Zoraida Freixa Ikerbasqueko ikertzaileak (Bartzelona, 1971) metalen arlo kimikoa ikertzen du EHUn. Teoriaz gain, metalaren alor praktikoak ikertzen ditu laborategian, argiaren propietatearekin uztartuz. Bere ikerlana aurkezteko, azaroaren 25ean hitzaldia emango du Donostiako Ernest Lluch kultur etxean, 19:00etan. Qué sabemos de... hitzaldi zikloaren barruan dago, zeina Materialen Fisika Zentroak antolatu baitu bederatzi urtez. Aurten, kimikari omenaldia egingo zaio, EHUko Kimika Fakultatearen 50. urteurrena ospatzeko.
Zergatik erabaki zenuen kimika ikastea?
Eskolan atomoa azaldu ziguten lehen aldiz. Irakasleak marrazki bat egin zuen arbelean: zirkulu batzuekin, nukleoa eta elektroiak bueltaka zituela. Eta niri oso sinplea iruditu zitzaidan hori, eta irakasleari galdetu nion ea atomoa benetan hain sinplea zen. Eta hark ezetz erantzun zidan, baina horrela azaltzen ari zitzaigula, uler genezan. Hainbesteko amorrua eman zidan orduan, non esan bainuen: «Ikusiko duzu nola ulertuko dudan!». Txorakeria horren ondorioz erabaki nuen ikasi nuena ikastea. Erabaki hori 10 urterekin hartu nuen, eta hemen jarraitzen dut.
Atomoa zertan datzan ulertu nahian, beraz?
Bai. Oraindik ulertzen saiatzen ari naiz; beraz, zaila zen, bai! Kimika gradua hasi nuenean, beste bide batetik joan nintzen, eta atomoa jada ez zen galdera nagusia. Baina egia da noizean behin itzultzen naizela.
Zerk erakarri zintuen gehien kimikatik?
Gauzak nolakoak diren ulertzen saiatzeak; materia urratsez urrats zatituz joateak eta nola jokatzen duen ikusteak. Egia esan, askoz gehiago erakartzen ninduen kimika teoriko hutsak, elementu desberdinen portaera ulertzeko ahalegina egin nahi nuelako. Baina esperimentu asko egin nituen; laborategian probak egiten ditut.
Teoria eta praktika nahasten dira, beraz?
Osagarri perfektua dela uste dut, laborategian esperimentuak egiten dituzulako eta zure teoriak egiazta ditzakezulako: betetzen diren ala ez ikusten duzu.
Eta zergatik hasi zinen metalak aztertzen?
Garai hartan, hiru urte orokor eta bi espezializazio urte egiten genituen. Espezializazioaren unea iritsi zenean, nik kimika teorikoa egin nahi nuen, baina une hartan bulo bat zegoen, kimika teorikoa egiten bazenuen ez zenuela lanik aurkituko esaten zuena. Beraz, kimika teorikoaren eta metalen kimikaren espezialitate bikoitza egitea erabaki nuen, hau da, kimika ez-organikoa.
«Gaur egun, metalak iraultza teknologikoetako bat dira. Teknologia guztietan daude, nahiz eta gizartea ez den kontziente»
Zer ezaugarri kimikok bereizten ditu metalak taula periodikoko beste elementuetatik?
Kimika organikoaren eta kimika organometalikoaren artean dagoen aldea sukaldarien adibidea erabiliz azaltzen dut. Kimikari organikoek karbonoarekin baino ez dute kozinatzen. Konposatu hidrogenokarbonatoak egiten dituzte, karbonoa, hidrogenoa, batzuetan fosforo eta silizio pixka bat, eta listo. Ez dut gutxiesten, naturak bizitzaren osagaiak horiek izatea aukeratu du-eta. Baina kimikari organometalikook metalak gehitzen dizkiogu organikoen kimika horri. Hor mundu bat zabaltzen da: horri guztiari kolore gehiago ematen hasten gara.
Zein da metalen rola kimikan?
Gaur egun, metalak iraultza teknologikoetako bat dira. Teknologia guztietan daude, nahiz eta gizartea ez den kontziente.
Metalak edonon daude?
Bai. Telebistako eta sakelako telefonoetako pantailen atzean dagoen teknologia metalen kimika da. Gaur egun minbiziaren aurka dagoen botikarik indartsuenetako baten atzean, zisplatinoaren atzean, metala dago. Medikuak farmako berri bat aztertzen ari direnean eta zelularen edo organismoaren zer zatitara joango den ikusi nahi dutenean, metalak erabiltzen dira non dauden adierazteko. Azken 30 urteetan, metalak gai izan dira kimika organikoa iraultzeko. Ezohiko katalizatzaileak dira, hau da, metalik gabe posible ez ziren kimika organikoko erreakzioak egiteko aukera ematen dute. Maila guztietako iraultza teknologiko bat dira. Metalak pentsatu baino askoz presenteago daudela uste dut.
Bizitza sortzeko orduan ere hor al daude?
Bai. Izaki bizidunak kimika organikoz eginda gaude, eta arnasketa osoa burdinazko konposatuetan oinarrituta dago. Egia da hidrogenoa, karbonoa eta oxigenoa garela funtsean, baina metalezko, burdinazko, zinkezko, magnesiozko eta kaltziozko txinparta txiki horiek gabe, bizitza ez litzateke posible izango.
Zer faktorek baldintzatzen dute metal baten erreaktibotasun kimikoa?
Azkenean, erreaktibotasun kimikoa jolasa da. Guk ez dugu alkimiarik egiten: erreakzio zopa batean karbonoa sartzen badugu, karbonoa aterako da. Ez ditugu zentroa, nukleoa, metala edo elementua aldatzen. Erreaktibotasuna elektroiak bata bestearekin trukatzeko joko bat da: erreakzioak egitea. Metalek erraztasun handia dute elektroiak hartzeko, eta horrek eragiten du haien erreaktibotasuna. Metalak taula periodikoan duen posizioaren arabera, badakigu zenbat elektroi hartuko dituen eta zenbat utziko dituen. Eta horrek eragiten digu bata edo bestea aukeratzea.
«Hilabeteetan zehar, buruan dituzun propietate batzuk dituen konposatu bat sintetizatzen saiatzen zara; eta une horietan duzun sentsazioak harrapatzen zaitu»
Nolakoa da laborategian metalekin lan egiteko prozesua?
Sorkuntzaren erreaktibotasunarekin jolasten zarenean, materia bat lortzen da. Lehenik eta behin, zer daukazun frogatu behar da: zer den lortutako solido, likido edo hauts hura. Erresonantzia magnetiko nuklear bat egiten dugu lehenik, eta horrek esaten digu zer dugun zehazki.
Metalak eta argia elkartu dituzu zure proiektu batean?
Bai. Nire proiektuak hiru adarretan banatzen dira. Adarretako batean, katalizatzaileak diren konposatuak egiten ditugu. Erreakzio kimiko bat egiten duzunean, energia eman behar diozu, eta energia oso garbi emateko modu bat argia ematea da: fotokatalizatzaile deitzen diogu. Argia ematen diezunean formaz aldatzen diren konposatuak egitea da beste lerroetako bat. Konposatuak egiten ditut, eta aztertzen dut ea nola aldatzen den haien forma argia ematen diedanean: nik kolore bateko argia ematen badiet, hedatu egiten dira, eta beste kolore bateko argia ematen badiet, atzera egiten dute. Eta hirugarren lerroan konposatuak egiten ditut, atomo baten presentzia detektatzen dutenean argia igortzen dutenak, distira egiten dutenak.
Laborategitik kanpo, zertarako erabil daiteke zure proiektua?
Uretan ioiak daudela detektatzeko erabil litezke, ur horietan merkuriorik dagoen ikusteko. Baina badira askoz aplikazio teknologikoagoak, hala nola izaki bizidun batean txertatzea eta gero zelula batean zer atal argiztatzen diren ikustea: horrela, konposatu bat organismo baten barruan nola banatzen den ikus daiteke. Horrek balio du etorkizunean jakiteko ea, proba-konposatuaren antzeko farmako bat egiten bada, organismoaren zer partetara joango den.
Kimika artistikoa dela uste duzu?
Bai. Sintesia egiten duen kimikaria izatearen politena da ia artista bat zarela, nolabait, edo sukaldari bat. Hilabeteetan, buruan dituzun propietate batzuk dituen konposatu bat sintetizatzen saiatzen zara; eta une horietan duzun sentsazioak harrapatzen zaitu. Une horretan konposatu hori eskuetan duen lehen pertsona zara munduan. Horrek hunkitzen nau, tarteka, noizean behin, urtean behin edo hamar urtean behin gertatzen den minutu horrek: zerbait sortu dut. Eta nik bakarrik dakit.
Aurkikuntza kimikoak «tarteka, noizean behin, urtean behin edo hamar urtean behin». Zer egiten duzu momentu horiek iritsi bitartean?
Lanean jarraitu. Nire ustez, ikerketan lan egiteko zailtasunik handiena frustrazioarekiko erresistentzia garatzea da. Erresilientzia garatu behar da. Ehunetik behin zerbait ateratzen dela esatea gezurra da: urte batzuetan ez zaizu ezer ateratzen. Gai izan behar dugu egunero esnatzeko eta ilusio berarekin laborategira itzultzeko, eta esateko: «Berriro saiatuko naiz, baina hau aldatuz».