Mendekotasuna: zauriak orbaintzen

Arazoak estaltzeko modu bat da drogen kontsumoa. Mendekotasuna atzean uzteko egoitza batean bizi dira Maria, Unai eta David. Gradu amaierako lanen BERRIA lehiaketaren irabazlea da erreportaje hau.

IRATI PELUAGA
IRATI PELUAGA
Leire Yue Ortubai Ibabe
2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Biribilean eserita daude hamar pertsona. «Bikotekide ohiari minbizia atzeman zioten. Egoerari aurre egin beharrean, dena drogekin eta alkoholarekin estaltzen saiatu ginen», dio Mariak —izen asmatua da—. Astelehenero legez, autolaguntza taldean bildu dira denak. Hartan, bakoitzak bere esperientziak eta sentimenduak kontatzen ditu. Psikoterapeuta batek gidatzen du bilkura, baina pazienteek asko laguntzen diote elkarri, helburu bera baitaukate denek: mendekotasuna atzean uztea. Gizakia Helburu proiektua Arabako Jeiki fundazioak kudeatzen du, eta haren barruan, psikologoekin eta gizarte hezitzaileekin batera lan egiten dute erabiltzaileek, kontsumitzera bultzatu dituzten arrazoietan sakontzeko eta bizitza berriro ere egituratzeko helburuarekin.

Kontsumitzen duten substantzia iragan bihurtzea ez ezik, kontsumitzera eraman zituzten arazoen erroari heltzea ere bada helburua. Unaik —izen asmatua hori ere— lau hilabete daramatza egoitzan, eta argi dauka zergatik sartu zen han: «Nire sentimenduak adierazten ikasteko erabaki nuen hemen sartzea. Drogak kanpoan utzi nituen, sartu baino lehen». Izan ere, egoitzan egoteko badago betekizun bat: sartu aurretik hamabost bat egunean substantziarik ez kontsumitzea.

Errutina berbera da astero. Goizetan, terapia eta autolaguntza saioa izaten dute, taldeka. Arratsaldeetan, tailerrak: literatura, argazkigintza, biodantza, zeramika... Astearte goizetan euren prozesuaren inguruko hitzaldiak izaten dituzte: Emozioak eta sentimenduak eta Autoestimua eta autokontzeptua, besteak beste. Ostegunetan, berriz, oihu terapia izaten dute. Arratsalde batzuetan, kirola. Ainara Martinez de Lafuente egoitzako psikologoak azaldu duenez, ordutegi «zurruna» daukate, zurruntasuna baita guztiaren oinarria egoitzan.

Gakoak: egitura zurruna eta arauak

Martinez de Lafuenteren ustez, zurruntasunak asko laguntzen die pazienteei euren burua egituratzen. Psikologoak azaldu du kanpoan zeudenean ez zeukatela ordutegirik eta «nahi zutena» egiten zutela. Hain zuzen, ziurtatu du egitura finkorik ez izateak «kontrolik eza» ekarriko lukeela.

Monica Freire gizarte hezitzailea da, eta egoitzan aritzen da, heziketa zereginetan. Hark esan duenez, egoitzan arauak, bizikidetza eta mugak berriro barneratu behar izaten dituzte erabiltzaileek. Kontu txiki bat izan daiteke abiapuntua; adibidez, ohea egitea: «Berriz erortzeko bideak ez du zertan kontsumotik hasi; garrantzirik ez daukatela diruditen eguneroko gauza txikietatik ere has daiteke». Aratz Porras programaren koordinatzailea da, eta bat egin du Freirerekin: «Mendekotasunaren ondorioz, jendeak kontu garrantzitsuak uzten ditu bidean, barneratuta dauzkagun eguneroko gauzak, txikikeriak diruditenak; hortzak garbitzea, esaterako». Kontsumitzen hasten direnean, konstantzia, konpromisoa eta ardura «alboratu» egiten dituztela gaineratu du Porrasek, eta arauak direla suspertzen hasteko lehen pausoa.

