Zuri-beltzean ateratakoa da azaleko argazkia: Elgetako (Gipuzkoa) Egotxeaga auzoan, margolari betaurrekodun bat. Pintzela du olio parean jarrita, alkandora garbalduta, eta paleta eskuan. Miguel Okina du izena. Ez da marrazten ari denaren erretraturik ikusten. Baina Miguel Angel Elkoroberezibarrek (Bergara, Gipuzkoa, 1966) osatu du harena: Miguel Okina. 1924-2021. Artea etxeetara iritsi zenekoa.
«Artea etxeetara iritsi zenekoa». Zergatik izenburu hori?
Miguel Okinak, eta hura bezalako beste hainbatek, 1960ko hamarkadatik aurrera, artearen profesionalizazioa eta artearen duintasuna sustatu zituztelako. Kalera atera ziren. Presentzia bat izan zuten. Herriko gazteek pintore haiek ikusten zituzten kalean, baina haien obrak ere bai etxean. Ez bakarrik aberatsen etxean. Gure bailaran presentzia handia izan dute artelanek etxeetan.
Liburuan diozu Okinak «artearen normalizazioan» lagundu zuela.
1960ko hamarkadan, gerraostea-eta pasatuta, ekonomia suspertu egin zen. Horrek eragin zuen jendeak baliabide gehiago izatea. Baina artista gazte hauek herrian bertan sortu zituzten pintura eskolak, marrazketa tailerrak... Horrek guztiak harrobi handi bat sortu zuen. Ordutik aurrera, ez da beste herririk egongo Bergarak adina pintore duenik metro koadroko.
Nola ezagutu zenuen zuk?
Ni Miguel Okinaren margolanekin hazi nintzen. Gure etxean oso maitea zen. Gelako mahaira iritsi ere egiten ez nintzela, gogoan daukat nola zintzilikatu zuten haren koadro bat nire logelan. Etxean haren dozena bat koadro egongo dira, baina ez gure etxean bakarrik, beste etxe askotan ere bai.

4.000 olio sinatu zituen. Erraz esaten da.
70 urte baino gehiago egin zituen pinturari emanak. Hasieratik jakin zuen hori egin nahi zuela. Oso inportantea da hori: Okinak, eta hura bezalako maisuek, duintasuna eman zioten pinturari. Gure herrian pintore izatea langintza duin bat zen. Eta hori urtez urte transmititu da.
Zein zen haren estiloa?
Errealismotik abiatu zen, eta hori landu zuen bizitza osoan zehar. Paristik bueltan gehiago esperimentatu zuen, eta inpresionismoari ere heldu zion.
Eta zeintzuk ziren haren maisuak eta erreferenteak?
Simon Arrieta izan zuen maisu. Gazterik hil zen, ordea: 54 urterekin. Okina umezurtz gelditu zen, nolabait, baina horrek eragin zuen berak bere kabuz hegan egitea, eta profesionalizazio maila handiago bat lortzea. Orduko klasiko asko izan zituen erreferente: Velazquez, Zuloaga, Amarika...
Liburuko pasarte bat: Okina Madrilen, El Prado museoan, koadroak kopiatzen.
Hori zen orduan ikasteko modua: iturri onera joan, eta haien artelanak kopiatu. Okinak fama handia zeukan, neurri handiko koadro horiek laukitu gabe marrazten zituelako. Ikuste handia zeukan, eta perspektiba handia. Horiek dira haren zutabeak: marrazkia, konposizioa, argia eta kolorea. Toki askotan ibili zen, baina konpasaren orratza Bergaran zulatu zuen. Lagun giroan egin zituen bidaia horiek guztiak, lagun giroan pintatu zuen, lagunentzat pintatu zuen, eta lagunek orain haren jarduna errekonozitu nahi izan dute.
Liburuko beste pasarte bat: Okina Bartzelonan, eta La Chungaren erretratu bat.
Urtarrilean hil zen La Chunga famatua. Bartzelonan, amarekin eta beste neskatila batzuekin jolasean zebilela, erretratu hori egin zion Okinak. 12 urte zituen. Eta gauzak nola diren: aste honetan bertan iritsi zaio liburua La Chungaren semeari, eta izan du erretratu horren berri. Egin genituen saiakerak La Chunga ekartzeko, baina gaixo zegoen, eta ez zen posible izan. Baina, bai, hala da: gerora Dali, Picasso eta horien guztien musa izan zena 12 urterekin margotu zuen Okinak. Eta bere estudio guztietan izan zuen haren koadroa jarrita, fetitxe bezala.
Nola marraztu duzu zuk haren erretratua?
Hutsetik hasi beharra izan dut. Ez zegoen ezer idatzita hari buruz. Eta berari ere ez zitzaion gustatzen elkarrizketak ematea. Oso pertsona xumea zen. Milaka koadro saldu zituen, eta berak zioen berak ez zituela koadroak saltzen, berari erosi egiten zizkiotela. Haren lagun guztiak baliatu ditut koadro hori osatzeko, eta 2014an egin nion elkarrizketa bat. Aldiz, haren arteari eta pinturari buruz aritzeko, Bergarako Artisten Elkarteak asko lagundu dit.
«La Chunga, gerora Dali, Picasso eta horien guztien musa izan zena, 12 urterekin margotu zuen Okinak. Eta bere estudio guztietan izan zuen haren koadroa jarrita, fetitxe bezala.»
MIGUEL ANGEL ELKOROBEREZIBARIrakaslea eta ikerlaria
Eta nola aukeratu dituzue erakusketarako koadroak?
Okinak, zorionez, argazki bat ateratzen zien 1970etik aurrera amaitu zituen koadro guztiei. Horri esker, badugu koadroen testigantza bat, nahiz eta kantitatea izugarria izan. Aurten beteko da haren jaiotzaren mendeurrena, eta deialdi bat egin zen jendeak etxeetan zituen koadroen argazkiak-eta bidal zitzan. Aukeraketa bat egin ostean, etxeetara joan gara koadro horien bila; argazkiak atera, eta batzuk liburura joan dira —200 inguru—; besteak erakusketara joango dira —53 inguru dauzkagu—. Asko kanpoan geldituko dira, baina kalitatearen eta garaiaren arabera sailkatu ditugu. 1944koa izango da zaharrena, eta 2006koa garaikideena.
Halako pintore herri batean, ez diozu sekula pintzelari heldu?
[Barrez] Heldu nion! Hipnotizatuta gelditzen ginen kalean haiek ikusten genituenean. Mari Paz Alustiza pintorearekin aritu nintzen, baina iritsi zen une bat non pintzela utzi eta arkatza hartu nuen.
Eta argazki kamera ere bai.
Aritzen naiz horretan ere, bai. Irudiarekin lotura daukan guztiari heltzen diot. Hori da nire zaletasuna.
Asier Altunarekin ere egin zenuen zerbait...
Bai, gure herriko apaiz Serafin Esnaolak zituen pelikulak-eta baliatuz, film labur bat egin genuen.
Okinak ere ematen du film baterako...
Ematen du, bai. La Chunga Bartzelonan, agente sekretu ere aritu zen han... Mikroistorio pila bat daude liburu honetan.
Eta Xubi ezizena nondik datorkizu?
Aitaren aldeko Bergarako baserria da Zubikua. Okina ere aritu zen han margotzen, eta beste hainbat pintore ere bai. Leku berezia eta ederra da.
Eta Xubi.eus zer da?
Orain arte egin dudan guztiaren bilduma da, eta nire legatua, nolabait.
Okinak 4.000 olio egin zituen, baina zuk hamar liburu baino gehiago...
Ez da meritu kontua, denbora kontua da. Denboran gauzak pilatu egiten direlako da hori [barrez].
Baduzu beste proiekturik buruan?
Aspaldi abiatu nuen lan bat berreskuratu nahi nuke, euskaltzale ingeles bati buruzkoa: E. S. Dodgson.
LOTSABAKO
Margolari bat?
Simon Arrieta, Okinaren maisua.Idazle bat?
E. S. Dodgson euskaltzale ingelesa.Okinaren koadro bat?
Gure amari eta aitari egindako erretratuak.Bergarako paisaia bat?
Zubikua baserriko zubia.