutarazi nahi bagenuen. Gaur egun, telebistan iragarki bat paratzea baino anitz egokiagoa da Instagrameko kontu bat egitea eta bideo politak egitea. Hasi ginen gu geure burua erakusten, lanak nola egiten genituen esplikatuz, eta jendeari gustatu zitzaion. Egia erran, nahikoa lan deigarria eta kuriosoa da; orduan, hortik aitzinera hasi ziren bideoak arrakasta pixka bat izaten, eta jendeak horregatik ezagutu gaitu. Halere, guk bideoak lana lortzeko egiten ditugu [barrez], ez gu ezagutzea nahi dugulako.
Suhiltzailea ere bazara. Nola uztartzen dituzu bi lanak?
Bai, ni lehenbizikoz suhiltzaile sartu nintzen, eta, gero, denbora libre dezente izaten dugunez, honetan sartu ginen. Beñat ere fabrikan aritzen zen, eta Jon, hargin. Baina ari gara espezializatzen, eta geroz eta lan gehiago egiten dugu Boralanen. Gustura gaude, giro ona dugu gure artean; orduan, aitzinera egiten badu, behintzat, segituko dugu orduak sartzen.
LOTSABAKO
Gogoan duzun moztutako zuhaitz bat?
Igantzin Karlosi bota genizkion bi haritz handi.Bota duzuen zuhaitzik altuena?
Urdulizko eukalipto bat, ikaragarri handia; 30 bat metro izanen zituen.Zuhaitz kuttuna?
Bertako haritza edo pagoa.