Kazetaria

Miren Garbiñe de Diego: «Lokatzaren usainak jendearen istorioak ekartzen dizkit gogora»

De Diegok Valentziako uholdeei buruz egin du kazetaritza eta ikus-entzunezko komunikazioko gradu amaierako lana. Paiporta eta Catarroja herrietan gertatutako hondamendiaren kontakizun bisuala osatu du: «Urak utzitako orbanak dira».

Miren Garbiñe de Diego, gradu amaierako lanerako egindako argazki batzuk erakusten, Gasteizeko bere etxean. RAUL BOGAJO / FOKU
Miren Garbiñe de Diego, gradu amaierako lanerako egindako argazki batzuk erakusten, Gasteizeko bere etxean. RAUL BOGAJO / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
2025eko azaroaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitatean Kazetaritzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan graduduna da Miren Garbiñe de Diego (Gasteiz, 2002). Valentziako (Herrialde Katalanak) uholdeei buruz egin du gradu amaierako lana, eta ohorezko matrikula jaso du. Bizi-bizirik dauzka duela urtebeteko irudiak, soinuak eta usainak.

Zer usain dauka lokatzak? 

Oso berezia da. Sudurretik sartzen da, eta barrena erretzen dizu. Eta ez da usaina bakarrik, soinua ere bada. Soinu kaotiko bat: sirena hotsa, palak, helikopteroak, jendea hizketan... Usainak garai hura ekartzen dit gogora, jendearen istorioak ekartzen dizkit gogora. Istorio asko daudelako atzean. Lokatzak dena hartu baitzuen: etxeko hormak, aulkiak, mahaiak... eta jendea. Ni hamar egunera iritsi nintzen, eta lokatza gerriraino zuten.

Erabaki zenuen ez zenuela hura zure etxetik bizi nahi.

Nik bizi eta nik kontatu nahi nuen. Pentsamenduak pentsatzen baino ez nintzen ari, eta neure buruari esan nion: «Zergatik ez dut kamera hartzen, eta zergatik ez naiz birritan pentsatu gabe hara joaten? Kazetaria naiz, eta nire etxetik hurbil —ez baitago horren urruti ere— hondamendi historiko bat ari da gertatzen». Telebistan, prentsan, sare sozialetan... bazegoen informazioa, eta bazegoen desinformazioa ere. Nire begiz ikusi nahi nuen.

Lokatzak zikindutako trapua eta horma. MIREN GARBIÑE DE DIEGO
Lokatzak zikindutako trapua eta horma. MIREN GARBIÑE DE DIEGO
Kazetariaren egitekoa. 

Hori da. Eta hor dago informazio iturrien garrantzia ere. Nik nire egia nahi nuen bilatu. 

Esku batean kamera bat hartuta, eta bestean pala bat hartuta?

Oso konplikatua izan zen biak uztartzea. Ni, berez, laguntzera joan nintzen. Eta hartu nituen palak, hartu nituen zakuak, eta bota nituen hormak. Une batez, ordea, aldendu egin nintzen lanean ari ginen tokitik, eta Paiportan zehar hasi nintzen ibiltzen, kamera hartuta. Kosta zitzaidan ateratzea. Guztia behatzen ari nintzen, baina ez nintzen ari argazki bila. Boluntario talde batekin hasi nintzen hizketan, eta haietako batek esan zidan: «Atera argazki bat». Hori izan zen hasiera. Argazkiak atera eta atera hasi nintzen. Lagundu, argazkiak atera, lagundu, argazkiak atera... oreka horretan mugitu nintzen.

Eta zein izan da emaitza? 

Lan akademiko bat. Bost atal ditu: argazki erreportaje bat, albiste argazki bat, albiste bat argazkiduna, elkarrizketa bat erretratuduna, eta saiakera fotografiko bat uholdearen aurreko eta ondorengo egoera erakusten dituena. Berez, hamar proiektu egiteko adina material daukat: milaka bideo eta milaka audio. Baina lan akademiko hori egin dut. Lehen zatia neutroagoa da, objektiboagoa. Protesten argazkiak ere badaude. Esaterako, animalien babesleku bateko arduradunari egindako elkarrizketa bat bada, animalien arlo horri inor gutxik erreparatu baitio. Nire gustukoena argazki saiakera da: azaroaren eta abenduaren arteko eboluzioa erakusten du. Urak utzitako orbanak dira, eta izenburu horixe jarri diot: Uraren orbanak.

