Eskuetan pala bana hartuta iglu bat egin behar izan zuten orain urte batzuk Bego Gonzalezek (Bilbo, 1976) eta Elixabete Arbek (Bilbo, 1984), mendiaren magalean. Lau orduz aritu ziren lanean, eta, behin eginkizuna amaitutakoan, bertan pasatu zuten gaua. Horrelako bertze mila istorio dituzte kontatzeko, eta horretarako sortu dute Elkarregaz proiektua, bertze bi lagunekin: esperientziak elkarri kontatzeko eta ahalduntzeko. GR11, zeharkaldi bat baino gehiago izeneko hitzaldiak ematen ari dira gaur egun.
Zeharkaldia baino zer gehiago da GR11?
ELIXABETE ARBE: Aberastasuna eta kontatzeko kontu asko. Baina, batez ere, gure artean sortu den harreman berezi hori. Gure helburua ez zen zeharkaldi bat egitea; bueno, hori ere bai, baina berdin zitzaigun zer bide egin.
BEGO GONZALEZ: Zaila da azaltzen, baina oso harreman estua eta bitxia sortu dugu. Mendiak asko lagundu du horretan, ikuspegia zabaldu digulako eta amets berri asko sortu dizkigulako.
Beti izan zarete lau?
ARBE: Ez, hasieran hiru ginen, eta gero urte batez gutako batek etxean geratu behar izan zuen, eta beste bat etorri zen gurekin. Beti izan gara lau, baina ez beti aldi berean.
Oraingoan, bai.
ARBE: Bai, guretzat garrantzitsua zen laurok batera egitea azken etapa, eta udara honetan lortuko dugu.
GONZALEZ: 2021ean hasi genuen GR11ren proiektua, baina etapaka egin dugu, eta udan bukatuko dugu. Bi asteko egonaldia geratzen zaigu.
«Ikasi dugu materiala nola erabili, zeri kasu egin, zerekin amestu, nola iritsi... baina uste dut gehienbat ikasi dugula beldurrik ez izaten»
BEGO GONZALEZMendizalea
Txakurrak beti joan dira zuekin?
GONZALEZ: Ahal izan dugun guztietan, bai. Eta, egiari zor, oso egun gutxi egin ditugu txakurrik gabe. Eremu batzuetan oso kontrolatua egoten da txakurren afera, eta lotuta eraman behar izaten dira denbora luzez. Inguruan zebiltzan lagun batzuekin utzi genituen txakurrak lau bat egunez, eta gero berriz hartu genituen etapa gurekin buka zezaten.
ARBE: Guretzat, taldearen parte dira, eta konpainia izugarria egiten digute. Ederra da haiek gozatzen ikustea; uste dut denok gozatzen dugula elkarren ondoan.
Kilometroei eta denborari begira aritzen zarete?
ARBE: Ez, helburua gozatzea izan da beti; ez dugu inoiz kilometro kopururik jarri helburu gisa, eta beti egokitu izan gara geure neurrietara.
Anitz trebatuko zineten.
GONZALEZ: Asko-asko ikasi dugu bidean. Ikasi dugu materiala nola erabili, zeri kasu egin, zerekin amestu, nola iritsi... baina uste dut gehienbat ikasi dugula beldurrik ez izaten. Mendizaleak gara laurak, baina asko aldatu zaigu mendiarekiko geneukan ikuspegia. Orain askoz ere lasaiago ibiltzen gara.
ARBE: Maila pertsonalean aldaketa handiak egon dira, baina talde moduan asko indartu gara, eta harremana ere asko estutu da. Lehendabiziko bidaia hartatik bueltan ohartu ginen zerbait egin genezakeela geure proiektuarekin.
Eta horrela hasi zineten hitzaldiak ematen.
ARBE: Bai, baina barrura begira ere asko prestatu gara. Taldekide bakoitzak formakuntza bat egin du: baso bainua, mendiko gidaritza titulua, elikadura kontzientea, yoga...
GONZALEZ: Ikusten genuen oso-oso ondo moldatzen ginela, eta bazegoela indar handia ematen zigun zerbait. Erabaki genuen emakumeengandik eta emakumeentzako zerbait sortzea, eta horrela hasi ginen.
«Formakuntzetan hasi baino lehen, ni nahiko menpekoa nintzen mendian, gizonen menpekoa. Eskalatzen nuen, eta maiz joaten nintzen mendira, baina beti egoten nintzen gizonen baten menpe»
ELIXABETE ARBEMendizalea
Mendia maskulinoa delako oraindik?
GONZALEZ: Bai, goi mendiak batez ere, baina ertainak ere bai. Horregatik ari gara gure esperientzia kontatzen, erakutsi nahi dugulako gu geu nahikoa garela mendian bizirik irauteko.
ARBE: Formakuntzetan hasi baino lehen, ni nahiko menpekoa nintzen mendian, gizonen menpekoa. Eskalatzen nuen, eta maiz joaten nintzen mendira, baina beti egoten nintzen gizonen baten menpe. Formakuntza jasotzen hasi nintzenean eta bidelagunak ezagutu nituenean, konturatu ginen horrek ezin zuela horrela izan.
Ez zineten bakarrak izanen, ziur aski.
GONZALEZ: Topaketa bat egin genuen iragan maiatzaren 16an, eta sekulako poza hartu genuen. Bizimodu eta adin oso desberdinetako emakumeak etorri ziren gugana, eta oso aberasgarria izan zen.
ARBE: Askok esaten ziguten mendian atzean uzten zituztela maiz, edo denbora jakin batean sartzeko helburuz joaten zirela ibiltzera. Gurea oso bestelako erritmoa da: gu ez goaz markak ezartzeko asmoz, baizik eta taldea osatzeko eta zaintzeko asmoz.
GONZALEZ: Topaketan parte hartu zuten batzuek bi orduan egingo lukete guk egin genuen bidea, baina egun osoa eman genuen horretan, eta astiro joaten zirenek izugarri eskertu zuten. Kontuan hartu 30 urtetik hasi eta 80 urtera bitarteko emakumeak bildu ginela.
Autonomoak zarete orain, ezta?
ARBE: Guk geuk egiten dugu dena. Kanpin denda bat eramaten dugu, eta bertan prestatzen dugu janaria, bertan bizi. Urtetik urtera gauza gehiago ikasten ditugu, eta orain lehen baino sueltoago gabiltza.
GONZALEZ: Bai, eta bidearen beste gauza on bat da elkarrekin trebatu garela. Alegia, bakoitzak bere bidea egin du, baina elkar elikatzen aritu gara une oro, eta elkarrekin ari gara dena sortzen. Ahaldundu egin gara, bai mendizale moduan, bai emakume moduan.
Orain hori kontatu egin behar da.
ARBE: Mendiaren historia gizonek kontatu dute beti; konta dezagun gurea, ezta? Topaketan ere esperientzia pila bat bildu genituen, eta uste dut ahalduntze kolektibo moduko bat izan zela han bizitakoa. Euren artean ere harreman estua egin zuten, eta gerora ere geratu dira planak egiteko.
GONZALEZ: Azken hitzaldiotara etorri direnek eskatu digute mesedez abisatu diezaiegun hurrengo txangoak-eta egiterakoan, gurekin etortzeko. Uste dut emakume sare eder bat sortzen ari garela mendirako.
LOTSABAKO
Euskal Herriko mendi bat?
BIEK: Gorbeia.Pirinioetakoa?
GONZALEZ: Tuc de Mulleres. ARBE: Vignemale.Eta lo egiteko?
BIEK: Kanpin denda bat, edozein lekutan.