Lurrazpikoa artez loratzea

Veronica Domingo Alonso artistak 36ko gerran erabili ziren babeslekuen interpretazio artistiko bat egin du ‘Bilbotik Gernikara. Desmemoriaren bideak’ erakusketan. Bonbardaketen eta horiek jasan zituzten zibilen kontakizun propio bat garatu du.

Andere Larrinaga, Iratxe Momoitio Bakearen Museoko zuzendaria, Veronica Domingo eta Ismael Manterola, maiatzaren 15ean, Gernika-Lumon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Andere Larrinaga, Iratxe Momoitio Bakearen Museoko zuzendaria, Veronica Domingo eta Ismael Manterola, maiatzaren 15ean, Gernika-Lumon. ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Gernika-Lumo
2026ko ekainaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezin zitekeen leku aproposago batean ipini: izan ere, babesleku baten kutsua dauka gelak. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Bakearen Museoko ataritik beherantz doazen eskailerak ilundu egiten dira bat-batean, apalki argiztatutako areto batera heltzeraino, non hormak kamuflaje berdez pintatuak dauden, eta non entzuten den, urrunean bezala, sirena baten hotsa. Memoria xaxatzen dute sabai baxuak eta korridore estuak. Eta memoria hori esplizitu bilakatzen du eskaileren bukaerara heltzerakoan parez pare agertzen den eskulturak: Gernikako bonbardaketatik bizirik atera ziren pare bat zibil ageri dira oihaletan inprimatutako argazki batean, egur habez eta arpillera zakuz egonkortutako egituran.

Arkitektura ere bada-eta memoriaren jagole. Agerikoa da hori Veronica Domingo Alonso artistaren (Bilbo, 1989) Bilbotik Gernikara. Desmemoriaren bideak erakusketan. Esanguraz beteriko eraikuntza batzuk hautatu ditu artistak, gainera, bere ikerketako hari gisa: babeslekuak. 36ko gerran oparo erabili eta loratu ziren gune haiek, sare moduko bat osatuz Bizkaiaren luze-zabalean, zibilak aireko erasoetatik eta gas toxikoetatik babesteko. Eta ia ehun urte beranduago, aspaldi erabiltzeari utzi zioten arren, oraindik badute interpretazio artistiko bat sustatzeko indarra. «Babeslekua memoriaren metafora bat izan daiteke: lurraren azpian daude, toki itsusiak dira, eta urteetan ezkutuan egon dira», hausnartu du Ismael Manterola EHUko irakasleak Domingoren lana laburbiltzeko. Erakusketaren komisario izan da Andere Larrinaga EHUko irakaslearekin batera.

Bonben eztanda, Gernikatik Bilbora. Desmemoriaren bideak erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bonben eztanda, Gernikatik Bilbora. Desmemoriaren bideak erakusketan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Domingok Alacanten (Herrialde Katalanak) ekin zion ikerketari, 2022an, kasualitatez; eta Euskal Herriko babeslekuak bilatzeaz, aztertzeaz eta artelanen bidez berreraikitzeaz arduratu zen ondoren. Herrialde osoari buruzko lan «sendoa» egina du, baina, Larrinagaren berbetan, hiru ardatz nabarmendu ditu Gernika-Lumoko bilduma apailatzeko: Bilbo, Getxo eta Gernika bera. Hango Bakearen Museoak eta EHUko MHLI Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketa taldeak batera antolatu dute erakusketa, MemoriArtean elkarlan proiektuaren barruan, eta irailaren 13ra arte bisitatu ahalko da.

Manterolak nabarmendu duenez, gerrari buruz berba egitean soldaduengan eta ekintza militarretan ipintzen da arreta sarri askotan, eta gutxiagotan erreparatzen zaie zibilen bizipenei. Babeslekuak aukeratzean, ordea, Domingok jende xehea bilakatu du kontakizunaren protagonista. «Babeslekuek osatu zuten kate horrek ahalbidetu zuen gure arbasoek bizitza babes zezaten», azpimarratu du artistak.

Metakrilatoa eta olioa

Katebegi horietako bat errepresentatu du hasierako eskulturan, material gutxi batzuekin kondentsatuz leku horien esangura. «Egurrezko egiturak erabiltzen zituzten, eta hezurdura hori porlanez edo beste material batzuez estaltzen zuten». Piezaren habeek sigi-saga forma daukate, eta ez ausaz. «Sigi-saga beti erabiltzen da uhin hedakorretik babesteko: babeslekuak bihurguneak eduki behar ditu, eta sigi-saga batek eragotzi egiten du eztandak guztia suntsi dezan». Arpillera zakuak helburu berarekin erabiltzen zituzten, orobat, hala nola babesleku gisa egokitutako sotoetan kolpeak arintzeko. Elementu horiez gain, familia albumetan gordetako argazkiak baliatu ditu irudikatzeko nola geratu ziren herriak bonbardatuak izan eta gero, eta eraso haietatik bizirik atera zirenak erakusketara ekartzeko.

«Batzuek muzin egiten zioten babeslekura joateari, oso leku desatsegina iruditzen zitzaielako, itogarria. Beste batzuek aterpe moduan ikusten zuten»

VERONICA DOMINGO ALONSOArtista

Eskultura ez da, dena den, Domingok erabilitako euskarri bakarra. Formatu aldetik ere oparoa baita bilduma: grabatuak, pinturak, oihalak eta ikus-entzunezko bat ere paratu ditu artistak Bakearen Museoko sotoan. Bisitariari harrera egiten dion eskulturaren nondik norakoak azaldu ostean, eskuineko korridoreetan ipinitako piezetara jo du Domingok. Bonben eztanden interpretazio propioa landu du monotipo multzo batean. Hegazkinaren aireko ikuspegi batek abiatzen du segida, eta «sekuentzia narratibo bat» garatzen da hortik aurrera hainbat margolan abstraktutan: jaurtigaiek lurra jotzen duten unea, eztanda horien aireko ikuspegia, eta 1937ko apirilaren 26an Gernika txikitzeko erabili zituzten su bonbak.

Aurrean, metakrilatozko mihise batean laserrez grabatutako triptiko bat dago. Kolore eta testura aldetik monotipoen oso bestelakoa den arren, kokapenaren bidez hartu-eman bat ezarri du artistak pieza horien guztien artean: izan ere, zintzilik daude monotipoak, baina behegainean bermatuta metakrilatoak eta jaurtigaien mugimendua oroitarazten duen uhin bat sortzen dute batera. «Bonba nola erortzen den, haren txistu hotsa, geldialdi bat eta danba... Hori ikusizkora itzultzen baduzu, gorabehera batzuk ageri dira irakur daitezkeenak ez soilik pinturetan edo grabatuetan bertan, baizik eta baita piezak espazioan ipintzeko moduan ere».

Laserrez grabatutako metakrilatozko plaka txiki bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Laserrez grabatutako metakrilatozko plaka txiki bat. ARITZ LOIOLA / FOKU

Gerrako umeak ditu hizpide metakrilatozko triptikoak. «Asko hitz egiten da haietaz», esan du artistak, «baina normalean migratu zuten umeei erreparatzen zaie. Erakusketa honetan gerran geratu ziren eta gatazka bizi izan zuten umeen ikuspegia jaso dut». Irudia argiago ikusten da metakrilatoaren zati batzuetan, eta lausotu egiten da, berriz, zenbait lekutan, memoriaren zaurgarritasunaren adierazle. Aldameneko aretoan, teknika bera erabili du atzegoardiako zenbait eszena inprimatzeko, nabarmen txikiagoak diren eta argazki tamaina daukaten plaka batzuetan: Gernikako babeslekuak, Batzar Etxea, Bilboko Carlton hoteleko bunkerreko arnasbideak...

Arrotza abegikor bihurtu

Beste elementu funtsezko batzuk jaso ditu olioetan. Gernikako Andra Mari babeslekua, eta Txurrukaren monumentuaren eraikuntza, adibidez. Monumentu hori ere babesleku gisa erabili zuten. «36ko gerra hasi zenean, eraikitzen ari ziren, eta obrak eten zituzten. Getxon asko erabili zen zirkunstantzia babesleku gisa. Izan ere, barruan zulo bat zegoen artean, eta, ez zegoenez beste babeslekurik portutik gertuko eremu horretan, alarmak jotzen zuenean aterpetzeko balio izan zien askori». Koloreekin xehetasunak txertatu dizkio kontakizunari: zuri-beltza erabiltzen du nagusiki bere jardunean, baina proiektu horretan kobrezko trazuak ere erabili ditu, metraila irudikatzeko, eta metal zati horiek dakartza akordura, era berean, metakrilato plantxen kolore gris argiak.

