«Hazlurrak defendatu, Marienea ez hunki!» oihukatuz abiatu dira gaur goizean bi manifestazio Kanboko (Lapurdi) eta Itsasuko (Lapurdi) herriko etxeetatik Marieneko lurretara, Bouygues multinazionalak higiezinak eraikitzeko abian duen proiektua salatzeko. Manifestazio bukaeran, 500 pertsona inguru elkartu dira Marieneko lurretan landatze eguna hasteko. Antolatzaileen arabera, bertan, hainbat baratzekari landatu dituzte, lur hori «betiko» zaindu ahal izateko eta «betoi gosez» dagoenari bidea hesteko.
Gaurko manifestaziora eta landatze egunera makilak ekartzeko deia egin zuten ELB, Lurzaindia eta Ostiak, eta halaxe abiatu dira, makilak eskuetan, Kanboko herriko etxeko ataritik hirurehun pertsona inguru. Oihuka zeharkatu dute Kanboko zentroa: «Lur espekulazioari ez, ez, ez!». Bertako ziganteak ere sartu dira manifestazioan Marienera arribatzeko behereko maldatik goiti.
Tartean zen Maryse Cachenaut Lurzaindiko lehendakaria: «Marieneko borroka guziona da». Bertaratu den jende kopurua ikusita «biziki kontent» da, eta uste du gaur antolatu landatze egunak arrakasta izan duela. Bi helburu dituztela kontatu du: lehenik, lurraren defendatzeari ez diotela sekula utziko; eta, bertzetik, Marieneko lurrak okupatuko dituztela azpimarratu du, lursail hori balio handiko lur emankorra baita. Baratzekariak pusatzen ahal direla erakutsi nahi dute, Bouyguesi eta «Marieneko proiektu suntsitzailearen eramaileei» frogatzeko lurrak balio handikoak direla. «Lur ederra da, sakona da, eta harririk gabekoa. Bekatua litzateke lur honen gainean eraikitzen uztea».
«Lur ederra da, sakona da, eta harririk gabekoa. Bekatua litzateke lur honen gainean eraikitzen uztea»MARYSE CACHENAUTLurzaindiko lehendakaria
Marieneako lurretan sartzeko bide aitzinean gelditu da Kanboko jende tropa, baina, urrunera, Itsasutik jin berrehun kideko jende lerroa «Bouyges kanpora!» oihukatuz gehitu zaie Kanboko manifestariei.
Makilaren zina
Marieneko lurretan sartu ondotik, Makilen zina irakurri du Cachenautek. Hain zuzen ere, 1972ko Larzaceko (Frantzia) goi ordokietan egin izen bereko ekintza oinarritzat hartuz, Marieneko militanteak «ekiten» hasiko direla aldarrikatu du Cachenautek. Izan ere, irauli duten lur eremuaren inguruan landatu du manifestari bakoitzak eskuan zuen makila, «diru eta betoi gosez» dabilenaren kontra egiteko.

Hortik haratago ere badoa makila landatzearen sinbolismoa. Euskal Herriko kulturaren eta indarraren ikurra da Cachenauten hitzetan, ibiltarien lagun; arma, estimua eta errespetua irudikatzen duena. Hortaz, argi eta garbi adierazi duenez, Marienean landatu dituzten makilak Bouyguesen kontra irabazi nahi duten batailaren bermeak dira. Hain zuzen ere, lurra lanjerean den tokian makilen kantua entzunarazi behar dela erran du, herritar orori mobilizatzeko deia igorriz. «Ez zaitezte beha egon: denek inplikatu behar dugu oldar horretan, tokian-tokian eta mundu zabalean».
Hortaz, Marienetik hurbil diren bertze makroproiektuen kontra mobilizatzeko deia ere egin du Cachenautek. E-CHO proiektua, AHTa eta Aroztegia izan ditu hizpide. Aroztegiko ekintzaileen izenean, Elurre Iriarte Bañezek hitza hartu du, eta gaurko mobilizazioa ikusirik «herria ez dagoela lo» kontatu du. Aroztegiko zazpi auzipetuei Marieneko mobilizazioak eta landatze egunak indarra ematen diela nabarmendu du. «Garrantzitsua da heldu den astean gure zazpi auzipetuak babesturik sartzea epaiketara. Ezinbertzekoa da herriaren babesa».
«Garrantzitsua da heldu den astean gure zazpi auzipetuak babesturik sartzea epaiketara. Ezinbertzekoa da herriaren babesa» ELURRE IRIARTE BAÑEZAroztegiko ekintzaileen eleduna
Iriartek zehaztu du Elizondoko (Nafarroa) kanpaldira joan zen «jende ikaragarriaren» babesarekin doazela epaiketara. Auzipetuak sostengatzeko maiatzaren 19tik 23ra egitarau bat prestatu dutela adierazi du, eta jendea Iruñera joatera gomitatu du. «Auzipetuak ahal bezain ongi eta babestuak sentitzeko, kanpotik datorren jendeari zer jan eta zer edan emanen diegu heldu den asteko goiz guzietan, mahai inguru eta jarduera batzuk tarteko».
Marieneko auziak
Marieneko bi epaiketen berri eman du Cachenautek. Izan ere, Paueko Dei Auzitegiak 8.742 euro ordaintzera zigortu ditu Marieneko aferagatik auzipetuak ziren Ostia kolektiboko lau kideak. 2022ko abenduan egin desobedientzia ekintza batengatik erruduntzat jo zituzten Baionako Auzitegian. Bouyguesek ez zuen ontzat eman epaia, eta helegitea jarri zuen, 40.000 euroren kalte ordainak eskatzeko. Azkenerako, 8.742 euro ordaindu beharko dituzte, eta errepresioari «kolektiboki» erantzuteko elkartasun kutxa bat antolatu dutela aditzera eman du Cachenautek.
Horrez gain, Ostiako hiru militante auzipetuak izan dira irailaren 9an, iazko apirilean Kanboko herriko kontseilua okupatzeagatik. Izan ere, jendarme, manifestari eta hautetsien arteko gorabeheren artean, Christian Deveze auzapeza lurrera erori zen, eta polemika handia sortu zuen gertakariak. Pirinio Atlantikoetako prefetaren, Baionako prokuradorearen eta hautetsi batzuen salaketak etorri ziren berehala, «errepublikako hautetsiekin» izan «jarrera bortitz» horiengatik. ELBk, Lurzaindiak eta Nahi Dugun Herria Kanboko talde abertzaleak berehala erantzun zuten, eta nahaskeria sortzea leporatu zieten.
Elkargoaren «zain»
Auzitegien erantzunen «zain» diren heinean, Cachenautek salatu du Euskal Hirigune Elkargora eraman zutela Marieneko gaia, eta, bertzeak bertze, 63 hautetsik galdegin ziotela Jean Rene Etxegarai lehendakariari Marieneari buruzko eztabaida antolatzea. Lurzaindiko lehendakariaren arabera, oraingoz erantzunik ez dute ukan, eta, ohartu denez, gaurko landatze egunera hautetsi bakar bat ere ez da agertu. «Nehor ez da agertu hona, baina segur naiz Marieneko oihartzuna adituko dutela».
Lurraren defentsarako elkartasuna antolatzen ari direla eta, landaketak artatzeko egunak eta txandak eginen dituztela erran du, eta eskukaldi bat ematera jiteko mezua zabaldu. «Elkarrekin, Marienea irabaziko dugu. Elkarrekin zinezko indar harremana eraikiko dugu lurra berreskuratu, defendatu eta okupatzeko saltzaileen suntsitzetik libratzeko».