Urtero bezala, iraileko azken asteburuan, Gares (Nafarroa) algaraz, azokako salerosketen harrabotsaz eta arkume gisatuaren usainaz mukuru beteko da. Nafar tradizioak eta aisia uztartzen ditu hiru eguneko jaialdiak. Igandean du egun nagusia: laia lasterketa egingo dute egun horretan. Herrian antzinatik egiten den azoka dago jaiaren jatorrian. Uda bukaeran, nekazariek hiru hilabete horietan bildutako uzta saltzeko merkatua antolatzen zuten. Egun hartan bertan, iraileko azken igandean, abereen salerosketa ere egiten zuten. Denbora igaro ahala, ordea, azokak nekazaritzarekin zuen lotura estua nasaituz joan zen, Nafarroako artisauen ekoizkinei lekua eginez. Egun, merkatuko postuetan, gaztaren, babarrunen, egurrezko lanabesen, bitxien eta arroparen artean, bizirik dirau herriko ohituraren zerizanak.
Aitor Azkona Garesko Udaleko zinegotziak nabarmendu duenez, herriak «asko parte hartzen du jai txikien» antolaketan. Ostiral eta larunbatean, garestar gazteak eta kuadrillak izaten dira antolatzaile nagusiak, eta, Azkonak dioenez, udalaren esku geratzen dira gaueroko zezensuzkoa eta arratsaldeetako kontzertuak. Egun nagusiaren antolakuntza, berriz, Nafar Laiariek hartzen dute euren gain: laia lasterketa lehenengo, eta, ondoren, herri bazkari tradizionala. Beraz, asteburu honetan Garesera joaten diren bisitariei egitarau trinko batek egingo die ongietorria: pilota partidak, kalderete lehiaketa, larrain-dantza erakustaldia eta erraldoi eta buruhandien kalejira izango dituzte, besteak beste. Aurten, gainera, Azkonak adierazi duenez, Kataluniako Castellers del Poble Sec taldeak agerraldia egingo du herrian, «lehendabiziko aldiz».
42 urteko bidea
Igandean, laiariak harriztatutako Kale Nagusian barrena arituko dira, jai kutsua duen lasterketan. Trikimakoen antzeko lanabesen gainean, arineketari berriak tikili-tokolo eta adituenak aurreko urteetan bezain trebe. Koldo Kolomo euskara teknikariaren aburuz, laia garestarrek «aitona-amonengandik jaso duten lanabesa» da, «herriko nortasunaren sinboloa». H formako lan tresna da, behean altzairuzko bi punta dituena eta goian egurrezko kirtena duena. Nekazariek binaka erabiltzen zituzten, lurra iraultzeko: oinak tresnen kosketan jarrita, gorputzaren pisua baliatzen zuten punta inkatu eta lurrari buelta emateko. Garesko euskara teknikariak nabarmendu duenez, laia «euskal kulturaren berezko produktua» da. Halaber, erantsi du bi hortzeko lanabes hori Hego Euskal Herrian baino ez dela erabiltzen: «Laiak senide ditu Katalunian edo Frantzian erabiltzen ziren antzeko tresna batzuk, baina inon ez ziren erabiltzen binaka».Â
Motorizazioa landa eremura iritsi zenean, laia nekazaritza lanetatik baztertu zuten. Ondorioz, Kolomoren hitzetan, lanabesaren balio sinbolikoa «areagotu» egin zen. Hartara, Garesko kuadrilla bati bururatu zitzaion laien gainean igota lasterketak egitea. Lagunen arteko jolasean oinarrituz, aurten 42 urte beteko dituen lehiaketa antolatzeari ekin zioten.Â
80ko hamarkadatik, lasterketak «aldaketa nabarmenak» izan ditu, euskara teknikariaren esanetan; bereziki, azken hamabost urteotan: «Jende gaztea sartu da, eta belaunaldi bakoitzak bere ikuspegia du». Nafar Laiarien elkartea eratu izana da aldaketa horietako bat, lehiaketa antolatzea eta «herria kulturaren bitartez dinamizatzea» helburu duen egitasmoa. Ildo berritzaileen artean, Kolomok haurrak erakartzeko nahia nabarmendu du: «Umeei jolasteko aukera eskaintzen zaie, lehiakortasuna sustatu gabe». Emakumeen parte hartzea sustatzeko ekintzak ere egiten dituzte. Era berean, azken urteotako berrikuntza izan da auzolanerako baliatzen zen ordearen omenezko dantza egitea.
Parranda eta folklorea
Hiru egunetako giroa «berezia eta polita» dela azpimarratu dute Azkonak zein Kolomok. Zinegotziaren esanetan, asteburu honetan oso ongi uztartzen dira jai mota guztiak, «parranda eta folklorea». Giroaz gozatzeaz gain, Kolomok laia lasterketara gonbidatu ditu bisitariak: «Balio sinboliko handia duen eta Euskal Herrian bakarra den jolas bitxi bat ezagutzeko aukera da». Garesko herriak, jantzi tradizionalak eta abarkak soinean, laia erabiltzen jarraitzeko modua aurkitu du, tradizioa irauliz eta olgeta bihurtuz.