Euskarabenturako xerpa

Maddi Egiguren: «Ipar Euskal Herriko kideak beharrezkoak dira erakusteko zazpi probintziaz osatu herri bat garela»

Aurtengo Euskarabenturako xerpetarik bat da Maddi Egiguren. Urduri hasi du espedizioa, baina azpimarratu du harreman politak sortzen ari direla jadanik. Bertzalde, mugak hausteko tresna egokitzat jo du espedizioa.

Maddi Egiguren, Euskarabenturaren lehen egunean, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ
Maddi Egiguren, Euskarabenturaren lehen egunean, Atharratzen. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
Pagola
2026ko uztailaren 3a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asteazkenean hasi zen Euskarabentura, Atharratzen (Zuberoa), eta jzioquitarrez bete autobus batean arribatu zen Maddi Egiguren (Hendaia, Lapurdi, 2006) bertara. 2023ko espedizioan jzioquitar gisa parte hartu zuen, baina oraingo honetan xerpa da, hots, gazte talde baten arduraduna. Euskarabentura Nafarroa Behereko mugan dago orain, eta Baigorritik (Baxenabarre) Nafarroako bidea hartuko du ondoko orenetan, uztailaren 21ean Lapurdin izateko xedez; bidea hilabete hondarrean bukatuko du, Bizkaiko kostaldean.

Zuberoan hasi, eta Nafarroa Behereko mugan da orain Euskarabentura. Nolakoa izan da espedizio hastapen hau?

Hastapenera ailegatzeko bidaia urduritasunez betea izan zen xerpentzat eta jzioquitarrentzat. Oraintxe bertan Zuberoan gaude, eta egia da esperientzia bizitzeko gogoz gaudela eta gazteak motibatuak direla; abentura bizitzeko motibazio handia dute.

Jzioquitarra izan zinen 2023ko aldian. Nola daramazu talde baten arduradun izatea?

Egia da esperientzia desberdina dela, baina oso aberasgarria izaten ari da, eta aukera ematen du Euskarabentura beste ikuspuntu batetik bizitzeko eta ikusteko. Talde baten arduraduna izateak ardura aski handia dakar, pentsatu eta prestatu beharreko hainbat gauza baitituzu buruan. Aldi berean, polita da taldearen bidelaguna izatea eta laguntza bat izatea haiek aurrera egin dezaten.

Ipar Euskal Herriko parte hartzaileen kopurua egonkortu da azken urteetan. Nola ikusten dituzu Iparraldeko parte hartzaileak? 

Oso motibatuak ikusten ditut, eta uste dut aukera paregabea dela espedizioa Zuberoatik hastea, haiek etxetik hurbil sentitzen baitira, nolazpaiteko eremu eroso batean-edo. Uste dut harremanak sortzeko ez dutela zailtasun handirik. Hasieran denek ditugu lotsak eta beldurrak, baina, egunak aurrera joan ahala, arazorik gabe batzen dira denak, eta harremanak sortzen dituzte.

«Hasieran denek ditugu lotsak eta beldurrak, baina, egunak aurrera joan ahala, arazorik gabe batzen dira denak, eta harremanak sortzen dituzte»

Muga administratibo batek zeharkatzen du Euskal Herria. Atharratzen, Iparraldeko batek galdera hau pausatu zuen joko baten: «Ileak laxoak ditu?» eta ezagun zen bertzeek ez zutela deus ulertu. Ulermen zailtasunak badira?
Ulermen zailtasunak askotan ikusten dira espedizioan, baina aberastasun gisa hartzen ditut nik; alde horretatik ez dut dudarik. Izan ere, beste euskalki eta esamolde batzuk entzuteak eta hitz egiteak are gehiago zabaltzen du Euskarabenturaren kontzeptua, eta, ondorioz, Euskal Herriaren kontzeptua ere bai.
 
Beraz, Euskarabentura mugak hausteko tresna bat izan daiteke? 

Mugak hausteko tresna guztiz egokia da. Hegoaldekoei Iparraldeaz jabetzeko aukera ematen die, eta, alderantziz, Iparraldekoei, Hegoaldean barna ibiltzekoa, ohartu daitezen non bizi garen eta ikus dezaten zeharkatzen dugun lurralde bakoitzak bere errealitate propioa duela.

Ipar Euskal Herriko kideek zer ekarpen egin diezaiokete espedizioari?

Euskarabenturaz ari garelarik, Euskal Herri osoaz ari gara, eta nazio batez mintzo gara. Ipar Euskal Herriko kideak funtsezkoak eta beharrezkoak dira Euskal Herria osoki adierazteko tenorean, erakusteko zazpi probintziaz osatu herri bat garela. Hori gabe, nekez egin daiteke Euskarabentura.

«Beste euskalki eta esamolde batzuk entzuteak eta hitz egiteak are gehiago zabaltzen du Euskarabenturaren kontzeptua, eta, ondorioz, Euskal Herriaren kontzeptua ere bai»

Kezkarik bazenuen aurtengo aldia abiatu baino lehen?

Kezka baino gehiago, urduritasuna nabaritzen nuen. Askotan, nahi gabean pentsatzen hasten nintzen ea nire lana ongi egingo nuen, baina urduritasuna apaltzen ari zait espedizioa aitzina doan heinean.

Zergatik deliberatu zenuen espedizioan parte hartzea?

Bernat Etxepare lizeoko ikasle izan nintzen, eta espedizioaren aurkezpen bat egin ziguten han; gainera, banituen espediziora joanak ziren lagun batzuk. Ondotik, sare sozialetan hainbat bideo eta argazki ikusita, pentsatu nuen euskaraz osoki bizitzeko esperientzia ederra zela, eta parte hartu behar nuela.

Animatzaile eta laguntzaileen arteko giroa ona dea?

Oso ona da, elkar laguntzeko eta elkar entzuteko prest gaude beti. Talde baten parte garen heinean, lanean aurrera egiteko eta motibazioz segitzeko ezinbesteko elementua da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA