Ibilaldiaren biharamunean, klaserik ez dago Bilboko Kirikiño ikastolan, baina lan eguna da berdin-berdin. Festaren azken hondarrak erretiratzen ari dira-eta, inguruak atontzen. Halako ekitaldi bat antolatzeak eskatzen duen lan eskerga suma daiteke auzolanera batu diren dozenaka boluntarioei erreparatuta. Haiek ere argazkian atera daitezela tematu dira Haizea Etxebeste ikastolako lehendakaria (Bilbo, 1983) eta Amaia Galindez zuzendaria (Arrankudiaga, Bizkaia, 1983), «omenaldi» gisa.
Ikusi gehiago
Nola joan zen Ibilaldia?
HAIZEA ETXEBESTE: Oso positiboa izan zen, oso-oso pozik gaude: Txurdinagako kaleak euskaltzalez betetzea zen helburua, eta halaxe izan da. Agertu diren argazkiak itzelak dira, oso-oso politak.
Orain dela lau bat hamarkada, Kirikiñok beste Ibilaldi bat antolatu zuen. Egon da horren transmisiorik?
AMAIA GALINDEZ: Hasiera batean, hainbat ikastola elkartuta antolatzen zen Ibilaldia. Gaur egun antolaketa ikastolaka egiten da, eta Bizkaiko gainerakoek indarrak batzen dituzte horretan laguntzeko. Beraz, hauxe izan da bakardadean —komatxo artean— antolatutako lehena. Baliatu gara orduko jakintzaz, orduko jendea badagoelako, baina nahiko berria izan da denontzat. Eta oso ezberdina. Ze jende askok esan digu ez dutela zerikusirik oraingo auzoak eta ordukoak: Europa parkea burusoila zen, zuhaitzak landatu berri zeuden.
Paisaia ez ezik, hizkuntzaren egoera eta giroa ere aldatu dira azken hamarkadetan, ezta? Gainera, aldarrikatu zenuten Bilbo «leku estrategikoa» dela euskararentzat.
GALINDEZ: Bai, zalantza barik. Lehen bazeuden horren alde egiteko arrazoiak, eta gaur egun ere badaude. Gizarte osoaren indarra behar da.
ETXEBESTE: Atzokoa bultzada bat izan zen zera esateko: «Hemen gaude, eta lanean jarraituko dugu».
Zeintzuk dira ikastolaren erronkak?
ETXEBESTE: Euskara, hizkuntza, euskal kultura eta kalitatezko hezkuntza dira gure oinarrietako batzuk... Eta matrikulazioak ere badira erronka, jaiotza tasa asko erori delako azken urteetan; nabaritzen ari gara inguru honetan ere ez direla hainbeste ume jaiotzen. Proiektu pedagogikoa ezagutarazi behar dugu.
«Zentro guztiek daukagu segregazioari aurre egiteko erantzukizuna, eta denok egiten dugu gure ekarpena»
AMAIA GALINDEZ Kirikiño ikastolako zuzendaria
Jaiotza tasa da kezka nagusiena, beraz?
GALINDEZ: Gurea eta zentro guztiena, esango nuke. Demografia asko aldatu da, eta lehenengo nabaritzen dugunak hezkuntza zentroak gara; gerora beste sektoreetan ere eragina edukiko du. Lehen ez zegoen leku nahikorik ume guztientzat, eta orain kontrakoa gertatzen da. Baina badirudi beherakada jada leuntzen ari dela.
Ibilaldian, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak aipatu zuen nolako garrantzia duen ume atzerritarrei harrera euskaraz egiteak. Kirikiñon nola kudeatzen duzue hori?
GALINDEZ: Zentro guztiek daukagu segregazioari aurre egiteko erantzukizuna, eta denok gure ekarpena egiten dugu modu orekatuan; hori da Hezkuntza Sailetik ere bultzatzen dutena. Eta gurean ere, harrera egiten dugu familiak integratu daitezen zentzu guztietan, haiek ere gure komunitatearen parte direlako; zorionez, erantzun oso positiboak jasotzen ari gara. Aurten, Korrikaren lekukoa Marokotik etorritako ikasle batek eraman du, eta euskaraz egiten du oso-osorik. Bide horretan jarraitu behar dugu.
ETXEBESTE: Horretarako ere, ikastolan hainbat batzorde ditugu; horietako bat da Euskaraz Bizi, eta familia eta langile asko bertan daude. Helburua da ikasgeletako lau paretetatik kanpo ere euskara lasai eta sano erabiltzea, eta urtean ekintza pilo bat egiten dugu. Ikasleak pozik datoz, eta familiak ere bai.
Hori da euskararen erronketako bat: erabilera. Baina Bilbo leku konplikatua da horretarako.
GALINDEZ: Errealitate hori existitzen denez, saiatzen gara aisialdiarekin lotutako arnasguneak sortzen, beste ikastola batzuekin esperientziak konpartitzen ditugu, euskara eremu akademikotik harago eramateko. Kostatzen zaigu, tendentzia bat dago-eta: umeak hazten diren heinean, badirudi gaztelania dela helduen hizkuntza; baina, zorionez, landatzen dugun hazitxo horrek fruituak ematen ditu Batxilergora heltzen direnean.
ETXEBESTE: Horretarako oso garrantzitsuak dira euskal erreferenteak. Saiatzen gara ikastolan musika euskaraz entzuten. Oso txikitatik Zetak, ETS... entzutea, ikustea euskal musikan dagoen aniztasun itzela... Haurrek asko disfrutatzen dute.
lotsabako
Ibilaldian, goizeko giroa edo arratsaldekoa?
ETXEBESTE: Bakoitzak bere xarma dauka. Familian disfrutatzeko, goiza, umeentzako puzgarriak, tailerrak eta abar daudelako.
GALINDEZ: Gero, eguna laburra egiten da.Amets bat?
ETXEBESTE: Bilbo euskalduna ikustea.