«Ez dakit kamiseta urdina ala gorria hautatu». «Berdin onena gorria litzateke; kolore gorria beldurgarriagoa da». Hautu gehiago bada belar gainean pausatuak diren hainbat arropa metaren artean. Denetarik aurki daiteke: titikoak, txapelak, kamisetak, soinekoak, eskularruak, kolore, tamaina eta marrazki desberdinekoak... Jantzi meten ondoan, lastozko zaku handiak eta makila luzeak. Argi da zer eginen duten Kanbora (Lapurdi) joan direnek: txorimaloak.
Arratsaldean, 50 bat pertsona bildu dira Kanboko Marieneko lurretan, joan den asteko erasoari erantzuteko. Hain zuzen, maiatzaren 17an, bostehun bat militantek eta laborarik baratze bat landatu zuten Marienean, ELBk, Lurzaindiak eta Ostiak deiturik. Geroztik, landatutako parte bat loratu, eta, duela bi aste, baratze horren lehen emaitzak bildu ahal izan zituzten; piperrak, besteak beste. Joan den astean, ordea, Marieneko jabeak, lurretara jin, eta landaketak errotik atera eta moztu zituen, laborariek kontatu dutenaren arabera. Hortaz, sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean, erantzun kolektibo bat ematera deitu zuten: txorimaloak egin eta lurretan landatzea.
«Jabeak egindako erasoa haserre eraso bat da. Eraso sinbolikoa da, militanteen eta laborarien lanaren suntsitzea da. Sinbolikoki ekintza azkarra da, janariaren suntsitzea da; gaurko testuinguruan lotsagarria da, gainera. Gaurko helburua da erakustea ez garela geldituko, eta segituko dugula», erran du Bruno Junquet ELBko kideak, baratze suntsituaren itzulia egiten ari dela. Esplikatu du baratzeak harrapakarien erasoetatik babesteko eginak direla txorimaloak, eta horregatik proposatu dute txorimaloak egitea, «giza harrapakarietatik» babesteko.

«Kasu! Makila lerratzen ari da, ez du atxikiko!», arranguratu da Haizea Chembero kanboarra, abantzu bukatua duen txorimaloa eskuetan. «Gure lurrak zaintzeko jin gara. Erraten digute bortitzak garela, eta suntsitzen ditugula pribatuak diren lurrak. Baina, azkenean, nor da jin lurrak suntsitzera? Jabea. Txorimaloak ematen ditugu gure lurrak zainduak izan daitezen». Chemberok gehitu du aktibitate hori haurrak errazago hurbilarazteko modu bat izan daitekeela, eta, horren bidez, «biharko» helduei esplikatzen ahal zaiela badirela borrokak, eta badirela borrokatzeko hainbat manera.
Txorimaloak loratu
Besoetan duen jantzi poltsa lodia lurrera uzkaili du irriz Haritza Haizager haurrak. Amarekin jin da Kanbora, eta biziki «kontent» da Marieneara jiteaz. 5 urte ditu, baina argi du zer egitera etorri den, eta zergatik: «Jin naiz jendeari beldur egiteko», «Baina nori, zehazki?», galdegin dio amak. «Landareak moztu dituen gizonari beldur egin nahi diot. Erantzun bat da egin duenari, bera beldurtzeko eta ez berriz hasteko». Jantzi metan duen galtza berde bat hartu, eta lastoz betea den poltsara hurbildu da, galtza betetzeko.
«Jabeak egindako erasoa haserre eraso bat da. Eraso sinbolikoa da, militanteen eta laborarien lanaren suntsitzea»
BRUNO JUNQUETELBko kidea
Ez hain urrun, Xanek kasik bukatu du bere txorimaloa. Buruki baten mihise batekin egin duen buruaren gainean, bisaia marrazten ari da. Irri handi bat marraztu du, baina hortz handi eta zorrotzekin. Burasoak hurbil ditu; amaren ideia zen Kanbora etortzea. «Haurrarekin jin gara, uste baikenuen jostagarria izan zitekeela. Eskuzko aribideak anitz maite ditu, eta molde originala da era baketsuan desadostasuna erakusteko», kontatu du Sandrine Duplexek, Xanen amak.
Pittaka, irrien eta txisteen artean, txorimaloak loratzen hasi dira. Jeanine Beirie Ostiako kideak erran du: «Gaur egiten duguna lehen erantzun bat da, umore pixka batekin. Berez, txorimaloak txori txarrak beldurtzeko eginak dira, baina guk espero dugu jende txarra beldurtzea. Betoin aski badugu hemen, eta badira etxeak egiteko beste aukera batzuk. Ez ditugu eraikuntza berriak behar, eta gutiago laborantza lurretan». «Galdu ez duguno, irabazten ahal dugu oraindik», bukatu du Chemberok.