Hegaluzea, barazkiak, patatak eta norberak aukeratutako gehigarriak. Errezetak ez du osagaietan aldaketa handirik izango. Baina bakoitzak bere ukitua ematen dio marmitakoari, eta trikimailu txikien arabera asko aldatu liteke platera. Euskal Herriko leku askotan dago hura prestatzeko ohitura, eta gastronomia lehiaketak ere egiten dituzte hari lotuta. Hori aitzakia hartuta, urteak daramatzate Bakion (Bizkaia) egun osoko jaia antolatzen: bihar egingo dute aurtengo Marmitako Eguna.
Bide Zabal Txokoak antolatzen du jaia, eta tradizio luzea du, aurtengoa 57. aldia izango baita. Jendea egun horren zain egoten da herrian, Guillermo Martin antolatzaileak azaldu duenez: «Egun horretan, kuadrilla pila bat elkartzen dira, espazioa eta denbora partekatzen dute... Hori da gure ordainsaria: gozatzeko eguna da denontzat».
Sabino Arana etorbidean eta Txoperan egingo dute aurten lehiaketa. Izena ematerakoan jasoko dute parte hartzaileek marmitakoari jarri beharreko zenbakia, eta, hortik aurrera, parte hartzaileek eraman beharko dituzte osagaiak eta tresneria. 12:30etik aurrera aurkeztuko dituzte marmitak, eta guztiak dastatuko dituzte epaileek: aurkezpena, puntua eta zaporea baloratuko dituzte.
Lan ugari izaten dute epaileek: iaz, 134 kazola egin zituzten. Guztira, 2.500 edo 3.000 pertsona inguru elkartzen dira festan, Martinen arabera: «Ia denek kuadrillan parte hartzen dute; batzuek bi marmita ere egiten dituzte. Gero, kuadrillek beren karpak ekartzen dituzte, eta elkarrekin bazkaltzen dute kozinatutakoa».
Adin askotako herritarrek parte hartzen dute, bai lehiaketan, eta bai festan ere, Martinek esan duenez. Erantzuna ikusita, ideia ugari dituzte aurrera begira ere: esate baterako, hegaluzea nola mozten den ikasteko tailer bat antolatzea gustatuko litzaieke.
Lehiatik harago
Baina marmitakoa protagonista izanik ere, egiteko ugari izango da Bakion, jendea kazolak prestatzen ari den bitartean. Esate baterako, eszenatokiaren alboan zurezko koilarak taillatzen ariko Suola Art elkarteko artista, eta hori nola egiten duen ikusteko aukera izango dute. Ondoren, sari banaketan emango dituzte egindako koilarak. Horrez gain, aizkolarien erakustaldia egingo dute, 11:30ean, eta ordu berean hasiko da Gazte Leku txaranga herria girotzen.
Dena den, 12:30ean izango da ekitaldirik hunkigarriena. Izan ere, Maria Socorro Bilbao Laraudogoitia omentzeko ekitaldia antolatu dute. «Erabaki genuen urtero eguna baliatzea aitortza egiteko norbanako edo talde bati, herriari eman diotena eskertzeko. Soco deitzen diogu guk Mariari, urte askoan lan egin du udaletxean, administrazioan, bake epaitegian, hauteskunde guztietan... Aitortza hori egin nahi izan diogu», azaldu du Martinek.
16:30ean egingo dute sari banaketa, eta festa giroan bukatuko dute eguna, DJ festarekin.