Jatetxe baten atzealdean, sukalde huts, ilun eta hotz batean, hamar bat gizonezko bildu dira altzairuzko mahai luze baten bueltan. Isiltasun trinkoan daude, serio. Guztiak isilik, bat izan ezik: Harry da Souza, Tom Hardyk interpretatua. Haren ahotsak hautsiko du giroa. Elkarrizketa luze baten ostean, sekuentzia odoltsu bat izango da. Mafiaren inguruko film batetik ateratakoa dirudien eszena horrekin hasiko da Mobland.Berehala, hasierako tituluak agertuko dira pantailan, musikaren eta irudien arteko dantzan.
Titulu horietan, Dublingo Fontaines D.C. taldearen Starburster abestiak zipriztinduko du irudien erritmoa, eta telesailaren bihotzari taupadak eginarazi. Telesailaren atmosferan murgiltzeko garrantzitsuak diren hainbat elementu ikusiko ditu ikusleak: Londresko kaleak, odolez zikindutako billete sortak, armak, drogak, luxuzko etxeak, sutan dauden autoak, protagonisten argazkiak, eta abar. Lehen hamar minutuak nahikoa izango dira jakiteko telesailaren tonua, giroa eta pertsonaia motak nolakoak izango diren.
Badira zenbait ikus-entzunezko lan sortzaileen edo aktoreen izenak aipatze hutsarekin ikusteko gogoa pizten dutenak; Mobland horietako bat da. Zuzendaritzaren atzean Guy Ritchieren izena ageri da; eta, kameraren aurrean, pantaila betetzen duten aurpegi ezagun eta indartsuak daude: Tom Hardy, Helen Mirren, Pierce Brosnan eta Paddy Considine, besteak beste.
Londresen drogen trafikoa kontrolatzeko borrokan ari diren bi familien arteko liskarrak —harrigandarren eta stevensondarren artekoak— piztuko du kontakizun nagusiaren motorra. Ikusleak sakon ezagutuko du kontakizun hori, eta Harrigan familia izango da bietatik protagonismo handiena bereganatuko duena: Harry Da Souza (Tom Hardy), Kevin (Paddy Considine), Bella (Lara Pulver), Eddie (Anson Boon), Seraphina (Mandeep Dhillon) eta familiaren buru Maeve (Helen Mirren) eta Conrad (Pierce Brosnan) izango dira kideak. Eddiek, hau da, gazteenak eragingo duen liskar baten ondorioz, borroka basati bat piztuko da Harrigan eta Stevenson familien artean. Pertsonaia sorta zabal horren bihotza Harry Da Souza izango da; lasaia da itxuraz, baina zorrotza eta basatia da. Edozein gertaera, ezbehar edo liskar konpontzeko gai da.
Mafiaren mundua, fikzioaren kodeetan
Horiek dira telesailaren osagai nagusiak, eta, hamar ataletan, mafiari buruzko ohiko fikzioetatik aldentzen saiatuko da. Fikzio horiek mitoak eragindako nostalgiaren mende egoten dira askotan, eta krimen antolatuaren nolabaiteko erromantizazioa darie. Alde horretatik, Mobland ez da 70eko hamarkadako mafia giroko kontakizunetatik edaten duen proposamena; familien negozio zikinak gordin eta indarkeria esplizitua erabiliz erakutsiko ditu, baina ukitu garaikideagoa du, umore beltz apur bat, eta zenbaitetan Guy Ritchiren estetika bereziaz blaitua dago.
Generoaren ohiko kodeetatik aldentzeko asmo horrek ez du beti funtzionatuko: argumentua ez da bereziki berritzailea, zenbait egoera eta azpitrama sinesgarritasunaren mugan dabiltza, eta pertsonaien sakontasunean ere desoreka nabari da.
Hala ere, badu xarma berezi bat: argi-itzalez josia dago, baina lehen mailako entretenimendu duinaren eredu da. Sofan eroso eseri eta, bizpahiru egunez, gozamenerako bidelagun ezin hobea bihurtuko da.
Urte amaierako onenen zerrenda luzean lekutxo bat gorde beharko zaio, badaezpada.
FITXA
- Sortzaileak. Guy Ritchie, Anthony Byrne, Lawrence Gough eta Daniel Syrkin.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2025.
- Aktoreak. Tom Hardy, Helen Mirren, Pierce Brosnan eta Paddy Considine.
- Non ikusi. Sky Showtime.
- Atal bakoitzaren iraupena. 50-55 minutu.
- Generoa. Thrillerra, drama, mafia.