Sanferminak Iruñean. Bigarren entzierroa

Lehen adarkatua

Cebada Gago ganadutegiko sei zezenetatik batek bakarrik egin du ibilbide gehiena, eta gazte australiar bati adarra sartu dio plazanEntzierroa bizia eta arriskutsua izan da, eta zortzi lagun eraman dituzte erietxeetara

Telefonicako bihurgunean abidura bizian joan ziren zezenak, bi taldetan zatituta. LANDER FERNANDEZ DE ARROYABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Dardara eta, maiz, izua eragin zuten Jose Cebada Gago ganadutegiko zezenek atzo. Entzierro bizia eta zirraragarria egin zuten sei adardunek, eta sakabanatuta iritsi ziren plazara. Lasterketak erritmo bizia izan zuen, baina hiru minutu eta hamar segundo iraun zuen, Mercaderes kalearen hasieran Esquillo zezen gorria atzean gelditu, eta plazan gazte bat adarkatu zuelako.

Mende laurdena baino gehiago daramate Cebada Gago ganadutegiko adardunek sanferminetako entzierroak korritzen. Cadizkoak dira (Espainia), eta azkarrak eta arriskutsuak izateko ospea dute. Sanferminetan lasterka egin duten gehienetan, adarkadak izaten dira, eta atzo ere halaxe izan zen. Gaseko eskortatik ziztu bizian atera zen zezen saldoa, eta gogoz igo zuen Santo Domingoko aldapa. Berehala, joaldunei aurrea hartuz, zezen beltz batek erritmoa bizitu zuen; horrek lehen erorikoak eragin zituen aldapan. Udaletxe plazara iristean, beste bi zezen gehitu zitzaizkion buruan zihoanari, eta lasterkari bat aurrean eraman zuten.

Taldea luze-luze eginda baina elkarturik iritsi zen Mercaderes kalera. Kale horren hasieran, baina, Esquillo zezen gorrixka erori egin zen. Taldeak atzean utzi zuen, eta, harrezkero, bidea bakarrik egin zuen.

Gainontzeko bost zezen beltzek eta joaldunak indarrez hartu zuten Mercadereseko bihurgunea. Aurrean zihoazen adardunek hesia jo ondoren, taldea erabat luzatu zen Estafetan, eta bitan zatitu. Aurrean, bi zezen beltz eta joaldun bi joan ziren; atzetik, beste hiru zezen ilun eta gainerako joaldunak. Buruan zihoazenek oso erritmo bizia zeramaten, eta lasterketa politak egin zituzten korrikalariek. Baina, era berean, arriskua orpoz orpo sentitu zuten, eta gazte bati adarkada arin bat eman zioten Estafetan. Halako abailan zihoazenez, asko erori egin ziren, eta hankapean hartu ere bai. Zezen plazara bitan banatuta iritsi zen taldea, baina, ustekaberik gabe, ukuilura sartu ziren adardunak.

Kaskarina eta 'Esquillo'

Izua atzetik bakarrik heldu zen azken zezenak eragin zuen. Esquillo, 555 kiloko zezen gorria, bakarrik sartu zen zezen plazara. Lasterkari gehienak, haizemaile baten moduan, zezen plazako hesietara hurbildu ziren, unaiak kapotearekin zezena ukuiluan sartzen saiatzen ari zirela. Baina, hara non, gazte kaskarin eta burugabe bat deika hasi zitzazion zezen gorriari. Adarduna itzuli egin zen, eta ekin egin zion: gaztea lurrera bota, eta adarra sartu zion. Eskerrak unaiak han zirela. Kapotearen laguntzaz, zezenaren arreta erakarri zuten, eta ukuilura bideratu. Gaztea, 24 urteko australiar bat, hasieran plazako erizaindegian artatu zuten, eta gero ospitalera eraman zuten. Eskuineko izterraren barrualdean sartu zion adarra zezenak, safena zainean. Ebakuntza egin zioten ospitalean, eta, larri dagoen arren, arriskutik kanpo dago.

Beste zazpi pertsona ere eraman zituzten ospitaleetara. Tartean, 21 urteko estatubatuar bat: adarrarekin eskuin hankan sastatu zuen zezen batek, Estafeta kalean. Beste sei zaurituetatik hiru aurpegian kolpeak hartuta eraman zituzten: S.R.R, 21 urteko estatubatuarra; E.B., 21 urteko britainiarra; eta J.L., 25 urteko australiarra. Beste bi korrikalari —M.M., 23 urteko italiarra eta R.C.S. 35 urteko nafarra— gerrialdean min hartuta zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.