Laranjaz jantzi dute Zuberoa eta Baxenabarre arteko muga

Pagolara arribatu da Euskarabentura. Asteazkenean abiatu zen Atharratzetik, eta, Maule iraganik, Baxenabarreko mugan daude 'jzioquitarrak'. Lehen etapak errazki eta giro onean egin dituztela adierazi dute antolatzaileek.

Euskarabenturako parte hartzaileak, Mauletik abiatzen. MADDI GOIKOETXEA
Euskarabenturako parte hartzaileak, Mauletik abiatzen. MADDI GOIKOETXEA
Xalbat Alzugaray
Pagola
2026ko uztailaren 3a
16:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pagolara heltzean (Baxenabarre) puntu laranja franko ageri dira herrira sartzeko bidetik. Hurbildu ahala, Euskarabenturako kide guziak plazan direla ikus daiteke. Laranjak —jzioquitarrak— urdinekin —xerpak— luzaketak egiten ari dira, bertze xerpa batzuk pausatzen ari diren bizkitartean frontoi bazterreko bankuan. Haiei begira da, zutik eta eskuak gerrian, aspaldiko laguntzaile bat: Popol Boscq. Txapel xuria du soinean, eguzki izpi ahalkeei aitzin egiteko gisan. Atharratzetik (Zuberoa) abiatu zen Euskarabentura herenegun, eta hirugarren eguna du gaur; Zuberoaren eta Nafarroa Beherearen arteko mugan egin dute pausa, Pagolan. Ondotik, Larzabalera (Baxenabarre) joanen dira jzioquitarrak, eta Baigorri aldetik Nafarroara sartuko dira heldu diren egunetan.

Errazki egin dute Mauletik Pagolarainoko bidea, Boscqen erranetan. Gazteak «biziki motibatuak» ikusi ditu, eta oro har «erritmo biziki onean» aitzinatu dira. «Eguerdi erdirako oro hemen ziren; goxoki ibiltzeko erran nien Maulen, eta denak ontsa heldu dira». Zortzigarren aldikotz laguntzen du espedizioa Boscqek, eta hastapeneko alditik aldea sumatzen duela nabarmendu du. «Orain Euskarabenturan parte hartzen duten gazteek badakite zer den. Hastetik sinetsi dut proiektuan, eta hortakotz lagundu dut».

Ibilbidea trazatu izan du Boscqek lehen urteetarik, eta urtez urte hori findu du antolatzaileekin batean. «Oro lapar eta bide txarretarik pasatu ginen lehen urtean, baina bigarren urtetik aitzina gauzak lasaitu dira, eta beste bideetarik pasatzen hasi ginen. Niri etapak presentatzen dizkidate, eta etapen arteko bidea marrazten diet urte guziz». Pagolarako bidea biziki ontsa hasi da Garazi Hurtado Prieto espedizioko koordinatzailearendako ere. Lehen egunetik gazteak «oso motibatuak» ikusi ditu berak ere, eta bidea hasi bezain laster denak kantuan eta giro onean ibili direla kontatu du. Hastapeneko kilometroak gogorrak izan ohi dira, partaide gehienak ez direlako ohituak egunero mendi etapak egitera, baina espero baino hobeki atzeman ditu.

Elkarren arteko trukea

Bazkaldu ondoan, animazioak antolatu ohi dituzte gelditzen diren herrietan. Horrez gain, arratsaldero espedizio kanpotik etorri animatzaile batzuk hitzaldiak eta tailerrak proposatzen dituzte. Oztibarreko Basandereak joaldun taldea eta Pagolako maskaradetako gazteak izan dituzte egun. «Arratsaldetako jarduerekin saiatzen gara Euskal Herri luze zabaleko errealitateak ezagutarazten, eta etapak egiten ditugun herri inguruetako dinamikak ezagutarazten». Izan ere, atzo Gaia elkartea Maulera jin zitzaien herri jokoak proposatzera, eta, Hurtadok erran duenez, parada baliatu dute lehen harremanak sortzeko, lotsak «erauzteko». «Jolas herrikoien ondoren, kide guztiek elkar ezagutzeko aukera izan zuten. Tentsioak eta lotsak ezabatzeko aukera izan zen. Hortik aurrera aldea ikusi dut harremanetan, dena lasaitu baita».

(ID_17830879971225) Euskarabentura Pagola
Euskarabenturako parte hartzaileak luzaketak egiten, Pagolako plazan. JOANES BASURTO

Taldeko kideekin pentsatu baino errazago sortu ditu harremanak Katixa Arranbide jzioquitarrak. Espedizioan dagoen talde dinamika eskertu du, eta horrek eroso sentiarazi duela zehaztu. Iker Iturriotzi, berriz, gehiago kostatzen zaio bertzeekin harremanetan sartzea, baina kontent agertu da lehen etapaz. «Bidea ondo egin dugu, giro onean. Ezagutzen ez nituen paisaia batzuk ezagutu ditut, eta oso interesgarria ari da izaten niretzat».

Hari beretik segitu du Arranbidek. Espedizioak Euskal Herriko txokoak eta jendea ezagutzeko parada emanen diola gehitu du: harendako Euskarabenturaren funtsa horretan datza. «Parte hartu zuten lagunek erran zidaten biziki ontsa zela. Beharrezkoa da gazteok ere euskara atxiki dezagun, eta batez ere gure artean truka dezagun Euskal Herrian ditugun errealitateak ezagutzeko, nolazpait elkarrekin partekatzeko». Errate baterako, Iturriotzek ez zituen Ipar Euskal Herriko herriak ezagutzen, eta lehen etapan begiak irekirik egon da, bazterrei so. «Iparraldeko herri hauek ez nituen ezagutzen, eta hemen egonda konturatu naiz beste arkitektura eta inguru kultural bat ezagutu ditudala».

«Bazkaltzera! Gaurko menuan, marmitakoa eta kroketak!», oihukatu du xerpa batek mikrofonotik. Lasterka joan dira bi laranjak, eta bazkaria zerbitzatzeko lerroan kokatu dira parte hartzaile laranjak eta urdinak. Zalikada bat marmitako plater batean, eta bertzean lauzpabortz kroketa entsalada puxka batekin. Eguzkitan jarri dira denak goizean metatu gosea asetzeko, arratsaldeko animazioen zain. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA