Leku ezagunak deskubritzea

Erandio eta Barakaldo lotzen zituen ‘gasolino’ ontziari beste erabilera bat ematen hasi dira: orain, ibilbideak egiten ditu itsasadarrean. «Motibazio nagusia ondareari eustea izan da».

'Gasolinoa' Portugaletera heltzen. Enrique Fernandez doa gidari. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
'Gasolinoa' Portugaletera heltzen. Enrique Fernandez doa gidari. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
amaia igartua aristondo
Bilbo-Portugalete
2026ko martxoaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikuspegiak zeharo aldatzen du paisaia. Lehorretik begiratuta nekezago ipintzen da arreta itsasadarraren ertzetako zutabe higatuetan. Uretatik begiratuta, parez pare, biziagoa dirudi egituren ugerrak, eta erraz antzematen da hezetasunak orbandu dituela fabriken orube abandonatuetan pintatutako grafitiak; are erraldoiagoak dira Sestaoko (Bizkaia) Naval enpresako garabiak. Perspektiba da giltza: gasolino-a izan zitekeen behiala Erandio eta Barakaldo (Bizkaia) lotzen zituen ontzi hura; edo izan daiteke, beste izkina batetik so eginda, oraindik itsasadarra zeharkatzen duen barku hori.

Mantso-mantso atera da Bilboko Itsasmuseumeko dikeetatik, eta erritmo trankilari eutsi dio helmugara arte, Portugaleten (Bizkaia) atrakatu duen arte. Bidaiari kopurua nabarmen apalduta, zerbitzua emateari utzi zioten duela bi urte, eta harrezkero Erandioko uretan egon dira gasolino-ak —hiru dira, guztira—, harik eta hiru lagunek erosi zituzten arte. «Motibazio nagusia ondareari eustea izan da», azaldu du Javier Martinezek, jabe berrietako batek. Eta zera okurritu zitzaien: itsasadarrean ibilbideak eskaintzea, urtebetetzeetarako, ezkondu aurreko agurretarako, ikastetxeentzat, turistentzat...

«COVID-19aren pandemian negozioa itxi behar izan nuen, eta garraio publikoa merkatu zutenean zarratu nuen betiko»

OSKAR SUAREZ 'Gasolino'-en aurreko jabea

Oscar Suarezek 32 urte daramatza gasolino-ei lotuta. Orduko hartan, ontziek funtzio praktikoa baino ez zuten: bidaiariak ertz batetik bestera eramatea; astelehenetik igandera, 05:30etik 22:00etara. «Orain dela 25 bat urte, egunean 2.800 inguru igotzen ziren, baina Arrontegiko zubia eraiki zutenetik, besteak beste, kopurua asko apaldu zen», gogoratu du Suarezek. Hamabost urte pasatu dira dagoeneko eskaintza dibertsifikatzeko eta aisialdirako planak ere antolatzeko ahalegina egin zutenetik; ezin izan zuten, ordea, joera negatiboa irauli. «COVID-19aren pandemian negozioa itxi behar izan nuen, eta garraio publikoa merkatu zutenean zarratu nuen betiko: metroa eta autobusak erdi prezioan zeuden, eta nik ezin nuen haiekin lehiatu». Egunean ehun lagun baino ez ziren igarotzen, azkenerako.

«Beste etapa bat»

Enrique Fernandez erriberako arotzak hamabi urte zeramatzan gasolino-a gidatzen eta haren mantentze lanak egiten zerbitzua bertan behera geratu zenean; eta hura ari da gidari orain ere, betikoa den gasolino berrian. «Gurutzatzeak oso nekezak ziren ontzientzat», nabarmendu du. Lauzpabost minutuko bidaiak ziren; orain, gutxienez ordubeteko ibilaldiak eskaintzen dituzte. «Ontziak ez du hainbeste sufritzen, ez da ibiltzen aurrera eta atzera etengabe».

Enrique Fernandez eta Javier Martinez gasolino ontzian, Bilboko Itsasmuseumen dikeetan. AMAIA IGARTUA ARISTONDO
Enrique Fernandez eta Javier Martinez gasolino ontzian, Bilboko Itsasmuseumeko dikeetan. AMAIA IGARTUA ARISTONDO

Betiko gasolino hura da, edozelan ere. Betikoa da motorraren zaratots uniformea, betikoak koloreak eta taxua. «Taulak aldatu dizkiogu, egurrezko eserlekuak gehitu dizkiogu, koloreztatu egin dugu, motorra doitu, eguzki plaka batzuk instalatu...», zerrendatu du Martinezek. Ontzietako beste bat konpontzen ari dira, eta zalantza dute hirugarrena berreskuratu ahalko duten. Baina gustura daude jendeak orain arte egin dion harrerarekin. Ezagutzen zuten gasolino hura da eta. Baina desberdina, aldi berean: nondik begiratzen zaion. «Orain, beste etapa bat hasi dugu», adierazi du Suarezek, itxaropentsu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA