Ez mendian, eta ez lahar artean. Eta ez du izan umetxorik begira. Eta ez dio inori esan «aska nazazu». Ez baitzegoen preso eta ez baitzekien inork han zegoela, Gasteizko Salburua parkean, kontserbazio bereziko eremu batean, egurrezko pasarela baten inguruan, hezegune batean zut. Aranzadiko botanikariek topatu dute, haren bila ari ez zirela. Ranunculus lingua du izena, eta aurreneko aldiz ikusi dute haren loreen horia. Ez dago urrebotoi horren aipurik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroan ere ez da agertu 2013tik. Desagertzeak notizia diren honetan, agertzeak bozkario dira.
«Beste lan batzuk egitera joan ginen Salburura: habitat bat berrestera. Ibilian, ordea, gune horretara iritsi ginen. Urrebotoiak ezagunak dira gurean, baina ranunculus landare hura oso handia iruditu zitzaidan ohiko urrebotoi bat izateko. Plegua jaso genuen, eta hari buruzko bilaketa bibliografikoa egiten hasi ginen», azaldu du Aranzadiko botanikari Ana Irene Garcia del Baok. Bulegora iritsi, eta sorpresa: «Lankide batek esan zuen: ‘Desagertuta dagoela jartzen du hemen’. Besteak: ‘Ez da posible’. Eta hurrengoak: ‘Nolatan aurkituko zenuten, bada, Ranunculus lingua Salburuan’?». Halaxe izan zen, eta pozarren daude.
Flora Montibérica botanikari buruzko aldizkari espezializatuan eman dute aurkikuntzaren berri: Ranunculus lingua espeziearen lehen aipua Euskal Autonomia Erkidegoan izena du artikuluak. Aranzadi zientzia elkarteko hiru botanikarik sinatu dute zortzi orriko pieza zientifiko xehe-xehea: Ana Irene Garcia del Baok, Mikel Etxeberria Okarizek eta Mari Azpiroz Muruak.

«Landare urtarra da. Sustraiak substratuan ditu, baina gutxieneko ur maila bat behar du ondo garatzeko. Urrebotoiaren tankerakoa du lorea, baina haren bereizgarria tamaina da: metro bat baino gehiago neurtu dezake, eta lerro formako hosto handiak ditu», deskribatu du Garcia del Baok. Salburuko hori 2025ean aurkitutakoa da. Ez da Euskal Herriko lehenengoa. Nafarroan ere aurkitu zuten 2003an, Antsoainen, Izako urmaelean, baina 2013koa da azken aipua; ez da geroztik Ranunculus lingua-rik agertu, nahiz eta Nafarroako Gobernuko teknikariak behin baino gehiagotan saiatu diren berriz topatzen. Ipar Euskal Herrian ere bada landare horri buruzko aipuren bat, baina oso aspaldikoak dira: Donibane Lohizunekoa bata (1891), eta Baionakoa bestea (1918). Populazio horiek ere ez dituzte geroztik topatu. «Nafarroako aipua Iñaki Aizpuruaren da, Aranzadiko beste botanikari batena. Beraz, oso polita da lehen aipua eta azkena Aranzadiko botanikariok egindakoak izatea», nabarmendu du Garcia del Baok.

Nafarroan ez da 2013tik berriro agertu. «Topatu zuten gunean lezka asko zegoen, eta hark egindako presioa nabarmendu dute: bi espezieen arteko konpetentzia». Eta hartu zituzten neurriak: kontserbazio lanak eta eskokatzeak landareari tokia egiteko. Baina ez da berriz agertu. «Ezin da populazioa erabat galdutzat eman. Sustraiak egon daitezke uretan, edo ezkutuan egon daiteke landarea». Salburukoak ez du lezkarik inguruan. «Baina urtebete baino ez da igaro lehen aldiz ikusi dugunetik. Ez dakigu ze eboluzio izango duen». Izan ere, agertu eta desagertu dabil loretxo hori hori. «Agian haren dinamika hori delako: heltzen da, egoten da urte batzuk, eta desagertu egiten da. Dinamika hori ulertzea garrantzitsua da hura kontserbatzeko zer esfortzu egin behar den jakiteko».
Noiztik ote dago Gasteizen?
Ez dago jakiterik Salburuan topatutako Ranunculus lingua landarea noiztik dagoen han. Duela 30 bat urte sortu zuten parkea. Aurreneko hamarkadan, lan botaniko asko egin zituzten, baina inbentarioetan ez da landare horri buruzko aipurik ageri. Bioaniztasunari Buruzko Nazioarteko Sisteman —Lurreko espezie, ekosistema eta baliabide genetikoei buruzko datuak bildu, estandarizatu eta modu irekian partekatzen dituen plataforma eta sare global bat da— agertzen da populazio horren behaketa bat, 2020koa. Aranzadiko botanikariek ondorioztatu dute 2014-2020 bitartean iritsi zela Gasteizera. Baina iritsi, nondik eta nola? «Ziurtatu genuen lehen gauza izan zen ez zela kanpotik sartutakoa. Eta ondorioztatu dugu naturalki etorri dela». Baina etorri, nondik eta nola? «Espezie urtarra denez, hezeguneetan eta halako habitatetan agertzen denez, eta Salburua hegazti migratzaileentzat geraleku garrantzitsua denez, probableena da hegazti horietakoren batek Europako beste putzuren batetik haziak itsatsita edo irentsita ekarri izana. Hori litzateke hipotesirik logikoena». Eta hipotesirik ederrena: lore bidaiariarena.

Izan ere, Europa erdialdean eta iparraldean «oso ohikoa» ei da Ranunculus lingua. Han ez dauka babes berezirik. Katalunian, bi populazio daude, eta espezie babestuen zerrendan sartu zuten hasieran, baina atera egin zuten gero. Nafarroan, berehala sartu zuten zerrendan, baina galdu egin da gero. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da orain arte agertu; beraz, ez dute babestu, oraingoz. «Populazio bakarra denez, jarraipen zehatzagoa egin beharko litzateke, zer babes behar duen erabakitzeko». Argitara emandako artikuluan, landareari buruzko «argazki orokor bat» atera dute: Iberiar penintsulako aipu guztiak bildu dituzte. Hamalau populaziori buruzko informazioa lortu dute, baina horietatik 11 baino ez dituzte berretsi. Katalunian daude bi, eta Euskal Herrian bestea.
Aranzadik Zorroagan duen herbarioko atea ireki du Garcia del Baok. Errusian topatutako plegu bat erakutsi du lehenengo, Nafarroan aurkitutakoa hurrena, eta Salburuan agertutakoa azkena. Ez zegoen mendian, lahar artean. Eta ez dio inori esan «aska nazazu». Baina orain badu norbait begira.
JAKINGARRIAK
- Loraketa. Ekaina eta abuztua bitartean loratzen da. 4-5 zentimetroko lore hori distiratsuak ematen ditu. Bost petalo izaten dituzte. Eta urrezko botoien itxura izaten dute.
- Hostotza. Hostoerorkorra da. Berdea du hostaila.
- Tamaina. Metro bete garai izan daiteke helduaroan. Eta 60 zentimetro inguruko zabalera har dezake.
- Botanika. Ranunculus generoko landarea da, lingua espeziekoa, eta ranunculaceae familiakoa. kanaberetako urrebotoi ere esaten diote zenbait tokitan.
- Jatorria. Europa erdialdean eta iparraldean, eta Asia iparraldean, erdialdean eta mendebaldean. Iberiar penintsulan hiru populazio bakarrik daude konfirmatuta.
- Habitata. Urmaelen eta ur-lasterren bazterretan hazten da.