«Berriz erortzeko bideak ez du zertan kontsumotik hasi; garrantzirik ez daukatela diruditen eguneroko gauza txikietatik ere has daiteke»

MONICA FREIRE Gizarte hezitzailea

Paziente batzuentzat ezagunak dira arau horiek, lehenago egoitzan egon eta berriro ere kontsumitzen hasitakoak baitira: David da horietako bat —izen asmatua da—. Kontsumoagatik, semearen zaintza galdu zuen. Orduan sartu zen egoitzan lehen aldiz. Zazpi hilabete geroago, sendagiri terapeutikoa lortu eta semearen zaintza berreskuratu zuen. Dena okertu egin zen gerora, ordea: beste arazo batzuk azaleratu zirenean, berriz ere kontsumitzen hasi zen. Horren zergatia argitu du Davidek: «Egoitzan egon nintzen lehen aldian, semea berreskuratzeagatik egin nuen ahalegina, nigatik egin beharrean. Ez nuen landu benetan landu behar nuena».

Terapia «gogorra» da, barrura begirako lan handia eskatzen baitu. Egoitzan egonda sufritzen ez duena zerbait gaizki egiten ari da, Unairen esanetan: «Mintzen zaituzten gaiak jorratzeko prest egon behar duzu. Zure arazorik sakonenak jorratu ezean, irteterakoan berriro hasiko zara kontsumitzen». Haren ustez, asko nabaritzen da egoitzako erabiltzaile batek noiz egiten duen aldaketa bere burua zaintzeagatik, eta noiz familiak edo epaileak hala agintzeagatik.

Taldearen garrantzia

Martinez de Lafuentek «taldeak daukan garrantzia» azpimarratu du. Eguneroko eginbehar asko taldeka egiten dituzte. Erabiltzaileek eurek egiten dituzte bazkariak eta afariak, baita horrek dakartzan betebehar guztiak ere. Lantaldean hartzen dituzte ardurak; horri esker, egunerokoan lan esparruan izaten diren harremanen antzekoak sortzen dituzte.

Modu berean, arazoak baldin badauzkate elkarren artean, aurre egin beharko diete arazo horiei. Zentrotik kanpoko bizitzan, «ihes egitea» hautatuko lukete ziurrenik, baina egoitzan ezin dute halakorik egin; afalorduan guztiak elkarrekin egoten dira, eta ez dute ihesbiderik. Arazoei nola erantzuten dieten ikusteko aukera izaten dute halakoetan. Porrasek nabarmendu du pazienteek gabeziak izaten dituztela harremanak sortzeko orduan. «Egoitzara sartzen direnek zailtasun larriak izaten dituzte harreman orekatu eta osasuntsuak izateko, eta, hain zuzen ere, hori dela-eta egiten ditugu hainbeste jarduera taldeka».

«Egoitzara sartzen direnek zailtasun larriak izaten dituzte harreman orekatu eta osasuntsuak izateko, eta, hain zuzen ere, hori dela-eta egiten ditugu hainbeste jarduera taldeka»

ARATZ PORRAS Gizakia Helburu proiektuaren koordinatzailea

Afalordua iristear da, eta Maria sukaldean dabil; Unai sofan dago, telebista ikusten; David, berriz, kanpora atera da, erretzera. Kozinatu behar ez dutenek tarte horretan zer egin erabaki dezakete. Bakoitzak bere denbora kudeatzen ikasi behar izaten du hor. Martinez de Lafuentek azaldu du egoitzan denbora librea daukatenean ikusten dela zer egingo duten kanpoan, aisialdian; tarte horrek aukera ematen die gustuko zer duten esploratzeko, «ordura arte aisialdiko denbora nagusiki kontsumoari eskaini izan baitiote».

Mariak adierazi du ez zaiola askorik kostatu kontsumitzen zuen substantzia uztea. Sakonean duen arazoari aurre egiten ari zaio orain. 47 urte izan arte ez da gai izan inori egia esateko. Onartzeko zailak diren kontuak onartu behar izan ditu, baina inoiz hartu duen erabakirik onena delakoan dago. Are, aitortu du hobe zatekeela erabaki hori hogei urte lehenago hartzea, baina gainerat egoitzan sartzeko ordua orain iritsi zaiola, eta oso pozik dagoela. Esan duenez, pozik dago bera, eta baita maite dutenak ere.

