Mahai gaineko ordenagailuen eta eramangarrien oinordekotzat jo zituzten askok tabletak, eta apurka baina irmo dihardute bide hori urratzen. Merkatura azkena iritsi dena Microsoft Surface da. Erraldoi estatubatuarraren apustua da, tableten merkatua hankaz gora jartzeko. Lehenago saiatu dira Amazon —Kindle Firerekin— eta Google —Nexusarekin— erronka berari aurre egiten, baina zifrei so eginez gero, inor ez da iritsi iPad tabletei itzal egitera.
Hala ere, badirudi oraingoan mehatxua benetakoa dela eta jada inork ez dauka zalantzarik Microsoft etxeak tableten merkatua goitik behera astindu nahi duela. Google eta Amazon, Appleri konpetentzia egiteko, Android sistema eragileaz baliatu dira, baina Microsoftek nahiago du softwarea eta hardwarea batera ekoiztea, eta etxeko sistema eragile berria edo Windows 8 ezarriko diote Surface gailuari. Bi bertsio aterako dituzte, eta prozesatzailean bereiziko dira: batak Intelen i5 Core erabiliko du Windows 8 errendimendu osoan erabiltzeko. Besteak, berriz, NVidiaren ARM Windowsen RT bertsioa erabiltzeko. Gailu berriaren ezaugarriek itxura ona dute, gainera: 10,1 hazbeteko Full-HD pantaila, magnesiozko atzealdea, 576 gramoko pisua, teklatu estalkia, stylus bat eta 32tik hasi eta 128 GBrainoko memoria.
Bihar aurkeztuko dute jendaurrean, eta orduan argituko dute salneurria. Ostiralean kaleratuko dute Microsoft Surface tableta Ipar Euskal Herrian. Produktu berria Hego Euskal Herrian noiz izango den ez dute oraindik adierazi .
Kontraerasoa: iPad Minia
Applelek kontraerasoa prest du: iPad Minia. Bertsio berriaren ezaugarriak oraindik ezkutuak dira, eta pantaila 7,8 hazbetera txikituko dela iragarri dute. Adituen ustez, Appleren tableta salmentak hazi egingo dira. Aditu horien kalkuluen arabera, saltzen dituzten 5 iPad Miniko, iPad bakarra utziko dute saldu gabe. Betiko 16, 32 eta 64 GBeko memoriadun bertsioez gain, beste Low cost bertsio merkeagoa kaleratzekotan leudeke: 8 GBekoa 190 dolarreko prezioan. Atzo eginiko konferentzian jardun zuten Apple etxearen tableta berriari buruz.
Zibergela
Microsoft etxeak tableten merkatuan bidea ireki nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu