Zientzialari talde batek eritrulosa izeneko azukre mota bat aurkitu berri du, Lurretik 26.000 argi urtera. Masusta gorriek dute azukre mota hori. Ikerketa horretan partaide izan dira Emilio J. Cocinero (Valladolid, Espainia, 1978) eta Aran Insausti EHUko kimikari fisikoak. Aurkikuntza entzutetsua izan da zientzia komunitatean eta oro har gizartean, orain arte ezinezkoa baitzirudien azukrea bezalako osagai mundutar bat espazioan ere egotea.
Azukre zuriaz oso bestelakoa da eritrulosa, baina zer-nolakoa da?
Eritrulosa azukre sinple bat da, lau karbono atomokoa. Monosakarido bat da. Sakarosa, gure sukaldeetan aurki dezakegun azukrea, berriz, disakaridoa da. Beraz, guk deskubritutako azukrea sinpleagoa da. Dena dela, zeharka bada ere, gure sukaldean aurki dezakegu eritrulosa, masusta gorrietan, zehazki.
Zientzia komunitatearen ustez zergatik da garrantzitsua aurkikuntza hau?
Azukrea izarrarteko espazioan detektatu den lehen aldia izan da. Horrek teoria bat indartzen du: espazioan molekula konplexu samarrak sor daitezkeela, baita planeten sorrera aurretik ere.
Lehen izaki bizidunaren sorrera gertuagotik azter dezakegu berri honi esker; hain zuzen ere, oso zaila da estruktura konplexuak sortzea Lurrean, bizirik gabe bai, behintzat. Azukrea, aldi berean, estruktura konplexu horietako bat da; beraz, bizirako garrantzizkoa den azukrea Lurretik at sor zitekeelakoan gaude.
Zuen ekarpena gas faseko errotazio espektroskopioan oinarritu da. Zertan datza hori?
Izarrarteko ingurunean zerbait detektatzean, bi fase igaro behar dira. Batetik, laborategiko lana dago, aldez aurretik molekularen hatz marka ezagutu behar baitugu. Fase horretan aritu gara gu, eta gas faseko errotazio espektroskopioa izan dugu neurketarako tresna. Bestetik, laborategian ezagututako hatz markarekin alderatu behar izaten ditugu astronomoek espazioan behatutako molekulen neurriak, ea bat egiten duten jakiteko.
Garrantzitsua al da azukrea bizia sortzeko garaian?
Lau dira ezinbesteko bioelementuak, hots, bizia sortzeko nahitaezko elementuak: proteinak, monosakaridoak, lipidoak eta azido nukleikoak. Beraz, bai, azukrea oinarri-oinarrizkoa da. Dena dela, erribosa eta desoxirribosa dira ezinbesteko azukre horietako bi, eritrulosa ez bezala.
«Espazioan azukrea aurkitzeari esker, gertuagotik azter dezakegu lehen izaki bizidunaren sorrera»
Molekula hori Lurretik 26.000 argi urtera aurkitu duzue. Beraz, imajina daiteke Lurretik kanpo ere bizia aurki daitekeela?
Ikerketa honen alderdirik garrantzitsuena hori izan da; hain zuzen ere, litekeena da espazioak konposatu organiko konplexuak sortzeko fabrika baten legez funtzionatzea. Hortaz, gaur egun, indarrean dago azukrea, Lurrean bertan sortu beharrean, espaziotik meteorito edo bestelako objektuen bidez iritsi dela dioen teoria; izan ere, Lurrak bere horretan bizia sortzeko baldintza egokiak izan arren, azukreak hutsetik sortzeko ahalmen mugatu samarra du. Modu berean irits litezke espazioan sortutako estruktura organikoak beste planetetara, eta han bizia sortu. Akaso, han beste estruktura bat izango luke biziak.
Sarritan, estralurtarrak imajinatzean, lau begi eta azal berdea dituztela imajinatzen du jendeak. Baina zer forma izan dezake biziak berez?
Horri buruz ez dakigu ezer ere. Nolanahi ere, aurki daitekeen lehen bizia mikroskopikoa da; giza gorputzaz oso bestelakoa. Agian, nitrogenozko atmosfera duen planeta batean sor daiteke bizia egituratzeko bestelako modu bat. Egiazki, espekulazio hutsa litzateke horri buruz ezer esatea. Izan ere, ez ditugu beste planetetako baldintzak ezagutzen.
Espazioko zer txokotan aurkitu zenuten zehazki eritrulosa?
Esne Bidetik gertu dagoen gas hodei edota molekula hodei batean aurkitu dugu, guregandik 26.000 argi urtera.
Zientzia komunitateak onartu du espaziotik Lurrera iritsi ahal izan zela azukre hori, milioika tona, Bonbardaketa Berantiar Handiaren garaian zehazki. Zer esan nahi du horrek?
Asteroide eta kometa andana batek talka egin zuen Lurraren aurka duela lau mila milioi urte; hori da zehazki Bonbardaketa Berantiar Handia. Konposatu organikoak, ura eta mineralak garraia zitzaketen Lur primitibora. Teoria horren arabera, azukre horiek, lehenik eta behin, kometa eta asteroideetara itsatsi ziren; gero, Lurrera. Beraz, ikerketak ate bat ireki du Lurreko konposatu kimikoetako batzuk espaziotik iritsi zirela pentsatzeko.
Zuen ustez, EHUren parte zareten aldetik, zer garrantzi dute inbertsio eta proiektu publikoek zientziaren aurrerapenerako?
Gure eguneroko ogia da. Gure esperimentuak oso garestiak dira. Adibidez, erabiltzen ditugun bi ekipoak eskuz diseinatu genituen espresuki; hortaz, ez dira batere merkeak. Batek milioi erdi euro balio du, eta besteak, milioi bat euro. Finantzaketaren %99 diru iturri publikoetatik lortzen dugu; beraz, inbertsio publikoen menpe gaude erabat. Espainiako Estatuarekin alderatuz gero, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko inbertsioak handiak izanagatik ere, herrialde handienetako baldintzak utopikoak zaizkigu.
lotsabako
Zientzialari gustukoena?
Marie Curie.Eta molekula?
Erribosa.Egitea amesten duzun ikerketa bat?
Gaixotasun bat sendatzeko ikerketa bat.