Artista eta litografoa

Iñaki Rifaterra Santamaria: «Lizarra arte grafikoekin lotuta dago; zentzua zuen tailerra hemen zabaltzeak»

Amaren herrian zabalduko du aurki tailer propioa Rifaterrak: Litografia Atelier Estella Lizarra: «Euskal Herrian litografia egiten duen tailer profesional bakarra gara. Hutsune hori betetzera gatoz»

Iñaki Rifaterra, bere tailerrean, Lizarran. Artelekun zegoen prentsa erabiltzen du litografiak egiteko. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iñaki Rifaterra, bere tailerrean, Lizarran. Artelekun zegoen prentsa erabiltzen du litografiak egiteko. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Lizarra
2025eko irailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaren herrian dauzka sustraiak Iñaki Rifaterra Santamariak (Zaragoza, Espainia, 1978). Artista liluratuta dago Lizarrarekin (Nafarroa): «Haurtzaroarekin lotzen dut, udarekin, oporrekin... Argi nuen tailerra hemen zabaldu behar nuela». Herbehereetan erosi zuen prentsa piezaz pieza muntatzea falta zaio. Aurki zabalduko du litografia tailer propioa. 

Litografia Atelier Estella Lizarra.

Lizarra arte grafikoekin lotuta dago; zentzua zuen tailerra hemen zabaltzeak. Inprenten hiria da; erreferentea. Miguel Egiak Erdi Aroan zabaldu zuen hemen inprimategia. Ez dakigu oso ondo non zegoen, baina dokumentu zaharretan La Rocheta aipatzen da. Iruñeranzko bidean, ezkerrean dagoen mazela bat da. XX. mendean, berriz, inprimategi moderno ugari zabaldu ziren. Loraldi bat egon zen.

Ideia erromantiko batetik abiatu zinen zu.

Bai. Bidaia luze baten ostean erabaki nuen galzorian zegoen ofizio bat edo ezagutza bat ikastea. Hasieran uste nuen ezagutza bat salbatzeko aski zela ikastea, baina ez da horrela; gero dator zailena: praktikan jartzea, martxan jartzea, eta erronka horretan gaude. Aurten zabalduko dugu tailerra.

IÑAKI RIFATERRA ARTISTA
Iñaki Rifaterraren tailerraren irudi bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Eta nola iritsi zinen litografiara? Edo, beste era batera esanda, nola iritsi zen litografia zugana?

Grabatua eta xilografia topatu nituen bidaia hartan, eta nik betidanik marraztu dut, txiki-txikitatik. Litografiarena kasualitatea izan zen. Donostiara joan nintzen bizitzera 27 urte nituela, eta han nire maisua izango zena ezagutu nuen: Don Herbert. 

Ikaslea prest dagoenean azaltzen omen da maisua...

Bai. Artelekuko tailerrean aritu nintzen berarekin. Maisu handia izan da. Oso harreman polita nuen berarekin. Loiolan [Donostia] bizi zen, eta ni ere han bizi nintzen, beraz, tailerrean egunero ikusten nuen, baina auzoan ere elkar topatzen genuen. 

Eta gero?

Debako Arte Eskolan ibili nintzen hainbat urtez, eta gero beste kasualitate bat...

Zer?

Kopenhagera joan nintzen lagun batzuk ikustera. Edition Copenhagen estudio mitikotik pasatu nintzen, eta justu garai hartan laguntza behar zuten. Sei hilabetez geratu nintzen han, negu oso bat. Rasmus Urwald izan zen nire beste maisua. Pilo bat ikasi nuen. Bi astetik behin kontinente guztietako artistak joaten ziren hara. Michael Kvium artistarekin egin nuen lehen proiektua, eta azkena William Kentridgerekin. Beste artista asko ere pasatu ziren handik, tartean Anna Bjerger. Sekulako eskola izan zen.

William Kentridge artistaren obra jasotzen duen liburua.
William Kentridge artistaren obra jasotzen duen liburua. Rifaterrak tailerrean dauka liburua. K. B. T.
Eta Kopenhagetik Lizarrara.

Bai, proiektua hona ekartzea erronka handia da, apustua; azkenean, hau ez da hiri handi bat. Horrelako proiektu gutxi daude, eta daudenak hiri handietan daude: Parisen, Londresen... Euskal Herrian litografiarekin lotutako oso tailer gutxi daude. Bilbon badaude bi tailer, baina batez ere grabatuak egiten dituzte. Litografia egiten bakarrak gara. Arte eskoletan badira, baina ez dago tailer profesionalik. Gu hutsune hori betetzera gatoz. 

Ega ibaiaren ertzean errotu zara...

Hiri handietan bizi izan naiz beti. Orain pozarren nago hiri txiki batean, naturatik gertu. Hemen ditut sustraiak. Amaren partez, aitona eta amona hemengoak ziren. Etxea izan dugu beti hemen. Lizarra haurtzaroarekin lotzen dut, udarekin, oporrekin... Argi nuen tailerra hemen zabaldu behar nuela. Ekimen kulturalek eta artistikoek ez dute zertan beti hiri handietan egon. Hori defendatzen dugu. Horrek ekologiatik edaten du, ekosistemetan bizi gara, ekosistema kultural eta sozial batean, eta egiten duguna kolektiboa bihurtzen da. Ekarpen bat egin nahi nuen.

