Kirolariek hartuta dago kioskoaren inguruko esparrua Bilboko Areatzan. Berotze eta luzatze ariketak egiten ari dira gehienak; beste batzuk dortsala hartzeko edo motxilak eta bestelakoak uzteko zain daude, antolatzaileek horretarako propio prestaturiko postuetan. Ordu erdi inguru falta da Lasterka Askatasunera izeneko kirol proba hasteko, eta, azkenean eguraldiak lagundu egingo duela ikusita, pozik eta umoretsu daude lasterkariak.
Lasterka Askatasunera antolatzen duten hirugarren aldia da aurtengoa. Lasterkariak adin guztietakoak dira, baina gazteek antolatutako ekinbidea da, eta gazteak dira parte hartzaile gehienak. Joana Barañano Algortatik etorri da (Getxo, Bizkaia), eta aurreko bi aldietan ere parte hartu zuen: «Ekinbide polita iruditzen zait gazteok elkartzeko eta beste aisialdi mota batez disfrutatzeko. Aurrekoetan oso ondo pasatu nuen, eta berriro etorri naiz».
Hirurehun bat lagunek eman dute izena hamar kilometroko ibilbidea egiteko. Beste 60k nahiago izan dute gauzak patxada handiagoz hartu, eta bost kilometroko martxan hartuko dute parte. Gehien-gehienek antolatzaileek banatutako elastiko zuriak daramatzate soinean, baina euskal selekzioaren elastikoak eta Palestinakoak ere ez dira gutxi.Â

Lasterraldia hasi arteko tartea taldekako argazkiak egiten eman dute askok; horretarako lekurik kuttunenak dira abiagunean ezarrita dauden ikurrina eta Nafarroako bandera, eta helmuga adierazten duen BERRIAren puzgarria. Lasterketa askotan zailduta egotearen itxura dute korrikalari askok; beste batzuek, ordea, nabari dute lortu beharreko marka ez zaiela askorik axola.Â
Ekinbidearen izenak iradokitzen duen moduan, askatasuna dute probaren helmuga, eta hara azkarrago iristeko egiten dute korrika: «Duela hiru urte hasi ginen honetan, independentziaren aldeko aldarria gazteen artean zabaltzeko, eta sistema kapitalistak sustatzen duen aisialdi eredutik ateratzeko», azaldu du antolakuntza taldeko Arrate Llorentek. «Oso giro polita sortu da goiz-goizetik, eta pozik gaude emaitzarekin».
Kaleak itxi beharra
10:00etan hastekoa zen lasterketa, baina apur bat atzeratu behar izan dute abiatzeko unea, udaltzainek udaletxe inguruko kaleak itxi bitartean. Elkar besarkatuz, elkarri adore emanez eta salto txikiak eginez baretu dute korrikalariek hasi arteko itxaronaldiaren urduritasuna.Â
Azkenean iritsi da abiatzeko agindua: Maite Sarasola bertsolariaren parte hartzearen eta alboka doinuen ostean, txapliguak Bilboko zerua zeharkatu eta eztanda egitearekin batera arrapaladan irten dira lasterkariak.
Itsasadarraren eskuineko aldetik joan dira kirolariak Deusturaino. Han, Euskalduna zubia zeharkatu, itsasadarraren beste aldera igaro, eta ezkerreko bidetik itzuli dira, berriro ere Areatzan amaitzeko. Ordubetegarrenera, iritsiak ziren lasterkari gehienak. Musika, azoka eta mokadu bat hartzeko aukera zuten zain.