Landare beretik hainbat te

Hektarea bateko pentze batean ekoizten du tea Mikel Esclamadonek. 2020an lehen te arbolak landatuz gero, urtero hogei kilogramoko uzta ateratzen du. Te berdea eta beltza ekoizten ditu nagusiki.

Ilgora teak, Uztaritzen. NAHIA GARAT
Ilgora teak, Uztaritzen. NAHIA GARAT
Xalbat Alzugaray
Uztaritze
2026ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Berdea, beltza, zuria, urdina, ketua edo matcha motakoa izan daiteke tea. Mota bakoitza landare desberdin bati lotu ohi du jendeak, baina ez da hala. Mikel Esclamadon te egileak jendeari «behin eta berriz» ezeztatu behar izaten dio uste faltsu hori. Ilgora teak ekoizten ditu Uztaritzen (Lapurdi), eta hektarea bateko te landareen ondoan nabarmendu du berak ere «berriki» ikasi duela te mota bakoitza ez dela landare mota bati lotua. 

Txinako kamelia landareak sortzen du jendeak edan ohi duen tea. Hektarea bateko lur eremua du Esclamadonek Baionatik hurbil, urbanizazioa jaten ari den eremu berde horien artean, oasi bat bezala kokaturik. Pentze zolan ditu lehen-lehenik landatu zituen te arbolak. Lur azidoa, hezea eta haizetik babestua maite ditu metro erdiko landare asiar horrek. Frantziako Tarn departamenduko hazitegi batetik ekarrarazi zituen lehen landareak, eta horiekin harreman «berezia» duela kontatu du: «Hemen landatu nituen 2020an nire lehen te arbolak, eta geroztik bizirik diraute. Bereziak dira niretzat, lurra ukan bezain fite landatu nituen lehenak baitira».

Gainetik arrasean moztu berri ditu zuhaixka berdeak. «Hibernazioan» sartu berri dira landareak, baina, berez, primaderan ateratzen diren kimu berde eta bigunak biltzen dira tea egiteko. Martxotik ekainera bitarte «etengabe» aritzen da Esclamadon landare biltzen, azafraiaren hazkuntzan bezalaxe, xinaurri lanean, bakoitza eskuz bilduz. «Eskuz biltzen ditut kimu berdeak, arbolaz arbola ibiliz. Bilketa lan handia da, eta pazientzia handia eskatzen du: 12.000 hosto behar dira kilogramo bat te egiteko, eta urtean guti gorabehera 20 kilogramo te egiten dut».

(ID_15701409) (Nahia GARAT) Ilgora, euskal te ekoizpen eta gama : Mikel Esclamadon, 2021.01
Mikel Esclamadonen te landa, Uztaritzen. NAHIA GARAT

Bilketa egin ondotik, te berdea egiteko hostoak wokean ematen ditu Esclamadonek, berrehun gradu inguruko torrefakzio antzeko zerbait gauzatuz. Hori egin, eta hostoak biribildu eta idortu behar dira, hezetasunarekin eta tenperaturarekin «jostatuz». Laborari eta kimikari lana uztartu behar da, beraz, emaitza ona ateratzeko.

«Fite» doa te berdea ukaiteko prozesua, baina te beltzak oxidazio handiagoa eskatzen du. Banbuzko mahai batzuetan ematen dira hostoak, hamabortz orenez, eta, horiek biribildu ondoan, zimurtze fasean sartu behar dira bi egunez, naturalki oxidatzen utzi behar baitira. Azkenik, heldu da idortze fasea: labe batean sartzen dira hostoak, 25 gradutan, guti gorabehera sei orenez.

«Lasai» edateko edaria

Tea ekoizteko tailerra pentzetik urrunago du Esclamadonek, baina te berdea dastatzeko parada eskaini du landa erdiko etxola berdeko terrazatxoan. Dastaketarako aholkuak argiki eman ditu: ura ez da irakinarazi behar, eta te berdea hiru minutuz utzi behar da uretan, ez gutiago, ezta gehiago ere. Hain zuzen, ur beroa lurrezko teontzian sartu, eta denbora pasaturik jo du haren ordulariak. Kolore berdeko edaria kikara ttipietan eman ondotik, ahora eraman du, eta, arnoa dastatzen den bezalaxe, hurrupa ttipi bat egin du.

Gustu arina du Esclamadonen teak, supermerkatuetan atzeman daitekeena baino «anitzez» arinagoa. «Te industrialek gustu azkarra dute, ekoizpen prozesua artifizialagoa delako, azken finean». Ingelesek sartu zuten tea edateko ohitura Europan. Kolonietan ekoizten zen te azkarraren gustua leuntzeko, esne pixka bat eman ohi diote: hortik zuzenean heldu da tea hartzeko tea time deitu arratsaldetako ohitura.

(ID_15701407) (Nahia GARAT) Ilgora, euskal te ekoizpen eta gama : Mikel Esclamadon, 2021.01
Mikel Esclamadon, Uztaritzen. NAHIA GARAT

Tearen zeremoniarik ez du egiten ekoizle uztariztarrak, baina nabarmendu du «lasaiki» edateko edaria izan beharko lukeela. «Usatuak gara te poltsatxoa urean eman eta berehala botatzera, baina egiazko tea bi edo hiru aldiz erabil daiteke arazorik gabe». Eta hala egin du, lehen teontzia hustu bezain laster, bigarren aldiz ureztatu ditu hostoak, ur kantitate murritz batean, denbora hartuz eta, funtsean, gizarteak inposatzen duen erritmoaren kontra. «Denbora baduzu?», galdegin dio kazetariari, eta erantzuna dena delakoa izanik ere, bigarren ur kaxa prest du. «Nik bi edo hiru aldiz erabiltzen ditut hosto berak, eta ur kantitate ttipi batean ematen ditut. Ez gara behartuak ingelesak bezala bol handiak erabiltzera tea edateko».

Kafea bezala, «merke eta fite» edateko edaria izan da tea, eta hori iraultzeko lanean segituko duela azpimarratu du, merkatuek eta zuzeneko salmentak bezeroarekin harremanetan izateko parada ematen baitiote. «Garrantzitsua da esplikatzea jendeari nolako tea ekoizten dugun. Nik ekoizten dudan tea ez da fite edaten dena. Arnoa bezala, funtsean, gutiago edan behar da, baina kalitate handiagokoa». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.