Valentin Galin. Marmitakoan txapelduna

«Marmitakoa egiten bakarrik ausartzen naiz»

Bilbo
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Valentin Galin Algortako Portu Zaharrekoa da sortzez, baina aspalditik Gorlizen bizi da. Atzo, Bilbon egin zen Euskal Herriko Marmitako Txapelketako lehen saria irabazi zuen, eta Kantauri itsasoko marmitako bandera bereganatu. Hala ere, ez da lehenengo aldia plater hori egiteagatik sari bat eskuratzen duena, eskarmentu handikoa baita arlo horretan.

Euskal Herriko Marmitako Txapelketako lehenengo saria irabazi duzu; aurretik lehiatu al zara horrelako lehiaketaren batean?

Bai, iaz zazpigarren postua eskuratu nuen, eta aurrekoan, berriz, bigarrena.

Beraz, baduzu eskarmentua horrelako kontuetan...

Bai, noski! Duela astebete Algortako Portu Zaharreko jaiak izan ziren. Azken egunean marmitako txapelketa egiten da, eta horretan ere bigarren postua lortu nuen, 98 lapikoren artean.

Zer sekretu erabiltzen duzu plater hain onak prestatzeko?

Bat ere ez. Betiko gauzak, besterik ez: tipulak, piper berdea eta baratxuri pixka bat, gero saltsa ona eta, nola ez, hegaluze zati on bat.

Zenbat denbora eman duzu azken marmitako hori prestatzeko?

Goizeko bederatzi eta erdietan hasi naiz dena prestatzen, eta gutxi gorabehera, 12:30 arte aritu naiz aurrera eta atzera. Hortaz, hiru ordu eman ditut platera prestatzen.

Atzo bakailaoa pil-pilean egiteko txapelketa izan zen, eta azken sarirako ere balio dute. Hor parte hartu zenuen?

Ez, ez. Ni marmitakoarekin bakarrik ausartzen naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.