Janari usaina nabari da Donostiako Parte Zaharreko Esterlines plazan, eta usoek badakite. Juantxo eta Danena tabernek hegaztiekin partekatzen dute plaza, baina ez hainbeste turistekin. Aste Nagusian, ogitartekoak egin eta egin aritzen dira, erritmo ikaragarrian, egunero milaka saltzen. Beñat Orube (Donostia, 1993) Juantxo tabernako langilea da, eta Arantxa Nazabal (Berastegi, Gipuzkoa, 1971), Danena jatetxeko nagusia.
Zenbat ogitarteko saltzen dituzue Aste Nagusiko egun batean?
BEÑAT ORUBE: 2.000 eta 3.000 artean gabiltza egun hauetan.
ARANTXA NAZABAL: Hori da, gu ere berdintsu, 2.000 inguru. Eguraldi txarra egiten badu, 1.000ra edo 700era jaits daiteke.
ORUBE: Eguraldiaren menpe gaude oso, dudarik gabe.
Zer duzue, ogitarteko fabrika ala sukaldea?
NAZABAL: Beroa da sukaldean duguna, kristorena. Langile apartak daude bi tabernetan, eta hori asko nabaritzen da.
ORUBE: Bizkor-bizkorrak dira sukaldeko langileak. Sukalde barruko estresa ikaragarria da, eta hori aguantatzeko abilezia ederra dute. Urtean zehar sukaldean ibiltzeak meritu handia du, eta orain, Aste Nagusian hartzen dugun tamainarekin, are handiagoa. Lan giro ona da egunero milaka ogitarteko saltzeko giltza.
Tortilla saltzen da gehien, ezta?
ORUBE: Bai, dudarik gabe. Baina txibiena ere asko ateratzen da. Batzuetan honek Madril txikia dirudi, hainbeste txibia ogitartekorekin.
Eskari bat egin eta atzetik dator zuen «bat gehigo» famatua. Marka sortu duzue...
ORUBE: Parrandan nabilenean ere, jendeak «tortilla txaka bat gehigo» oihukatzen dit. Gure marka moduan geratu da.
34 urte daramatzazu Danena tabernan lanean. Nola aldatu da Aste Nagusia hasi zinenetik?
NAZABAL: Berdintsua da dena, ez da asko aldatu. Jendearen plana lehengoa da: egunez giroan murgildu, eta gauez suak ikusi. Gero, batzuek zezensuzkoa aukeratzen dute, eta besteek kontzertuak, baina denak mozkortzen dira azkenean. Donostiako Aste Nagusiaren muina da hori, eta berdina da orain duela 34 edo 40 urterekin konparatuta.
Aste Nagusia, zuentzat, lanerako garaia besterik ez da?
NAZABAL: Hori da, guretzat egun hauetan dena lana da. Baditugu momentuak, txarangak edo erraldoiak gure kaletik pasatzen direnean, baina, gainerakoan, lanean ematen ditugu eguneko ordu guztiak.
ORUBE: Gure ondoan giroa sortzen denean eskertzekoa da, errutinatik pixka bat atera gaitezkeelako. Irribarre eginarazten digu horrek, eta lanean jarraitzeko gogoa ere ematen digu. Gainera, euskal giroa sustatzeko balio duten gauzak izaten dira, eta hori guretzat oso garrantzitsua da.
Lanetik kanpo disfrutatzeko momenturik ba al dago?
ORUBE: Guk igandean, Irrikitaldia denean, lehenago ixten dugu, eta langile guztiak elkarrekin afaltzera joaten gara. Hori da gure momentua.
NAZABAL: Lehen, langile guztiak barraketara joaten ginen egun batean, eta joko batean eta bestean txapelketak egiten genituen gure artean. Baina orain ja ez dugu horrelakorik egiten.
Beraz, parranda... ezta pentsatu ere, ezta?
NAZABAL: Nik ez, baina langile gazteren batek egiten ditu ederrak, bai.
ORUBE: Niri orain ajeak pare bat egun irauten dit; beraz, ez.
Gogotsu hartzen dituzue jaiak?
NAZABAL: Pasatzeko gogoz. Badakigu beti hor egongo direla; beraz, etor daitezela, eta ahalik eta ondoena pasatu. Garrantzitsuena, guretzat, inork minik ez hartzea da, oso-oso bizkor egiten baitugu lan.
ORUBE: Guk gogotsu hartzen dugu Aste Nagusia. Uda hasten denean hasten zara horretan pentsatzen, eta gero, iristean, azkar pasatzen da. Neketsua da, baina animoarekin hartzen dugu.
Atzerritar asko edukitzen dituzue Aste Nagusian?
ORUBE: Ez dira asko biltzen, nik uste izutu egiten direla. Halere, lehen baino gehiago daude.
NAZABAL: Ilara handiak ikusten dituzte, eta hortik kanpo geratzen dira. Oporretan ilara egitea? Ni behintzat ez nintzateke prest egongo. Hemengoek, berriz, badakite eskatutakoa eskuetan izango dutela bost edo hamar minuturen buruan, ilaran egon arren.
Hizkuntzak jakitea beharrezkoa da zuen tabernetan?
NAZABAL: Nik euskara da eskatzen dudan hizkuntza bakarra. Eta ez dakienak gutxienez tabernako hizkera ikas dezala.
ORUBE: Euskaldunekin egiten dugu lan bereziki; beraz, ezinbestekoa da barran dagoenak euskaraz jakitea. Batzuetan badirudi oasi moduko batean gaudela, hemen euskara entzuten delako.
Esterlines plazak elkartzen zaituzte, eta batez ere usoek, ezta?
NAZABAL: Plaza hau dena da guretzat. Hori gabe ez genuke aurrera jarraituko. Usoak dira hemengo gauza txar bakarra.
ORUBE: Niretzat, Parte Zaharreko plazarik onena hau da. Mantendu egiten da, ez da besteak bezala: kanpotarrentzat eginda daude.
LOTSABAKO
Artillero bazina, zeri emango zenioke su? NAZABAL: Erre ez, usoak kanporatuko nituzke. ORUBE: Eguraldi txarrari.
Tortilla tipularekin ala gabe? NAZABAL ETA ORUBE: Biak.