Mundua ezagutzeko modu asko daude, eta ez dago beti trena edo hegazkina hartu beharrik. Ate bat irekita, askotan nahikoa izaten da. Tolosako (Gipuzkoa) Aradulce gozotegian sartzen denak —Kale Nagusiko 31.ean dago— ez du beharrik izango Rabatera, Marrakexera edo Tangerrera joateko, han bertan izango baititu gazela adarrak, briwat eta rkhama pasta goxoak, mendafin ukitudun teak eta opil tankerako ogi borobilak. Marokoren enbaxada txiki bat da Aradulce.
Izan ere, mundu asko bizi dira Euskal Herrian, eta, zehazki, Marokoko jatorria duten euskal herritarren komunitatearen behar bat asetzeko helburuz ireki zuen Ayman Seddik gozogileak Aradulce gozotegia, iazko abenduan: «Gozotegi eta okindegi arabiarra da, produktu arabiarrak ditugulako ardatz. Eskari bati erantzunez sortu da: Marokoko jendeak ez zuen aurkitzen estilo honetako tokirik Gipuzkoan, eta, zehazki, Tolosan». Zer gertatzen da, baina? Pasta horiek goxo-goxoak direla, eta Euskal Herriko beste hainbat herritar ere joan direla gozotegira: «Dezente gustatu zaizkie pastak; mundu guztiak esaten du oso desberdinak direla».
Desberdinak, bai, baina nolakoak? «Bereziki fruitu lehorretan oinarritzen dira. Ez dugu azukre eta gurin askorik erabiltzen: fruituari bere efektua egiten uzten diogu. Saiatzen gara azukrea ez ukitzen, naturalagoa izateko. Eztia ere erabiltzen dugu. Marmeladen nahasketak ere badira, eta nahiko zapore berezia ematen dio horrek gozogintza honi».

Marokon tipikoak diren pastak dastatu daitezke Aradulcen, eta ez dira industrialak: eskuz egiten dituzte, gozotegian bertan. Osagai eta prestaketa horiekin, zapore adina emaitza ditu Aradulceko sukaldeak. Gazelaren adarra du izena batek: ilargi erdi baten forma du, eta almendraz egina da. «Irin oso gutxi dauka; bereziki, pasta biltzeko erabiltzen da. Oinarri nagusia almendra da». Briwat da beste bat: «Kakahuetea du, eta sesamoa».
Marokoko jatorria ez dutenen artean, arrakasta handiena fruitu lehorrik ez duen batek izan du: txokolate zuriz eta limoiz eginda dago. «Hori da Euskal Herriko pasten antz handiena duena; akaso horregatik gustatu zaie gehien hemengoei», uste du Seddikek. Hala ere, bultzatzen ditu bezeroak besteak ere probatzera: «Gainera, galdetzen digute zer den zer, eta dena azaltzen diegu. Zer gomendatzen diegun ere galdetzen digute, eta azaltzen diegu. Nire gustukoena zein den galdetzen badidate, esaten diet».
Marmola ahora
Ezin galdetu gabe geratu. Rkhama da Seddiken kuttuna. Rkhama marmol da arabieraz; izena bera bada pista bat. «Bonba bat da. Txokolatez estalita dago, eta esne kondentsatua, kakahuetea eta eztia ditu osagai nagusi. Jaten baduzu, bi maratoi egin ditzakezu. Oso goxoa da, eta mimo handiz eginda dago. Egiteko zailena da, gainera, zatitu egin behar baita txokolatea apurtu gabe. Oso lan zaindua da», azaldu du gozogileak.
Marokoko jatorria duten euskal herritarrek ondo ezagutzen dituzte beren herriko pastak, eta jakin ohi dute zer aukeratu: «Almendra, kakahuete eta pistatxo mundura joaten dira».
Aradulcen, gainera, badakite begiekin ere jaten dela, eta garrantzi berezia ematen diote pasten dekorazioari: «Dekorazioa ezinbestekoa da pasta erakargarria izan dadin. Loreekin dekoratzen dugu: jan daitezkeen loreekin».

Esan gabe doa lan handia eskatzen dutela pasta horiek: eskuz eta mimo handiz egiten dituzte. Prozesua azaldu du Seddikek: «Dena aldi berean egiten dugu. Ezin da lana zatitu. Ezin da ogia bezala egin: ogia gaur egiten dugu, baina bihar kozinatzen dugu. Faseak bereizi eta luzatu daitezke. Pastek, ordea, ez daukate fermenturik, eta egindakoa bukatu behar da: egin, egosi, labean sartu, eta han bertan jaten da. Pazientzia handia eduki behar da».
Pastak, gainera, ondo lagunduta hartu behar dira. Horretarako zerbitzatzen dute tea, eta ez edozein: mendafin ukituduna. «Ez du esan nahi kafearekin ezin denik hartu; niri kafearekin gustatzen zait. Bereziki, tearekin laguntzen da», erantsi du Seddikek. Hori ez ezik, ogia ere saltzen dute Aradulcen buru-belarri diharduten bost lagunek: «Marokoko ogiak egiten ditugu: borobilak dira, tipikoak. Opilak bezalakoak dira, eta oso ohikoak dira Marokon». Jaki gaziak ere badituzte.
Amaren semea
Iazko abenduan zabaldu zutenetik, eduki dute astia gozotegiari neurria hartzeko. Horregatik egin dute pare bat hilabeteko geldialdia: lokala atondu eta egokitu dute, beharrak ondo asetzeko. Ireki berri dute Aradulce berria. Gozotegia irekitzeko ideia, berriz, lehenagotik zuen Seddikek: «Nire ama gozogilea da, eta etxetik datorkigu. Gauean, esnatzen nintzenean, pasta usaintzen nuen. Oso gozogile ona da, eta horrekin hazi naiz. Nire kontura zerbait egin nahi nuenez, erabaki hori hartu nuen».
Ez dute edonon ireki, gainera: «Nik Tolosan ireki nahi nuen. Nire kuadrilla osoa Tolosan dago, eta herria beti gustatu zait. Hemen hazi naiz, eta beti eduki dut hemen egiteko gogoa». Gainera, gozogintzaren erdigune garrantzitsu bat da Tolosa: «Inguruan ditugu Eceiza, Rafa Gorrotxategi, Gozonako Raquel... Jende aparta!».
Edozein kasutan, Aradulce probatu duena itzuli egin da; argi esaten du hori Seddikek. «Zerbait desberdina probatzeko beharra ase nahi dugu. Denok dugu jakin-mina, eta gauza desberdinak probatu nahi dituenak badaki nora etorri. Zapore hauek beste leku batera eramaten zaituzte. Maroko ezagutzeko modu bat da».
Aradulcetik irtendakoek ez dutela Rabatera, Marrakexera edo Tangerrera joateko beharrik izango? Handik irtetean, ziurrenik, inoiz baino biziago izango dute Maroko bertatik bertara ezagutzeko gogoa.