«Gizakiak aztarna lagatzeko ohitura dauka toki bat bere egiteko, toki horiek pixka bat hobeto ulertzeko»

ISMAEL MANTEROLA EHUko irakaslea eta erakusketako komisarioetako bat

Artista lehengo bidetik itzuli da eskultura dagoen aretora, eta handik beste areto batera eraman ditu bisitariak, babeslekuetako jarraibideak imitatuz norabidea adierazten duen kartel bati segika. Nabariagoa egin da aurreko geletatik entzuten zen sirena hots hura. Hondoko paretan proiektatutako ikus-entzunezkoari dagokio zarata; haren aurrean, dozena erdi oihal daude dingilizka aretoko sabaitik. «Banderatxo horiek argazkilaritza teknika batekin landu ditut, banderaren esanahiarekin jolasteko. Batzuetan, alarma elementu bezala funtzionatu zuen banderak, hegazkin erasotzaileak mendietatik ikusten ziren-eta aurrena, eta mendiz mendi bandera gorri bat astinduz helarazten zuten mezua, harik eta eliza batera heldu eta kanpaiak jotzen zituzten arte, herritarrei jakinarazteko». Erakusketako bandera gorria gailendu egiten da gainerako oihal zuri-beltzen artean, eta babeslekuetan ipintzen zituzten jarraibideetako batzuk dauzka idatzita: zenbat txisturekin adierazten zen hegazkinen bat zetorrela, zenbatekin jakinarazten zen aterpetik atera zitezkeela...

Bideoa iazko proiektu baterako ondu zuen, baina beste geruza bat txertatzen dio Gernikako erakusketari. Gasteizko babeslekuak errepasatzen ditu, eta erakusten du, halaber, herritarrek zer-nolako harremana izan zuten toki haiekin. «Alacanteko eta hemengo babeslekuen artean eraikuntza desberdintasunak antzeman nituen; eta, eremuaren arabera, jendeak modu batera edo bestera ulertzen zuen babeslekua. Batzuek muzin egiten zioten hara joateari, eta nahiago zuten mendira joan edo etxean geratu, babeslekua oso leku desatsegina iruditzen zitzaielako, itogarria. Beste batzuek aterpe moduan ikusten zuten, eta, are, egunero-egunero erabiltzen zuten haurrak uzteko errekaduak edo beste zeregin batzuk egin bitartean».

Banderen gela. Hondoan, ikus-entzunezkoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
Banderen gela. Hondoan, ikus-entzunezkoa. ARITZ LOIOLA / FOKU

Bideoan zera agertzen da, era berean: jende bat saiatu zela babeslekuak abegitsuagoak egiten. Aterpetuek lagatako aztarnak ikus daitezke ikus-entzunezko labur horietan: besteak beste, graffitiak. «Gizakiak aztarna lagatzeko ohitura dauka toki bat bere egiteko, toki horiek pixka bat hobeto ulertzeko», azaldu du Manterolak. Ideia horretan sakondu dute bi komisarioek katalogoan. «Lekuak edo, akaso, ezlekuak deitu beharko genituzke, behin-behineko aterpea hartzeko tokiak zirelako, larrialdietarako tokiak, ordu batzuk soilik pasatzeko —zenbat eta gutxiago, hobe—, baina beharrezkoak zirenak bizirik jarraitzeko. Babeslekuen arroztasuna beste zerbaitekin ordezkatu behar zen: besarkaden bidez, jendearen elkartasunaren bidez, ipuinen, kontakizunen, kanten eta bertsoen bidez, seguru asko».

Domingoren lanek ere badute lorratz kutsua, Manterolaren irudiko. «Laserraren bitartez metakrilatoa grabatzen du: aztarna bat uzten du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA