Pregoilaria, txupinera, txistulariak, buruhandiak... eta nola ez, Marijaia. Mario Larrinaga bilbotarraren Camino a Bilbao (Bilbora bidean) kartelak irabazi du aurtengo Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketa, eta Bilbora bidean irudikatu ditu jaiko protagonistak, Marijaiaren atzetik. Larrinaga lehiaketan gailendu den hirugarren aldia da: iaz ere hark lortu zuen kartelik onenaren saria, eta 2019. urtean ere bai. Botoen %43 eskuratu ditu, eta 3.000 euroko saria jasoko du trukean.
Guztira, 222 proposamen aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketan. Horien artean sei kartel aukeratu zituen epaimahaiak, eta ekainaren 9tik 15era arteko epea izan dute herritarrek botoa emateko. «Gure Aste Nagusiaren espirituarekin bat dator kartela: inklusiboa, plurala eta munduari irekia», adierazi du Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Berdintasuneko eta Jaietako zinegotziak.
Hanka sartze bat ere agerian utzi du kartelaren aukeraketak, bitxikeria moduan: ikurrinaren koloreak nahastu ditu egileak, gorria eta berdea alderantziz margotuta. Barrez aitortu du hutsa irabazleak, eta zuzenduko dutela ohartarazi dute. Anekdotak anekdota, pozik agertu da irabazlea, eta benetako Marijaiaren zain geratu beharko dute orain bilbotarrek. Abuztuaren 16tik 24ra ospatuko dute aurten Aste Nagusia.
