‘Zenbait gako kazetarientzat zientziaren komunikazioaz ‘ liburuaren idazlea

Asier Larrinaga Larrazabal: «Metodo zientifikoaren bidez lortzen dena da zientzia; beste guztia, ez»

Hedabideek gai zientifikoak nola lantzen dituzten ikertu du Larrinagak, eta hobetzeko gomendioak eman ditu: «Zientzia ikuskizun bihurtzea arrisku bat da, eta horrek kalte egiten dio zientziaren komunikazioari».

Asier Larrinaga Larrazabal bere 'Zenbait gako kazetarientzat zientziaren komunikazioaz' liburuarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Asier Larrinaga Larrazabal bere 'Zenbait gako kazetarientzat zientziaren komunikazioaz' liburuarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
itsaso jauregi 2
2025eko azaroaren 14a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zientzia gaiak hala moduz lantzen dituzten albisteak pilatu ditu urteetan Asier Larrinaga Larrazabal EITBko Euskara Zerbitzuaren buruak (Bilbo, 1965). Argitalpen horietan egindako akatsak kontuan hartuz, kazetarien lagun izan daitekeen liburu bat argitaratu du aurten: Zenbait gako kazetarientzat zientziaren komunikazioaz. Gai zientifikoak lantzeko orduan komunikabideek kontuan hartu behar dituzten alorrak zehazten ditu, baita kazetariei gomendioak eman ere.

Nondik sortu zen liburu hau idazteko ideia?

Ikasketaz biologoa naiz; beraz, beti eduki dut zientziari buruzko albisteak irakurtzeko zaletasuna. Halako batean konturatu nintzen albiste batzuk ez zeudela ondo kontatuta, edo beste modu batean kontatu behar zirela. Deigarriak iruditzen zitzaizkidan albisteak biltzen hasi nintzen, eta materiala nahiko mardula zenean horren inguruan zerbait idatzi behar nuela uste nuen.

Zein da liburuaren helburu nagusia?

Kazetariei argibide batzuk ematea zientzia gaiak lantzen dituztenean zelan jokatu behar duten jakiteko. 

Nolakoa izan da pilatu dituzun albiste horiei liburu forma emateko prozesua?

Material bat neukan esku artean, eta kontua izan zen horri zelan eman liburu formatua. Lehenik eta behin, komeni zen zehaztea zientzia zer den, kazetariak nituen-eta buruan. Funtsean, gauzarik inportanteena da helaraztea metodo zientifikoaren bitartez lortzen den jakintza dela zientzia. Metodo zientifikoaren bidez lortzen dena da zientzia; beste guztia, ez. Nahiko nuke kazetariek hori oso barneratuta edukitzea.

Zientifikoak ez diren gaiak zientifikoak balira bezala lantzen dira askotan?

Bai. Metodo zientifikotik sortzen ez dena ez da zientzia, eta zientziatzat saldu nahi digutenean, sasizientzia izaten da. Jendea konturatuta dago zientzia zein garrantzitsua den gure bizitzan, eta, orduan, zientziaren izen ona jende askok erabili nahi du bere onerako; hortik sortzen da sasizientzia. Kazetariak oso adi egon behar du horren aurrean. Sasizientzia hor dabil bazter guztietatik sartu nahian, zientziaren izen ona aprobetxatu nahi du eta.

«Zientzia ikuskizun bihurtzea arrisku bat da, eta horrek kalte egiten dio zientziaren komunikazioari»

Zientzia komunikatzeko orduan, zer oker egin ohi dira, adibidez?

Arazo asko daude. Batetik, gaur egun komunikazioa oso esparru berezia da, informazioa eta entretenimendua nahasi egin direlako. Informazioa ikuskizun bihurtu da. Zientzia ikuskizun bihurtzea arrisku bat da, eta horrek kalte egiten dio zientziaren komunikazioari. Badaude beste arazo batzuk.

Zeintzuk?

Postegiaren aroan bizi gara. Orain jakintza guztiak zalantzan jartzen dira, erlatibizatu egiten dira; batek esaten duelako, jendeak egiatzat dauka txorakeriarik handiena. Ez dut izenik aipatuko, baina berehala etortzen zaizkigu burura munduko agintari handiak, komunikatzaileak, eta badakigu zer-nolako diskurtsoa duten. Gezurrik handienak botatzen dituzte jendeak sinetsi egingo dituelakoan, eta jendeak sinetsi egiten ditu. Arazo handia da, zientziarekin gauza bera egiten delako.

Iritziak eta datuak nahastea da beste mehatxuetako bat?

Bai. Telebistan, askotan, jendeak izan duen gaixotasunaren inguruan eta hartu dituen botiken inguruan hitz egiten du. Haientzat baliagarria izan zela diote: ados. Zure esperientzia ez dut zalantzan jarriko, baina jendeak jakin beharko luke ikerketa zientifikoen arabera esan duzun horrek ez duela inolako eraginik; ez dela orokorrean gaixotasuna sendatzeko baliabide egokia. Hori izan beharko litzateke kazetariaren ardura.

«Pazienteen testimonioek ez dute balio datu enpiriko gisa», diozu liburuan.

Hala da. «Niri funtzionatu dit», esateak ez du ezertarako balio; zuretzat baliagarria izan denez benetakoa izango dela esaten da askotan, eta ez da horrela. Ez dakigu zergatik funtzionatu dizun, baina hori aztertu beharko litzateke. Benetan balio duena metodo zientifikoaren bitartez lortzen den ezagutza da.

Informazio iturrien fidagarritasuna ere ziurtatu behar da, beraz?

Bai. Batez ere kanpoko informazio iturriak erabiltzen direnean, esate baterako ikerketa agentzietako prentsa oharrak erabiltzen direnean. Kontuz ibili behar da, eta gauzak bere neurrian hartu behar dira. NASAk kontatzen dizkigun gauzak testuinguru batean jarri behar dira, eta kontatzen dutenaren atzean zer dagoen ikusi behar dugu: agentziaren interes ekonomikoak ere hor daude eta.

Desinformazioaren eragina ere ikertu duzu?

Bai. Koronabirusaren aurkako txertoaren atzean, adibidez, zientzialari askoren ekarpena dago. Horri esker, munduari mehatxu handia egiten zion pandemia gainditzea lortu da. Hori da kazetariek nabarmendu behar dutena.

«Hedabideen bitartez sasizientzia asko zabaltzen da, zoritxarrez, baina, aldi berean, ez dago beste modurik jendeari benetako ezagutza zientifikoa helarazteko»

Zein izan beharko litzateke abiapuntua gai zientifikoak komunikatzeko?

Zientziaren komunikazioan inportanteena da gai bakoitzak herritarren bizitzan zer garrantzi duen nabarmentzea. Donostian ordenagailu kuantikoa ezarri dute, eta kazetari asko ahalegindu dira azaltzen zer den mundu kuantikoa. Uste dut gaia azaltzeko oso modu traketsa dela, herritar arruntok ez baitugu inoiz ulertuko kuantika zer den. Hobe izango litzateke esatea zer onura ekarriko dizkigun ordenagailu kuantikoak gure bizitzan.

Zein izan beharko litzateke kazetariaren rola, beraz?

Kazetarien figura oso garrantzitsua da zientziaren komunikazioan, eta ez bakarrik bere horretan: kazetariak zer rol jokatzen duen ere oso garrantzitsua da. Liburuan bide egilearen rola jokatzea proposatzen dut. Kazetaria ez da informazio zabaltzaile hutsa izan behar: erein aktibo bat hartu behar du, eta irakurleei gaiak ulertzen lagundu behar die.

Liburuan esaten duzu hedabideak zientziaren aliatu nagusiak direla, baita etsai nagusiak ere. Gaur egun zer dira gehiago: lagun edo etsai?

Erdibidean dagoela esango nuke. Hedabideen bitartez sasizientzia asko zabaltzen da, zoritxarrez, baina, aldi berean, ez dago beste modurik jendeari benetako ezagutza zientifikoa helarazteko. Eskola garaia amaitzerakoan, jende askok ez dauka beste biderik zientzia gaiekin harremanetan jarraitzeko. Ahalegina egin behar da hedabideetatik sasizientzia kanporatzeko, eta hedabideak zera izan daitezen, gizartearen zerbitzuan dauden tresnak.

Kazetarientzat gomendioren bat baduzu?

Bai. Liburuaren azkeneko partean dekalogo bat jarri dut, eta hor daude jarraibiderik zehatzenak, hamar ideiatan laburbilduta. Nire gomendioa da lan bat egiten denean hamar gomendio horiek errepasatzea.

Etorkizunari begira zer aldatu beharko litzateke?

Zientzia gaiak lantzen dituzten kazetariak espezializatuta egotea. Hedabideetan sailak daude: nazioartekoa, ekonomia, politika... Eta kazetariak arlo horietan espezializatuak izaten dira. Baina zientzia gaiak lantzeko kazetaririk ez dago, beste arlo horietako kazetariek lantzen dituztelako. Uste dut hedabideetan zientzia arloan espezializatuta dagoen sail bat egon beharko litzatekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.