Loraldia Digitalak ‘Narratiba Berriak’ jardunaldia egingo du urriaren 27an

Euskarazko sormenaren aukera digitalak arakatzea izango dute xede jardunaldian, eta BERRIArekin lankidetzan antolatu dute. Aurrez izena eman beharra dago.

Aurtengo Loraldia Festibaleko eskuorri batzuk. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Aurtengo Loraldia Festibaleko eskuorri batzuk. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2026ko irailaren 22a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Pantaila ez da bide bat bakarrik; eremu narratibo bat da». Hori argi daukate Loraldia Digitaleko kideek, eta erronka horri bete-betean heltzea erabaki dute. Urriaren 27an Narratiba Berriak. Euskarazko sormenaren aukera digitalak jardunaldia egingo dute Bilboko Euskararen Etxean. Jardunaldia galdera honen bueltan ardaztuko da: «Zer aukera irekitzen ditu transmedia narratibak gure istorioak, proiektuak eta sormen unibertsoak formatu eta plataforma berrietara hedatzeko?». Alegia, ingurune digitalak eta transmedia logikak sormenean eta narratiban sortu ditzaketen aukerak arakatuko dituzte goiz batez.

Roger Casas-Alatriste egile, hizlari eta aholkulariak gidatuko du jardunaldia; aditua da transmedia edukietan, eta lotura zuzena du euskal sorkuntzaren ekosistemarekin. Hark gidatutako lehen saioan transmediari helduko diote beren-beregi, premisa honekin: istorioak kontatzeko modu bat dela. Istorioen denetariko formatuak aztertu ostean, ingurune digitalak sortzen dituen aukeretan murgilduko dira. Tailer praktiko bat eginez biribilduko dute saioa.

«Jardunaldi honek euskarazko sormenaren garapenari begiratzen dio, ikuspegi garaikide eta estrategiko batetik. Euskarazko kulturak ingurune digitalean presentzia handiagoa izatea ez da soilik edukiak sarean jartzea; kontakizun berriak, esperientzia berriak eta publikoarekin harremana egiteko modu berriak sortzea ere bada», azaldu dute antolatzaileek. Horren haritik, «euskarazko proiektu eta sortzaile transmediaren harrobia elikatzea» dute xede. Gidoigileei, dramaturgoei, idazleei, musikariei, antzerki eta dantza konpainiei, ikus-entzunezko sortzaileei, sortzaile digitalei, ekoizleei eta kultur proiektuetako arduradunei zuzenduta dago, bereziki.

BERRIArekin lankidetzan antolatu dute jardunaldia, eta Bizkaiko Foru Aldundiak ere babestu du. Aurrez izena eman behar da, hemen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA