Donostiako Aste Nagusia

Merina Gris: kontzertu bat maskarak kenduta

Zeregin ugari izaten dituzte musikariek kontzertuen aurretik: furgoneta kargatu, bidaiatu, oholtza prestatu, soinu proba egin… Eta, amaitzean, dena jaso eta materiala itzuli. Luzea izan arren, prozesu osoak merezi duela esan dute Merina Griseko kideek.

Merina Gris taldeko kideak, kamerinoan, oholtzara igo aurretik prestatzen, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU
Merina Gris taldeko kideak, kamerinoan, oholtzara igo aurretik prestatzen, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU
ane insausti barandiaran
Donostia
2025eko abuztuaren 14a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hamabost minutu eskas falta dira kontzertua hasteko. Betaurreko galaktikoak jantzi ditu Sarak kamerinoan. Metalezko jaka lotzen lagundu dio Paskali. Lurrera eroritako maskararen zilar koloreko tela zati bat eman dio Paskalek Juleni. Merina Gris taldeko kideak dira, eta Donostiako Aste Nagusian jotzear daude, Flamenkan. Lurrera begira, kontzentrazioaren eta urduritasunaren arteko oreka bilatu nahian igo dute oholtzarako aldapa, eta erritu bihurtua duten besarkada eman diote elkarri. «Orain, gozatzera!». Hasi da kontzertua, eta harrera beroa egin diete Flamenkan, aho batez kantatuz: «Lotu zure txakurrak».

MERINA GRIS
Merina Gris taldekoak, besarkatuta, kontzertua hasi baino lehenago. ANDONI CANELLADA / FOKU

Prestaketa askoz ere lehenago hasi da, ordea. 

17:25. Furgoneta zuri bat iritsi da Donostiako Martutene auzoko 27 Poligonora. Maletategia ireki dute Paskalek eta lantalde teknikoko beste hiru kidek, eta entsegu lokalean prest dituzten kaxak sartzen hasi dira: MG siglak dituzte inskribatuta, taldearen ohiko tipografiarekin. Musikarien tresnak dira, eta kontzerturako beharrezkoak diren argien ondoan egin diete lekua, gero deskargatzeko. «Gaur, furgoneta etxean geneukanez, jende gutxiago elkartu gara lokalean, Flamenkara furgoneta bakarrean iristeko», azaldu du Paskalek.

Berehala abiatu dira Flamenkarantz, azken egunetako pasadizoak elkarri kontatuz. Eszenatokiaren atzeko alderaino sartu dira furgonetan, eta atzerako martxan aparkatu dute, hozkailuen, energia sorgailuen, kamerinoaren eta garagardo upelen artean lekua eginez. Orduantxe agurtu dituzte Donostiako Piratetako musika lantaldeko kideak; kamerinoa zein izango den azaldu diete, eta kaxak furgonetatik eszenatokira igotzen hasi dira, denborarik galdu gabe. «Beti bezala, furgoneta kargatu ez dutenak berandu datoz», esan du Paskalek, barrez.

(ID_17551699486185) (/EZEZAGUNA)
Merina Gris taldeko kideak oholtza prestatzen, atzo arratsaldean. BERRIA

Handik gutxira agertu dira Julen eta Sara —taldeko kideek ez dute abizenik ematen—, eta taldekideak agurtu orduko hasi dira haiek ere muntaketa lanetan, hara eta hona. Alfonbrak, bateria, teklatua. Kableak hemendik eta kableak handik. Nork bere zeregina du oholtza gainean, Paskalen hitzetan: «Normalean, bakoitzak bere instrumentua muntatzen du, eta laguntza izaten dugu, beste kide bat etortzen baita gurekin. Ordu eta erdi edo bi ordu igarotzen dira iristen garenetik dena muntatzen dugunera arte».

Ordutegiak zorrotz

Ohartzerako, hasia da atzerako kontaketa, ordutegi zehatza izaten baitute taldeek eszenatokia muntatzeko eta soinu proba egiteko. Horixe da Piratetako musika lantaldearen zeregin nagusietako bat, bertako kideek azaldu dutenez: ordutegiak betearaztea. «Ordutegi batzuk ditugu taldeentzako, eta, ez badira errespetatzen, dena berandutzen da. Taldeei aurrez bidaltzen diegu, eta esaten diegu nahitaez bete behar dela. Teknikarien baldintzak bermatzeko modua ere bada, ordu asko ematen baitituzte hemen, eta deskantsatu egin behar dute». 

Zazpi kideko lantaldea da musikarekin loturikoa, baina bina pertsona egoten dira egunero arduradun, txandaka. Gutxi gorabehera, 16:00etan hasi eta 04:00ak arte egiten dituzte txandak. Izan ere, soinu probak hasi baino lehen joaten dira gunea bezperatik nola geratu den ikustera eta hura pixka bat txukuntzera, eta haiek ixten dute gunea, musika taldeek dena jaso eta alde egin ondoren. Orduan ere erlojuari begira aritzen dira zorrotz, baina bestelakoa da arrazoia: «Nahiz eta txanda eduki, gero parranda egin nahi dugu, beraz...».

Abendu eta urtarril aldean hasten dira lanean, lehen proposamenak egiten, eta, pixkanaka, taldeekin harremanetan jartzen, egitaraua osatzeko. Zenbait irizpide kontuan hartzen saiatzen dira: «Taldeak euskaldunak izatea, emakumeen presentzia bermatzea ehuneko handi batean, donostiarrak izatea, oholtza gainean etxeko giro hori sortzeko... Eta, noski, hori guztia ekonomikoki zer muga ditugun kontuan hartuta». Urtarrilean hasten dira, bai, baina azaldu dute hurrengo urterako jada kontzertu batzuk hitzartuta dauzkatela.

Hasi dira lehen bateria kolpeak. Eta mikrofonoa ere badabil: bat, bi eta hiru; probatzen. Soinu proba hasi da, eta tarte horretan beste furgoneta bat iritsi da —grisa oraingoan— oholtzaren atzeko aldera. Bengo taldekoak dira; beren materiala dakarte. Haiek joko dute Flamenkan Merina Grisen aurretik. Hala izaten dela azaldu dute: kontzertua azkena ematen duenak egiten du soinu proba lehenik.

(ID_17551699281815) (/EZEZAGUNA)
Merina Grisen oholtzako prestaketak, atzo. BERRIA

Hortaz, oholtza prestatu eta gutxira desegin behar izaten dute dena berriro taldekideek, hurrengo taldeari lekua uzteko. Inguruko txoko guztiak aprobetxatzen dituzte, leku aldaketa ahalik eta erosoena eta azkarrena izan dadin denentzat: gitarrak kamerinora, tarima bat eszenatoki ertzera, eta argiak oholtzapera, bertara igotzeko aldaparen albora. «Okerrena ez da gero berriz muntatu behar dugula, okerrena da kontzertu aurreko tentsiopean egin behar dugula berriz dena, argi gutxiago dagoela... Antzerki obra bat egin aurretik jendeak zu ikustea bezalakoa da. Magia pixka bat kentzen dio, baina, bueno, ohituta gaude», aitortu du Julenek.

Eta dena ez da kontzertuarekin batera amaitzen, noski. Merchandising postura joan behar dute, jendearekin egon, eta dena jaso. Rolak banatzen dituzte horretan: Julen eta Sara joaten dira diskoak eta arropa saltzera, eta zaleekin hitz egitera, «oraindik adrenalina eta euforia hori» presente dutela, Julenen hitzetan. Paskalek, berriz, nahiago izaten du dena jasotzen eta furgonetan sartzen hasi, bukatu orduko jendearekin egotea gehiago kostatzen baitzaio. Ordu eta laurden ingururen buruan izaten dute furgoneta kargatua, eta orduan hasten dute itzulerako bidaia; lokalean materiala gorde, eta etxera. «Beste bi edo hiru ordu, erraz».

Etxeko oholtzan

Esfortzuak esfortzu, berezia dute kontzertua —atzo egin zuten—, etxean joko baitute. Donostiarrak dira, eta aurrez arituak dira piraten mugimenduan. «Hemen txandak egiten hazi gara gu; batzuk beste batzuk baino gehiago, baina gure plaza da hau», esan du Paskalek. «Ni urduriago nago etxean jotzeagatik, eta lotsa ere agian presenteago daukat gaur, baina, era berean, zureen aurrean jotzeak ere ematen dizu harrotasun puntu bat, eta ilusio berezia egiten du, zalantzarik gabe», onartu du Julenek ere.

Musika lantaldeko kideek gustura entzuten dituzte halakoak. «Talde askok hemen jo nahi izaten dute. Hiriko antzokien egoera ikusita —Doka itxita dago; Dabadaba irekita, baina ez da oso handia…—, talde askorentzat hau da diskoa aurkezteko oholtzarik onena. Eta, horrez gain, badakite nora datozen: badakite ez dela udalaren programazioa, herri mugimenduarena dela, autogestionatua… Gutxieneko baldintza batzuk bermatuta, denok jartzen dugu geure aldetik pixka bat; horri esker eramaten dugu hau guztia aurrera, eta oso eskertuta gaude».

MERINA GRISEN KONTZERTUA
Merina Grisen kontzertua, jendez lepo, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU

Asteburuetan soilik izaten dituzte kontzertuak Merina Grisekoek, eta haien denbora librearen zati handi bat hartzen du birak. Baina horixe da gakoa, taldekideen ustetan: aisialdia ere horren parte izatea. Soinu probak bukatuta, piratek prest utzitako patatak, gominolak eta fruitu lehorrak jaten hasi dira. Paskalentzat, esaterako, une hori da kuttunena. «Afaldu arteko tarte hori daukagu lasai egoteko, pultsazioak jaisteko. Gaur [atzo] piratekin, besteetan beste edozein tokitako jendearekin. Jendea ezagutzen duzu, eta gustura egoten zara». 

Julen ere bat dator. Asteburu osoa «hipotekatu» arren, lagunekin egoteko modu bat da kontzertuen bira. «Niri galdetuko balidate ea nahiago izango nukeen kontzerturako bakarrik etorri, ezetz esango nuke. Merezi du prozesu guztia bizitzea, —ondo egonez gero—: bandarekin furgonetan sartzea, hizketan aritzea, beste taldeekin edo antolakuntzarekin harremanak izatea… Ez dut kontzertu bat imajinatzerik hori gabe». 

Hamabost minutu eskas falta dira kontzertua hasteko. Betaurreko galaktikoak jantzi ditu Sarak kamerinoan. Metalezko jaka lotzen lagundu dio Paskali. Lurrera eroritako maskarako zilarrezko zati bat eman dio Paskalek Juleni. Lurrera begira, kontzentrazioaren eta urduritasunaren arteko oreka bilatu nahian igo dute oholtzarako aldapa, eta erritu bihurtua duten besarkada eman diote elkarri. «Orain, gozatzera!». Hasi da kontzertua, eta harrera beroa egin diete Flamenkan, aho batez kantatuz: «Lotu zure txakurrak». Ordu eta laurdeneko kontzertua eman dute, eta pare bat ordu gehiago izan dira dena jaso eta etxera iritsi direnerako, hori guztia baitago kontzertu baten maskararen atzean; baina «merezi du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.