Herbehereetara joan zinen prentsaren bila...

Peter Van Ginkel bat da, burdinazkoa. Artelekuko prentsa bera da, marka berekoa.

Tailerrean duzu prentsa hura ere... 

Bai, behin baino gehiagotan muntatu eta desmuntatu dut. Lizarrako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmen bati esker lortu genuen lagapena. Debako Arte Eskola [Gipuzkoa] itxi zenean ekarri genuen. Artelekuren eredu kulturala eta filosofia garatu nahi dugu hemen. Tailerraren helburu nagusia litografia lantzea eta ezagutaraztea da, eta artista guztiei zabalduko diegu. Elkarlan bat sortu nahi dugu edizio litografikoak egiteko.

«Litografiak bi mende ditu, baina hemen arte garaikidea egin nahi dugu. Tradiziotik edaten dugu, baina espazio esperimentala izango da»

Zer da litografia?

Antzinatik datorren ofizio bat da. Bere garaian teknika iraultzailea izan zen irudiak testuak bezain azkar sortzeko aukera eman zuelako. Inprentetan erabiltzen hasi zen, baina orain edizio artistikorako erabiltzen da. Litografiak bi mende ditu, baina hemen arte garaikidea egin nahi dugu. Niretzat hori da gakoa; Kopenhageko eredua. Eskuzko tresna tradizionalak ditugu tailerrean, baina ez ditugu teknologia berriak baztertzen. Biak uztartu nahi ditugu. Tradiziotik edaten dugu, baina espazio esperimentala izango da. Animazioak ere egin ditugu, fotogramak eskuz eginez, litografiekin. Hizkuntza grafikoa ere interesatzen zait.

Eta nola egiten da litografia bat?

Lehenik eta behin, matrizeak behar ditugu, harriak edo aluminiozko plantxa litografikoak. Bi euskarri horiek oso hidrofiloak dira, hau da, ura xurgatzen dute. Horien gainean egiten da marrazkia, tinta koipetsuekin, baina ura eta tinta inoiz ez dira elkartzen, inoiz ez dira nahasten; beraz, bi eremu sortzen dira. Arabiako goma, azidoak eta betunak erabiltzen ditugu estanpatzeko. Arrabola pasatzen dugu orduan. Batzuetan magia dirudi, ura dagoen tokietan ez baitu koipea harrapatzen...

Marraztea eta estanpatzea bi gauza zeharo ezberdinak dira.

Bi rol dira, artistikoa eta teknikoa. Artista eta litografoa izan zaitezke, edo ez. Estanpazio prozesua konplexua da. Batek asko dauka sormenetik, eta bestea oso lan metodikoa da. Ni bietan aritzen naiz, eta txipa aldatu behar izaten dut.

IÑAKI RIFATERRA ARTISTA
Iñaki Rifaterra berak egindako hainbat obrarekin. Zuri-beltzean aritzea gustatzen zaio bereziki. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Edizio propioak egin dituzu...

Litografia egitea da gehien gustatzen zaidana, bereziki urarekin jolastea, plantxaren gainean zerbait gertatzeko baldintzak sortzea. Niretzat, ibaiak eta zuhaitzak bizitzaren metaforak dira, eta askotan azaltzen dira nire obran. Hostoak estanpatzea ere asko gustatzen zait. Matrizeak ez dira bakarrik egurrezkoak edo harrizkoak, gauza asko estanpatu daitezke, eta niri hostoak asko gustatzen zaizkit. Aztarna bitxiak uzten dituzte.

Egutegi bat egiten duzu urtero hostoekin, ezta?

Bai, azken urteotan hostoekin egin dugu egutegia: lizarraren hostoa, ezkiarena... Aurten haltz baten hostoarekin egingo dugu. Ibaiertzean asko daude.

Eta bestelako diziplinetan ere aritzen zara.

Asko gustatzen zait koadernoa hartuta kalera ateratzea. Mihisean ere pintatzen dut, ilustrazioak egiten ditut, muralak... Donostiako hizkuntzen mapa ere egin nuen Manex Izagirrerekin. Egurrezko lehen mapa, eta gero, brontzezkoa, Eibarko [Gipuzkoa] Alfa Arten... Argazkilaritza ere oso gustuko dut. Lizarran argazki asko egiten ditut. Gero marrazki bihurtzen dira, edo grabatuak, edo litografiak. Inspirazio ariketa interesgarria da. 

Gustavo Maeztu museoan, berriz, hiru marrazketa saio egingo dituzu bihar, etzi eta etzidamu.

Hainbat instituziorekin kolaboratzen dut. Gustavo de Maezturena oso ederra da. Donostian bizi nintzenean asteburu askotan joaten nintzen museoaren hirugarren solairuan dauden litografiak eta plantxak ikustera. Luze geratzen nintzen horiei begira. Maeztu litografo esperimentala izan zen; edizio litografikoak egiten zituen. Parisen ezagutu zuen litografia, eta hemen garatzen saiatu zen.

Zirkulua itxi da, beraz.

Bai. Don Herberten erakusketa ere egin genuen museoan. Lotura polita izan zen. Nire mundu guztiak elkartu dira. 

Lotsabako

Leku bat?
Urbasa.

 Artista bat?
Goya esan beharko nuke, baina William Kentridge esango dut. Eta Don Herbert, noski!

Zuri-beltza ala kolorea?

Zuri-beltza.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.