Lanzko inauterien giroaz blai

Miel Otxin, Ziripot, Zaldiko eta txatxoak atera dira kalejiran, nahiz eta egun euritsua izan. Zortzikoa dantzatu dute Lantzen, eta gauean Miel Otxin sutan erreko dute.

Lanzko inauterien kalejiran ateratzen diren txatxoak. IÑIGO URIZ / FOKU
Lanzko inauterien kalejiran ateratzen diren txatxoak. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Lantz
2026ko otsailaren 17a
17:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbat eta gehiago hurbildu Lantzera (Nafarroa), orduan eta beltzagoa da zerua estaltzen duen hodeia. Eguzkia hodeien atzean omen dago, baina gutxitan erakutsi du bere aurpegia Lanzko inauterietan. Ez du inporta: Miel Otxinek, Ziripotek, txatxoek eta Zaldikok euri tanten artean hartu dituzte herriko kaleak. Hiru egunez ospatu dituzte inauteriak Lantzen, baina gaur da egunik handiena. Arratsaldean, urteroko herriko kalejira egin eta gero, Miel Otxin sutan erreko dute, eta zortzikoaren doinuarekin agurtuko dituzte inauteriak datorren urtera arte.

Goiztiarrenek herritik gertu aparkatzea lortu dute; gainerakoek errepidetik ibili behar izan dute herrira iritsi arte. Ez da arazoa izan umeentzat: txatxoen txano koloretsuak eta erratzak eskuan izanik, bata bestearen atzetik ibili dira herriko plazara iritsi arte, arnasestuka. Bertan muntatu du Carlos Mariñelarenak bere postua goizean goiz. Mendian lortzen dituen makilak apaindu eta diseinatzen ditu, eta batzuetan hamazazpi koloretako zintak ere erabiltzen ditu, egurraren kolorea moldatzeko. «Ezetz asmatu zenbat ordu behar ditudan makila hura egiteko?», galdetu dio adi entzuten ari zen Mikel Aristi gazteari. 50 ordu behar izan ditu Mariñelarenak lupa batekin egurreko gainazal argia emeki erretzeko: «Mila proba egiten ditut, eta beti teknika hobetuz joan behar dut. Kolore guztietako makilak ditut». Umeak argi du zein makila nahi duen: Osasunaren koloreak dituena. Ama konbentzitzen saiatu da: «Nire makila oso zaharra da, eta ez du zaratarik egiten!», baina, alferrik. Makila zaharrarekin jarraitu beharko du.

Euritakoen dantza

Euriak eskulangilearen makilak busti ditu, eta, tantetatik babesteko, herriko ostatuan aurkitu dute babeslekua askok. Maddi Uhartek «salda badago» kartela irakurri bezain pronto eskuak igurtzi ditu. Kanpoko hotzari plastikozko baso beroarekin egin dio aurre: «Nire lehendabiziko aldia da Lantzen, eta ez nuen hainbeste jende espero», onartu du Uhartek. Nafarroako inauteriak ezagutzea da bere aurtengo helburua, eta, Lantzen egon aurretik, Iturengo ospakizunak ere ezagutu ditu. Bien bitartean, ilara luze bat eratu da ostatuaren atarian, euripean; Uhartek salda beroa hartu, eta esan du errekarantz abiatuko dela: «Ez ditut hemengo herritarrak trabatu nahi».

Zirimiriak bisitarien berokiak ukitu bezain pronto atera dira euritakoak. Ilara luze horretan, euritako txikiekin jolasten dira umeak, eta Alaitzek bere tronpeta koloretsua erabili du lokartuta zegoen ahizpa esnatzeko: negarren artean ireki ditu bere begi txikiak. Ilarari begira zeuden Alaitz Gabiltado eta Eneko Arzuaga, eraikinaren azpian aterpetuta. «Herritarrak nola antolatzen diren ikusi nahi dugu, nola den posible horrelako inauteriak antolatzea», aipatu du Arzuagak. Hiru egunen atzean herritarren antolakuntza dagoela argitu du Isabel Baleztena herriko alkateak: «Dena gure artean kudeatzen dugu, baliabiderik ez dugulako». Ostatuaren aurrean sortutako ilara ikusita, eskua kopetara eraman du: «Gero eta zailagoa da herriko jaien eta zerbait turistikoaren arteko oreka aurkitzea».

Jendea ostatuko ganbaran, Lantzeko inauterietan. IÑIGO URIZ / FOKU
Jendea ostatuko ganbaran, Lanzko inauterietan. IÑIGO URIZ / FOKU

Gutxi batzuek ostatuko lehen solairura igotzeko aukera izan dute. Herritarrek bertan dantzatzen dute zortzikoa urtero. Abiadura geroz eta handiagoa hartu dute musikariek, eta dantzariak geroz eta azkarrago mugitu behar dira; behe solairuko habeek dar-dar egin dute dantzarien jauziekin, eta txaloen oihartzuna entzun da kaletik dantza amaitu dutenean. Gero, sabaira igo dira herritarrak, txatxoen mozorroa janzteko prest; atorra koloretsua, zapi zuria aurpegian eta punta zorrotzeko txanoa. Asier Martikorenak urtero janzten dituen arropak dira horiek. Txikia zenetik hasi zen herriko ohituran parte hartzen, eta gaur ostatuko atetik oihuka eta korrika atera da, sardea eskuan: «Dibertigarriena jendearen atzetik ibiltzea da, pixka bat beldurtzea».

Laino ilunak herri gainean jarraitu arren, atertu du eguerdian. Eguzkiaren izpi batzuk ere agertu dira. «Baina zer da hau? Eguzkia?», galdetu du batek, irribarretsu. Euririk ez, baina lastoa bai, erori da zerutik, edo behintzat, ostatuko leihotik. Santa Kruz kaleko 35.etik atera dira zakuekin estalitako arotzak, eta ostatuari begira daudenak beldurtu dituzte. Azkenean ireki da ostatuko atea: txatxoak oihuka atera dira, eskuan erratzak eta sardeak hartuta, eta horien atzetik Zaldiko, Ziripot eta Miel Otxin erraldoia. Mikel Oses korrika atera da parkerantz, zabu borobilean babesleku bat aurkitzeko asmoz, baina alferrik izan da. Atzetik bi txatxo abiatu dira, eta zabuan igo dira, umearekin. Irrien artean kontatu dio gertatutakoa aitari: «Nirekin igo dira, eta makilarekin ipurdian eman didate!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.