PROPOSAMENAK

Lekeitioko kaleak, artez blai

Gaur amaituko da Kaleka, Lekeitioko Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia. Euskal Herriko Cia Barsanti konpainiak itxiko du jaialdia, suizidioaren inguruko 'Akabo!' ikuskizunarekin

Lekeitioko karrikak, pandemia aurreko Kaleka jaialdia ospatzen. KALEKA.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Asteburua Lekeitioko karrikak (Bizkaia) artez bete ondoren, gaur bukatuko da Kaleka Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia. 32. aldia izan da aurtengoa, eta pandemiaren aurretiko erara gozatu ahal izan dituzte ikuskizunak joan direnek, aurreko urteetan eserlekuen artean ezarritako metro eta erdiko distantzia alde batera utzita.

Ostiraletik hasita, jada 11 talde igaro dira Lekeitioko hainbat gunetatik. Gaur, hiru ikuskizunek emango diote itxiera Kalekari: Inkululeko, Circus Feria eta Akabo! izenekoek.

Inkululeko-k askatasuna esan nahi du zulueraz. Hori da Euskal Herriko Kaput taldeak ikuskizunarekin helarazi nahi duena. Eguna 13:00etan hasiko da Uribarren parkean. Ordu erdiz, dantza, zuzeneko musika, antzerkia eta akrobaziak bateratzen dituen ikuskizuna emango dute.

Arratsaldean, 17:00etan, Madrildik datozen artisten txanda izango da. Bambolea taldeak Circus Feria ikuskizuna aurkeztuko du Udaletxe plazan. Emanaldiak antzina ferietan egoten ziren etxolak eta zirku ikuskizunak uztartzen ditu. Hori dela eta, joatendirenak indar mailuarekin, ilusio optikoekin edota dianekin jostatu ahalko dira. Hortaz gain, aireko akrobaziak, kontorsioak, orekak monozikloarekin, masta txinatarra eta abar egongo dira ikusgai; umorez zipriztinduak, noski.

Circus Feria da gaurko ekitaldien artean Kalekaren sail ofizialetik at dagoen bakarra. Izan ere, Bamboleak ekarritako ikuskizuna esperimentazioarekin eta ikusleen parte hartze zuzenarekin dago hornitua. Horregatik dago atalkatuta Kaleka Blai sekzioaren barruan.

Suizidioa plazara ekarriz

Euskal Herriko ikuskizun baten eskutik emango zaio itxiera aurtengo jaialdiari: Barsanti konpainiaren emanaldiarekin. Udaletxeko plazan arituko dira Akabo! ikuskizuna antzezten, 20:00etan.

Barsantiko kide Haritza Rodriguezen arabera, ikuskizunaren helburua da suizidioa argitara ematea, «gai sozial bezala jorratuz, eta ez gaixotasun mental bat izango balitz bezala». Izan ere, konpainiaren ustez, gai bat konpontzeko nahitaezkoa da horren inguruan hitz egitea; horregatik aukeratu zuten suizidioa haien gai nagusi gisara.

Akabo! maiatzean estreinatu zuten, eta, jadanik, lauzpabost emanaldi izan dituzte. Gaia dramatikoa izan arren, umorearekin uztartzen dute. Horregatik, publikoa «zapore gazi-gozoarekin» geratzen da ikuskizuna ikusi ostean, Haritza Rodriguez antzezlearen arabera: «Suizidioa, askotan, urrun dagoen zerbait bezala sumatzen dugu; baina helarazi nahi dugun mezua da edonor egon daitekeela horrelako egoera batean».

Hasieran, balkoi batean egiteko ideia zuten, baina ezinezkoa izan zaie, eta moldaketak egin dituzte nolabaiteko agertoki naturala mantentzeko.

Rodriguezek argi du zer espero duen gaurko saiorako: «Egingo dugun lanarekin gustura gelditzea, disfrutatzea eta, noski, gozaraztea».

Kaleka jaialdia



Gaur, Lekeitioko (Bizkaia) Uribarren parkean eta Udaletxeko plazan,egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.