Neba batek jo eta bortxatu egiten zuen Maria txikitan. Uste zuen ahaztuta zeukala eta horrek ez ziola eragiten, baina, aitortu duenez, orain, egoitzan, «kontsumitu gabe eta guztiz zintzoa izanda», konturatu da eragiten diola: «Oso ondo moldatzen naiz jendearekin harremanak sortzeko orduan, boteretsua naizen irudia eman nahi izaten dut beti, eta lotsa ematen dit zer gertatu zitzaidan aitortzeak».

«Beste jarduera batzuk probatzeko gogoa daukat. Neure burua ezagutu nahi dut, orain arte ez bainekien nor naizen ere. Baina ondo nago hemen. Orain hemen egon behar dut; hau da dagokidan lekua»

MARIA Jeiki fundazioaren Gizakia Helburu proiektuko pazientea

Porrasek azaldu du ohikoak direla horrelako kasuak, egoitzan dauden askok «trauma larriak» sufritu baitituzte. Pazienteen kasu askok lotura dute «txikitan eskolan sozialki ez egokitzearekin», adituen esanetan. Horrek «kalte handia eta ezinegona» eragin dizkie, eta horregatik jarraitu izan dute kontsumitzen substantziaren bat lehen aldiz probatu eta gero, «ondoez hori arintzeko asmoz».

Porrasek adierazi duenez, emakumeen traumen zergatia «muturreko egoerekin» lotuta dago gehienetan: «Esango nuke emakumeen kasuan traumak, erasoak eta biolentzia egon direla kasuen %90ean baino gehiagotan, eta oso esanguratsua da hori». Gainera, gehienetan, gizonen eta emakumeen kopurua ez da orekatua izaten egoitzan. 2020tik 2023ra, %77 gizonezkoak izan ziren, eta %23 emakumezkoak.

Egoitzaren babesetik kanpoko argitara

Paziente guztiek ez dute denbora bera ematen egoitzan, nahiz eta egonaldia «11 hilabete ingurukoa» izaten den gehienetan. Aldi hori bukatu eta gero, gizarteratze fasean sartzen dira pazienteak. Pixkanaka-pixkanaka ematen dituzte pausoak fase horretan. Kalean egon arren, oraindik ere egoitzako psikologoengana joaten dira bizitza berregituratu bitartean; hasieran oso maiz egiten dituzte bisitak, baina, pixkanaka murriztu egiten dute saio kopurua. Urtebete inguru irauten du fase horrek, eta, bukatzean, sendagiri terapeutikoa ematen diete erabiltzaileei.

Egoitza uzteko oraindik «hilabeteak» beharko dituzten arren, argi daukate etorkizunean zer egin nahi duten: Unaik ikasi egin nahi du, «lana lortzeko». Davidek lana bilatuko du «irten bezain laster», baina, batez ere, «semearekin egoteko gogoa» dauka. Mariak ere alabarekin egon nahi du, eta «lasai» bizi. Ez dauka gogorik bidaiatzeko, ezta aparteko ezer egiteko ere. Maite dituenekin igaro nahi du denbora, eta aisialdian zer egitea gustatuko ote zaion jakin nahi du, kontsumoaren ondorioz ez baitu aukerarik izan bere burua ezagutzeko: «Beste jarduera batzuk probatzeko gogoa daukat; pintura eskoletara joan, antzezlanak ikustera joan... Neure burua ezagutu nahi dut, orain arte ez bainekien nor naizen ere». Egoitzatik irtetean bizileku izango duen pisua prestatzen ari da Maria. Ia dena prest dauka jada. Egoitzatik irteteko irrikan dagoen galdetuta, erantzun du gogoa izan arren ez dagoela arduratuta horrekin: «Ondo nago hemen. Orain hemen egon behar dut; hau da dagokidan lekua».

«Pozik» dago egoitzan. Hasieran «gogorra» izan bazen ere, konturatu da bertan egon behar duela. Laster etxean egongo da, alabarekin, baina lehenago behar bezainbeste denbora eskaini behar die arazoei. Arazoak landu eta zauriak zaindu ezean berriro erori egingo da eta. Hori bai, ziur dago ez dela halakorik gertatuko, zauria jada orbaintzen ari baitzaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA