Max plataformak Harry Potterri buruzko telesail bat egingo du

AEBetan maiatzaren 23an jarriko dute martxan Max. Euskal Herrira datorren urtean iritsiko da

Harry Potter eta herioaren erlikiak: 2. zatia filmeko irudi bat. BERRIA.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Warnerrek eta Discoveryk bat egin eta urtebetera, streaming plataforma bateratua iragarri dute. Max izango du izena, eta bertan kabituko dira orain arte HBO Max plataforman zeuden edukiak, baita Discovery Plus zerbitzuan dauden beste asko ere. Baina Discovery Plus plataforma ez da desagertuko AEBetan. Hilero 40 eduki gaineratuko dituzte, gutxienez, plataforma berrian. Eta bada ekoizpen bat munduko txoko askotan zeresana emango duena: Harry Potterren inguruko telesaila. J.K. Rowling liburuen idazleak ekoizle eragile moduan parte hartuko du telesail berrian.

AEBetan, maiatzaren 23an jarriko dute martxan Max. Lehendik HBO Max zerbitzuko harpidedunak direnek ez dute ezer egin beharko plataforma berrira pasatzeko. Edonola ere, aukera izango dute harpidetza merkeago bat kontratatzeko, iragarkiekin. Latinoamerikan, urte honen amaieran zabalduko dute Max. Euskal Herrira eta Europako herrialde gehienetara, berriz, 2024ko lehen hilabeteetan iritsiko da Max. Munduko beste kontinenteetara zabalduko da gero.

Hego Euskal Herrian, egun HBO Max plataformako harpidedunak direnentzat ez da aldaketarik izango, oraingoz; Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, beste zerbitzu batzuetan daude ikusgai eduki horiek.

AEBetan harpidetza garestiago bat ere sortuko du Maxek, eta edukiak 4K UHD bereizmenean ikusi ahalko dira.

HBO marka, Max barnean

Plataformaren izenetik kenduko dute HBO, baina Warner Bros Discovery konpainiako zuzendari eragile Jean-Briac Perrettek iragarri du HBO marka Max plataformaren barnean mantenduko dutela: «Guztioi gustatzen zaigu HBO, eta bost hamarkadatan eraiki den marka bat da». Nabarmendu du, halaber, Max plataforma berria erabiltzeko errazagoa izango dela, nabigazioa sinplifikatuko dutela, eta HBO Maxek baino aukera pertsonalizatuagoak eskainiko dituela.

Edukien artean, hainbat telesail berri iritsiko direla iragarri dute. Tartean izango da The Penguin —Colin Farrell aktoreak jokatuko du pertsonaia gaizto protagonista—. True Detective: Night Country telesailean arituko da, berriz, Jodie Foster aktorea. Stephen Frears zinemagileak The Regime telesail berria zuzenduko du, eta, bertan, Kate Winsletek diktadore batena egingo du. The Sympathizer izango da beste telesail berrietako bat —Robert Downey Jr aktoreak lau pertsonaia jokatuko ditu—. Gainera, Big Bang Theory-ren spin-off bat egingo dute. Gremlinen inguruko animaziozko fikzio bat ere iritsiko da. Fikziozkoak ez diren askotariko edukiak sartuko dituzte Discoveryren marken bitartez.

Warner Bros Discovery konpainiak 96,1 milioi harpidedun ditu egun munduan —HBO Max eta Discovery Plus batuta—, eta haren asmoa da 2025erako 130 milioi harpidedunera iristea. Urrun dago Netflixen datuetatik, plataforma horrek egun 223 milioi harpidedun inguru baititu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.