Jendetzarik ez dagoen orduetan ere ia ezinezkoa da ibilbidea presaka egitea. Hori baita, nonbait, Gabonetako espiritua: erritmoa moteltzeko joera. Azokako bozgorailuetatik aditzen diren txirula doinu leunek are gehiago mantsoarazten dute martxa, eta bisitaria gelditu egiten da azkenik, egurrezko etxoletan apailatutako lore mardulek erakarrita, edo belarritako dirdiratsuek, edo jertse beroek, edo apalean gainez egitear dauden alfajoreek. Haurren koru batek girotzen du dendariarekin duen solasaldia, eta, postuari bizkarra ematean, argi urdin eta horiz betetako arku handiak erakusten dio norabidea Gabonek epeldutako Casilda Iturrizar parkean, Bilbon.
«Jendea erosteko eta gastatzeko gogo handiagoz etortzen da Gabonetako merkatura», nabarmendu du Bilboko Delitxia gozo dendako Oihane Alonsok. Aurten 58 ekoizle batu dira, guztira; Delitxiak hiruzpalau janari furgonetarekin partekatzen du tokia pergolako iturriaren inguruan. Panetoneen, galleten eta ezti eta marmelada poteen atzetik ari da hizketan Alonso, irribarretsu. «Hemen dendan baino errazagoa da. Ideia jakin batekin etortzen dira: ‘ea zer saltzen duten’, ‘ea detailetxoren bat eraman dezakedan’...».

Garai «inportantea» da, halaber, La Tallerteka mahai jokoen dendarentzat. «Jendea Gabon gauerako edo Urtezahar gauerako jokoen bila etortzen da, eta, gainera, gauza oso espezifikoak eskatzen dizkigute garai honetarako», azaldu du Itsaso Novo Llanak. Barakaldon (Bizkaia) dute denda, baina Bilboko merkatuan egoteak «ikusgaitasun handiagoa» ematen diela azpimarratu du; eskaria ere ez da bera izaten. «Dendan, familian eta haurrengan espezializatuta gaude, baina merkatura denetariko publikoa etortzen da: kuadrilla asko, edo lagun ikusezinarentzat opari bila dabiltzanak...».
Castro Flor loradendaren postuan, gorriak dira Gabonak. Gorostiaren fruituek eta pazko lorearen hostoek tindatu dute erakustokia, eta mihura sortak borobildu du etxolari darion jai usaina. Klasikoak dira horiek, gehien saltzen dituztenak, Begoña Nebredak esplikatu duenez. Baina zabalagoa da aukera: badira landuagoak diren piezak, arrosekin, goroldioekin, galburuekin eta bestelako landare kontserbatu batzuekin taxututako multzoak, kupuletan babestuak, edo egurrezko ontzietan ordenatuak. «Lore eternoak dira», argitu du Nebredak; liofilizatuta daude, sikatuta, eta hamar urte iraun ditzakete usteldu barik. «Kontserbatuei dagokienez, jendeak txikietara jotzen du, merkeagoak direlako, eta ondo geratzen direlako erregalu gisa».
«Bezeroaren beharretan arreta ipintzen dugu, eta egungo joeretan oinarritzen gara: zer eramaten den, tonuak, material mota, testura zimurtsuagoak edo leunagoak...»
SARAY DOMINGUEZ Bella de Triana bitxi markaren jabea
Landareak ere badira Bella de Trianaren txokoan; zilar eta urre kolorekoak, horiek ere eternoak. Saray Dominguezen bitxigintza proiektua da, altzairu herdoilgaitzez eginiko eskumuturrekoek, eraztunek, idunekoek, belarritako faltsuek eta abarrek osatua. «Bezeroaren beharretan arreta ipintzen dugu, eta egungo joeretan oinarritzen gara: zer eramaten den, tonuak, material mota, testura zimurtsuagoak edo leunagoak...», xehatu du Dominguezek. Aurten, zehazki, arrakasta izaten ari dira nude koloretako harriak, zilarra eta urrea konbinatzen dituzten piezak, eta choker-ak —lepoan estu eramaten den apaingarria—.
Badira, halere, boladak gorabehera erabiltzaile fidelak dituzten produktuak. Kai Dendako Alfonso Martin orain dela hogei bat urte hasi zen artilezko kapak saltzen, Bakion, eta Bizkaian bertan beste denda bat dauka, Plentzian. «Dozena eta erdi egin nituen, lauzpabost koloretakoak. Sekulako hotza egiten zuen egun hartan», oroitu du. «Mungiako jaiak ziren; neska bat sartu zen, eta kapa bat erosi zuen, trajearekin ondo zetorkiola-eta. Arratsaldean, bere lau lagun edo ezagun agertu ziren, eta hurrengo egunean arropa guztiak bukatu ziren». Hogei urteren ondoren, kapa da, hain justu, bere postuan arrakasta handiena duen jantzia.
Jende asko
Casilda Iturrizar parkeko azoka goitik behera bisitatutakoan ere, postu guztietatik igaro, usain guztiak hartu, eta kolore denak behatu ostean ere, Gabonak ez dira bukatzen. Jarraipena dute hiriko beste azoka batzuetan: Intermodalaren plazan ipini duten horretan, edo gaur irekiko duten Gabonarten, Arbaso artisauen elkarteak Areatzan antolatutako horretan, hain justu. Gabonarteren aurrean ipintzen zuten merkatua lehen, bakoitza itsasadarraren alde batean, baina Erripako kaitik Casildara lekualdatu dute aurten.

Kokaleku berria eskertu du Alonsok; errezeloak zituzten, baina abenduko zubiak uxatu egin dizkie kezkak, inoiz baino jende gehiago ibili baita merkatuan. La Tallertekari ere mesede egin dio aldaketak, baina balorazioa tentuz egin du Novok. «San Tomas azokatik urrun gaude, eta iaz oso data ona izan zen». Jendetza beti ez da albiste pozgarria, dena den: Martinen irudiko, zubian «jende gehiegi» egon zen, eta horrek oztopatu egiten du bezeroei ganorazko arreta eskaintzea, edo arropa ukitzera hurbildu ahal izatea. «Merkatuan egotea arriskatua da: ez dakizu inbertsioa berreskuratuko duzun edo ez», onartu du Kai Dendako jabeak. Gabonetako espirituaren ifrentzua.