Herritarrak eta boluntarioak, elkar besarkatuta. MIREN GARBIÑE DE DIEGO
Herritarrak eta boluntarioak, elkar besarkatuz. MIREN GARBIÑE DE DIEGO
Zenbat aldiz joan zinen hara? 

Hiru aldiz egon naiz han, Paiportan eta Catarrojan. Aurreneko aldiz, uholdeak gertatu eta hamar egunera joan nintzen, unibertsitateko kamera hartuta, ezagun batzuekin, eta ezagun batzuen ezagunen etxean hartu genuen ostatu. Bigarren aldiz, abenduan joan nintzen, eta Paiportako haurrentzako jostailuak zeramatzan autobus bat eraman genuen, Muskizko elkarte batekin. Kiroldegi batean egin genuen lo. Bidaia azkarra izan zen. Hirugarren aldiz, uztailean joan nintzen, nebarekin, Chestera, eta elkarrizketa bat egin nion Mahican animalien babeslekuko arduradunari. Paiportara joan ginen handik. 

Eta usaina bazen oraindik? 

Bai. Erabat. Metroz joan nintzen. Arraroa egin zitzaidan. Aurreko aldian oinez iritsi nintzelako, eta bigarren aldian autobusez. Metroan, pentsatu nuen: «Zeinen modernoa den metroa Valentzian». Iritsi nintzen Paiportako geltokira. Berri-berria zegoen. Baina handik irten bezain pronto, lokatz usainaren ufada hori, eta lokatzaren markak. Sei hilabete geroago, eta usain hori. Nondik ateratzen da? Hainbat lokal garbitu gabe daude oraindik, eta hor barruan dagoena jada ez da lokatza: zerbait toxikoa da.

Mazonek dimisioa eman du. 

Eta oso ondo iruditzen zait, baina berandu da. Esan behar dut nire lana nahiko apolitikoa dela. Saiatu naiz nahiko objektiboa izaten. Datuak eta argazkiak jarri, eta bakoitzak atera ditzala ondorioak. Lanaren helburua ez da erruduna zein den esatea, edo zenbat militar egon behar ziren esatea, baina garbi daukat Mazonen erabakia berandu datorrela. Ez dira zenbakiak, pertsonak dira. Azaroaren 9 hartan, Valentziako manifestazio hartan, jada dimisioa eman behar zuen. Nolabait esateko, ordurako lokatza burutik gora zeukan.

Zuk ere izan zenuen arazoren bat kamera ateratzeko, ezta?

Hasiera hartan, jendea oso uzkur zegoen argazkiak ateratzeko. Ez zuten nahi. Bi mutil gerturatu zitzaizkidan kamera kenduko zidatela esanez, eta lokatzetara bota. Unibertsitateko kamera zen. Esan nien kazetaritza ikaslea nintzela, neure kabuz joana nintzela hara laguntzera, eta argazkiak nire proiektu baterako zirela. Lasaitu egin ziren, eta kontatu zidaten haserre zeudela komunikabideekin, morboaren erabilerarekin. Ez zirela entzunak sentitzen. Euren istorioa kontatzea nahi zuten, besterik ez.

Gizon bat, gitarra jotzen, Catarrojan. MIREN GARBIÑE DE DIEGO
Gizon bat, gitarra jotzen, Catarrojan. MIREN GARBIÑE DE DIEGO

LOTSABAKO

Iltzatuta gelditu zaizun irudirik gogorrena?
Iritsi nintzen egunean, taxi bat hartu nuen. Taxilariak kontatu zigun Paiportakoa zela. Bezperan, 16 urteko mutil bat salbatzen ahalegindu zela, uholdeak leiho batean harrapatua zuela, baina bere begien aurrean desagertu zela. Iritsi eta bost minutura hori. Negarrez hasi nintzen. 

Eta politena?
Catarrojan, boluntarioen eta biktimen isiltasun hartan, gizon bat gitarra jotzen hasi eta neska batek kantuz lagundu zionekoa. Argazkian, argi izpi batek argitzen ditu biak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.