Eremu publikoek askorako balio dute, baita oholtza dotore izateko ere; horixe ondo dakite Lekeition (Bizkaia), 36 urte baitaramatzate Kaleka Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiarekin herriko plazak eta kaleak arte eszeniko garaikideen topagune bihurtzen. Gaurtik etzi bitarte egingo dute jaialdiaren 36. aldia: antzerkirako, zirkurako, dantzarako eta instalazio artistikoetarako oholtza bihurtuko dira herriko eremu publikoak. Hiru egunotan hamar ikuskizun eta instalazio egingo dituzte, eta haien ardura izango duten konpainiak ez dira soilik Euskal Herrikoak: Kanadatik, Frantziatik, Italiatik, Brasildik, Espainiatik eta Kataluniatik etorritakoak ere badira.
Kanadako Berceurs du Temps konpainiak hasiko du kale arteen jaialdia, Bercer les temps ikuskizunarekin. 16:00etatik 20:00etara kofradia aurrera hurreratuko direnek sehaska kanten munduan «leunki» murgiltzeko aukera izango dute. Hogei bat kulunka aulki topatuko dituzte hantxe, eta haiek izango dira, hain zuzen, melodia haiek xuxurlatuko dituztenak; aurrez kaleko oinezkoei grabatutakoak dira. Bihar, ordu berean, Uribarren Abaroa egoitzan emango dute ikuskizun bera.
Euskal Herriko Bitsa konpainia ere jabetuko da gaur Lekeitioko kaleaz. Haritik tiraka emanaldia egingo dute, 20:00etan, Abaroa jauregian. Bizitzako lehen aldiak ekarriko dituzte hizpidera —lehen eskola eguna, lehen muxua, lehen enkargua...—, eta «egunkarietan agertuko ez diren pertsonei izena eta ekintzei balioa» emango diete. Handik bi ordura, 22:00etan, Kataluniako Circ Vermut taldeak La Paradeta ikuskizuna egingo du Harrikiskirrian. Ikuskizuna erdi zirku eta erdi bermut erakoa izango da: laranjekin eta aiztoekin egingo dituzte malabarak, esate baterako. Eguna biribiltzeko, Murtziako (Espainia) UpArte taldekoek Desprovisto dantza emanaldia egingo dute, 23:00etan, Paskualitoren aurreko eremuan; 40 minutu iraungo du saioak.
Bihar arratsaldea ere bete-betea izango duten arren, eguerdian hasiko da kaleko arteen jaia. Orduantxe Bailar Solo Es Un Rollo bultzatuko dute Kataluniako Cia Moveokoek, monolitoan. Bultzatu, bai: dantza eta jolasa ditu emanaldiak ardatz, eta ikusleek horretan guztian parte hartzea, helburu. «Bakartzearen aurkako erresistentzia gune bat» sortuko dute, haien arabera.Â
Esperientzia ibiltaria
Arratsaldean Bercer le temps lana egingo dute Berceurs du Temps taldekoek, eta 17:00etatik 20:00etara arte, berriz, Circo de los Sentidos emango dute Kataluniako Mumusic Circus taldekoek Atea plazan: esperientzia ibiltari eta mugikor bat. Geldirik egoteko gogorik ez duen zirku bat, alegia. Eta antzeko garaian, 17:00etatik 21:00etara, Zure belarriek jasaten duten guztia ikusteko aukera egongo da Brasilgo Quase konpainiaren eskutik, hondartzan: «Espazio publikoarekiko marruskadura esperimentu erradikal bat».
Clown hizkerak bereganatuko du Eskolapea, ordea, 20:00etan. Italiako Bruboc konpainiak Woow! emanaldia egingo du han, umorezko ikuskizun poetiko eta ibiltari bat. Eta handik bi ordura, 22:00etan, Frantziako Bivouac taldeak GaĂ¯a taularatuko du udaletxe aurrean. Orekaren bila arituko dira interpreteak, etengabe mugitzen ari den eszenografiaren ezegonkortasuna izango baitute lanabes.
Etzi beste bi ekitaldi izango dira, eta haiekin bukatuko dute jaialdia. 19:00etan Woow! berriro ikusteko aukera izango da kofradia aurrean, eta 20:00etan Euskal Herriko Haatik dantza konpainiaren IOI emanaldiarekin burutuko dute kaleko arteen jaialdia, udaletxe aurrean. Hain zuzen ere, kalearen erabilera aldarrikatzea du xede emanaldi horrek, eta soinuak eta espazioak izango duten elkarrizketaren bueltan dantzatuko dira Haatik taldeko kideak.