Betikoa egitearen garrantzia

Lagun mordo bat batu da Bilboko Santutxu eta Txurdinaga auzoetan Kirikiño ikastolak antolatutako Ibilaldian. Euskararen alde indarrak batzera deitu dute. Datorren urtean Santurtziko Bihotz Gazteak antolatuko du Bizkaiko ikastolen jaia.

Bilboko Kirikiño ikastolako umeak, gaur goizean, Ibilaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Bilboko Kirikiño ikastolako umeak, gaur goizean, Ibilaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko maiatzaren 31
14:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ibilaldiak soinu berezia ipini dio goiz-goizetik Bilboko Santutxu auzoaren domeketako giro lasaiari. Izan ere, festak hartu ditu Kirikiño ikastolako patioak, korridoreak eta inguruak, hedatu da ospakizuna Europa parkera eta Txurdinagako kiroldegira ere. Nahastu egin dira gune bateko txistu soinuak eta urrunagoko txarangarenak, doinuen artean entzun dira orobat haurren algarak eta oihuak buruhandiak bat-batean agertu direnean. Mugitu dira euskaltzaleak: egin dute dantza, jauzi, patxadaz ibili dira txosnetan eta presatuago gune batetik bestera.

Urtero bezala, hain justu. Hori baita Ibilaldiaren arrakasta nagusia: betiko indarrari eustea. «Ospatzeko eguna da, baina baita konpromisoa berritzekoa ere», nabarmendu du Josu Telleria Ibilaldia kultur elkarteko lehendakariak hasierako ekitaldian. «Asko aurreratu dugu, baina badakigu oraindik ez dela nahikoa». Azpimarratu du Kirikiñok ibilbide «oparoa» egin duela «Bilboren bihotzean euskararen transmisioa ziurtatzen eta komunitate sendoa sortzen», eta hiriko lau ikastolek ehundutako sarea balioetsi du: Kirikiñoz gain, Abusu, Harrobia eta Urretxindorra «zutabe ezinbestekoak» dira Bilboren euskalduntzean, Telleriaren irudiko. «Euskarak gaur egun beharrezkoa duen jauzian, Bilbo eta haren ingurua eremu estrategikoak dira, duda barik».

Hirian egindako lana aintzatetsi du orobat Kirikiño ikastolako lehendakari Haizea Etxebestek. «Gaurko hasiera ekitaldi honetako kultur adierazpen guztiak gure ikastolako kideek egin dituzte, hori baita gure benetako altxorra: Txurdinagan, Santutxun, Otxarkoagan, Begoñan, Boluetan eta Bilbo osoan hezkuntza, euskara eta euskal kulturaren aldeko familiak izatea».

«Euskarak gaur egun beharrezkoa duen jauzian, Bilbo eta haren ingurua eremu estrategikoak dira, duda barik»

JOSU TELLERIA Ibilaldia Kultur Elkarteko lehendakaria

Ibilaldi gehiago eta ikastola gehiago izan daitezela eskatu du Telleriak jendez betetako jolastokian, eta Loraldi gehiagoren eta Euskaraldi gehiagoren beharra nabarmendu, besteak beste. «Euskaltzale aktibo gehiago behar ditugu. Bide horretan, inor ezin da bakarrik aritu: indarrak batzeko ordua da». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak ardura konpartituaren garrantzian jarri du arreta, halaber, eta «euskararen etorkizuna instituzioen, eragile sozialen eta, batez ere, herritarren artean eraiki» daitekeela adierazi. Jarraian, ikastolen aurrera begirako erronketako batean sakondu du: harrera. «Ikasle berri bat iristean, norbaitek ‘zatoz gurekin’ esatea, edo ez dakien hitz bat erakustea, edo laguntzea: keinu txikiak dirudite, baina ez dira hala, askotan hor hasten baita sentimendu bat, historia bat. Hizkuntza bat, ikasgai huts izan ordez, adiskidetasun bihurtzen baita, elkarrekin zerbaiten parte izateko modu. Horregatik, zentzua dauka berriro ere hemen egoteak».

Bigarren aldiz

Ia 50 urte daramatzate «hemen». 1978an antolatu zuten aurreneko Ibilaldia, eta handik urte batzuetara egokitu zitzaion lehen aldiz Kirikiñori, orain dela berrogei bat urte. Miguel Angel Gaztelu zuzendari ohi eta irakasle erretiratuak ez du urte hartako oroitzapen askorik, eta, beharbada memoria freskatzeko, buru-belarri ibili da aurtengoa prestatzen, makina bat ikaslerekin, ikasle ohirekin, gurasorekin, irakaslerekin eta ikastolako behargin izandakoekin batera. «Ilusio handiz» agertu da, eta bera ere bat dator: Ibilaldia beharrezkoa da oraindik ere. «Garrantzitsua da erakustea zein den gure hezkuntza proiektua. Jaiotza tasak asko jaisten ari dira, eta lehia dago ikastetxe guztien artean. Azken urteetan, ikastetxe batzuk itxi egin dituzte; guri ez zaigu halakorik gertatu: horren esan nahi du proiektu sendo bat dagoela».

Musika ikuskizun bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Musika ikuskizun bat. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ibilaldiak ere jarraipena izango du: Kirikiñokoek Santurtziko (Bizkaia) Bihotz Gaztea ikastolakoei eman diete lekukoa; santurtziarrek hirugarrenez antolatuko dute festa. «Aukera argia da», esan du Asier Valle ikastolako lehendakariak, gaztelaniaz. «Badakigu ez direla garai onak ikastolentzat, baina noiz izan da garai ona? Orain ere erronka handiei aurre egiten ari gara: jaiotza tasaren beherakada, finantzaketaren etengabeko jaitsiera...». Ekitaldia bukatu denean, bihar bertan lanean hasiko direla ziurtatu du ikastolako DBHko buru Erika Gallegok. «Ibilaldiaren eguna oso hunkigarria eta garrantzitsua da ikastola guztiontzat, eta beti egoten gara eguna heltzeko irrikan».

Joaldunen atzetik desagertu da jende saldoa berehala. Joareen zaratak eta euskaltzaleen martxak xehetasunak gehitu dizkiote giroari, eta agerikoa dena berretsi: berbetan ez ezik, ibiliz ere aldarrikatu daitekeela euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea. Egun osoa izango dute horretarako.

Haur bat, buruz behera, ikastolako jolastokietako batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Haur bat buruz behera, ikastolako jolastokietako batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA