Asteburuko proposamenak

Liburuak erdigunera

Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta, egitarau oparoa antolatu dute zenbait liburu dendak, eragilek, udalek eta BERRIAk. Donostian, adibidez, Itxaro Bordak Ramon Saizarbitoriaren lanen inguruko ibilbide literarioa gidatuko du.

Ramon Saizarbitoria. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ramon Saizarbitoria. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko apirilaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sarri aipatu ohi da inoiz baino gutxiago irakurtzen dela gaur egun, baina egia ote da? Zeren, irakurri, irakurtzen da. Kontua da nola edo, hobeto esanda, nondik irakurtzen den. Gizartea aldatzen den moduan bezalaxe, haren ohiturak ere aldatzen dira. Eta teknologiak, bizitzako beste esparru guztietan bezala, bete-betean eragin du irakurtzeko moduan ere. Liburu elektroniko eta audioliburu hitzak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira, nahiz eta asko diren paperaren alde gogor erresistentzia egiten dutenak. Baina bada urtean egun bat, Durangoko Azokako egunez gain, liburuak erdigunean egoten direna: apirilaren 23a, gaur. Izan ere, gaur da Liburuaren Nazioarteko Eguna.

Urte osoan liburuak formatu digitalean irakurtzen dituen horietakoak egonagatik ere, irakurleek gaur aukera dute formatu «analogikoan» dauden berritasunak edo klasiko berrituak ikusteko eta esku artean hartzeko. Herrietako liburu dendek denbora daramate egun handirako zerbait berezia prestatzen. Eta ez dira zerbait berezia antolatu duten bakarrak, noski. BERRIAk ere bere aletxoa jarri du egun honetan. Aurten ere Unibertso bat euskal literaturarentzat egitasmoa ipini dute martxan: BERRIAren webgunean, maiatzaren 3ra bitarte, hamabost argitaletxeren liburu bana egongo da salgai.

Aipatutakoez gain, beste hainbat eragile eta udal ere ospakizunerako prestatzen aritu dira. Donostia da horietako bat. Urtero Gipuzkoa plazan egiten duten liburu azokaz gain, udalak eta Gipuzkoako Liburu Denden Elkarteak egun osoko aparteko egitaraua prestatu dute okasiorako.

Goizean goizetik

Txistularien Bandak irekiko du azoka 09:30ean, eta, horren ostean, Itxaro Bordak hartuko die lekukoa. Idazle eta BERRIAko kolaboratzaileak Ramon Saizarbitoriaren lanen inguruko ibilbide literarioa gidatuko du. Gipuzkoa plazatik bertatik abiatuko da hark gidatuko duen Saizarbitoriaren literatura Donostian zehar egitasmoa, 10:30ean. Antolatzaileen esanetan, Saizarbitoriak Donostiaren «geografia intimo bat» eraiki zuen besteak beste Egunero hasten delako, Martutene eta Ehun metro lanen bidez. Bada, Bordak Saizarbitoriaren zenbait testu ekarriko ditu gogora, eta euskal literaturaren historiako zenbait pasarte ere jorratuko ditu. Horren ostean, 12:00etan, Okendo kultur etxean, 55 urtetik gorakoek narrazio laburren irakurketa musikatua egingo dute, zuzeneko musikaren laguntzaz.

Arratsaldean aurrera jarraituko du egitarauak, eta orduan idazleak egongo dira erdigunean. 16:30ean, EIZIEko kide Idoia Santamariak itzulitako Ingeborg Bachmannen Aldibereko eleberriaren irakurraldia egingo du, eta liburuari buruzko xehetasunak aipatuko ditu. Ondoren, 19:00etan, aurtengo azokako idazle gonbidatuaren txanda izango da: Ibon Martinena. Olga Grande kazetariak Martin elkarrizketatuko du, eta gero, idazleak liburuak sinatzeko tartea hartuko du. 

Haurrentzat ere bai

Helduentzako egitarauaz gain, beste bat ondu dute haurrentzako espresuki. 10:00etan, Loiolako kultur etxean, Maite Frankok Zakutodun gizona ipuina kontatuko du, Euskal Gorrak taldeko Janire Martin Vegak keinu hizkuntzara itzultzen duen bitartean. Eta jarraian, Mestiza elkarteko Monica Graciak Jostailuak ipuina kontatuko die 3 urte bitarteko haurrei eta beren familiei. Arratsaldean, Itziar Saenz de Ojerrek eta Joxan Arrue Saizarrek Kontu konta kantaldia ipuin kontaketa musikatua egingo dute, eta, amaitzeko, irakurle onenei sariak banatuko dizkiete.

Aipatzekoa da gaur azokara hurbiltzen denak Joseba Larretxe ilustratzaileak sortutako orri markatzaileak izango dituela eskuragarri.

Gaurko egitaraua hor amaituko da, baina bihar ere aurrera jarraituko du. Erre Produkzioak Grimm anaien parkea ikuskizuna emango du: haien zenbait kontakizun —Hansel eta Gretel, Edurnezuri eta Errauskine, besteak beste— tartekatzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA