Beer Challenge txapelketan inoizko puntuaziorik altuena jaso dute Oscar Saenzek (Donostia, 1986) eta Benjamin Raymond Rozzik (Akron, Ohio, Ameriketako Estatu Batuak, 1980), Hernaniko (Gipuzkoa) Basqueland garagardotegiko ekoizleak eta sortzaileak. Garagardotegiaren «independentzia eta artisau izaera» mantentzearen aldeko lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute saria jaso berritan.
Zergatik erabaki zenuten Basqueland sortzea?
BEN ROZZI: Kevin Patricio eta biok Euskal Herrira etorri ginen bizitzera, bion bikotekideak euskaldunak direlako. Bera jatetxe batean zebilen lanean, eta konturatu ginen ez zegoela artisau garagardoak erosteko aukera handirik. Ni San Diegokoa naiz, Kaliforniakoa, eta garagardogilea den lagun bat daukat. Hona etortzeko eskatu genion, proba batzuk egiteko. Logroñora [Espainia] joan ginen sorta batzuk egitera, eta hainbat inbertsiogile lortu genituen horrela. 2015eko ekainean ireki genuen gure lokala, Hernaniko industrialdean.
Orain inbertsio bat egingo duzueekoizpena bikoizteko, ezta?
B.R.: Bai, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatu nahi dugu. Bi urte barru urtean 1.250.000 litro garagardo ere ekoitzi ahalko dugula uste dugu.
Zenbat garagardo mota ekoizten dituzue Basquelanden?
OSCAR SAENZ: Oinarrizko garagardo sorta bat daukagu, bost estilotako garagardoekin. Nahiko tradizionalak direla esan daiteke: lupulatuak, lager bat, gorri bat... Hortik aurrera, tirada bateko garagardoak egiten ditugu, bereziagoak. Horietan, zaporearekin gehiago jolasten gara. Kalitatea oinarri hartuta, noski, baina bururatzen zaiguna egiten dugu, mugarik gabe.
Nola erabakitzen duzue zer zapore probatu?
O.S.: Lehenengo, estiloa erabakitzen dugu: IPA, IPA bikoitza, Sour, Stout... Hori erabakitakoan, zer malta dauzkagun ikusten dugu, eta nahi dugun emaitzaren arabera lupulu bat edo beste aukeratzen dugu, nahi dugun zapore horretara iristeko.
Intuizioa, hortaz, garrantzitsua izango da, ezta?
O.S.: Bai. Adibidez, jatetxe batera joan eta zerbait gustuko dugunean, zapore hori garagardora nola eraman pentsatzen dugu. Garagardo beltzekin, esaterako, saiatzen gara beste zapore batzuk ekartzen: kanela, txokolatea, kafea, eztia eta abar erabili izan ditugu.
Erraz lortzen dituzue zaporeak?
O.S.: Bai, guztiok daukagu esperientzia, eta beste fabrika batzuetan egindako probak gogoan ditugu; badakigu konbinazio batzuek funtzionatu egiten dutela. Badakigu zer akats egin izan ditugun, eta saiatzen gara ez errepikatzen.
Frutekin egindako garagardoekin, esaterako, oso erraza izaten da, fruta naturala izaten dugulako, normalean pure forman, eta zaporea horrek ematen diolako. Funtsean, lehengaiekin jolastea da gakoa.
Laten diseinuak oso koloretsuak eta deigarriak dira.
O.S.: Guk ekoizle gisa zerbait egin nahi dugu, baina, jendearengana iristeko, garrantzi handia dauka etiketan esaten eta erakusten duzunak. Bezeroek jakin behar dute zer edan behar duten gure lata bat eskuetan daukanean. Marcos Navarro diseinatzaileak egin ohi dizkigu etiketa gehienak, eta asko zaintzen dugu diseinua.
Artisau garagardoen artean aukera gehiago dago orain?
B.R.: Sei urtean izugarri aldatu da egoera. Orain askoz ere aukera zabalagoa dago, eta jendeak zaletasun handia dauka.
O.S.: Nik uste dut hasieran moda bat zela, eta orain sukarra bihurtu dela, eta hori bezeroei esker izan da. Dastaketak egiteko gune bat daukagu, eta jendea hasieran garagardo tradizionalagoak probatzera etortzen zen. Denborarekin, ordea, zapore berriak dastatu nahi zituzten, eta horrek guri garagardo desberdinagoak, ausartagoak egiteko aukera eman digu.
Halere, ekoizpenaren %30 inguru esportatu egiten duzue.
B.R.: Europa osoan ari da indarra hartzen artisau garagardoen industria. Garagardoaren kultura handia duten herrialdeetan gureekiko interesa daukatela ikusi dugu. Alemania da adibide garbi bat, edo Belgika. Nik ez nuen inoiz pentsatuko Alemaniara garagardo bat bidaliko genuenik. Erosi nahi dute, gure estiloa desberdina delako.
Kolaborazio asko egiten dituzue. Negozio lehiakorra da?
B.R.: Garagardotegi industrialekin alderatuta, hau beste mundu bat da.
O.S.: Bai, eta uste dut hori esan behar dugula. Garagardogile artisau edo independenteek oraindik merkatu kuota oso txikia daukagu. Lehia ez dago gure artean, eta gure ekarpena beste garagardo mota batzuk eskaintzea da. Helburua kalitatea bermatzea da, eta, elkar lagunduz, pixkanaka hazten joatea.
ATZEKOZ AURRERA. Ben Rozzi eta Oscar Saenz. Basqueland garagardotegiko sortzailea eta ekoizlea
«Lehengaiekin jolastea da gakoa»
Bartzelonako Beer Challenge nazioarteko garagardo txapelketan garagardogilerik onenaren saria eskuratu du Basqueland etxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu