ETBko kazetari izandakoa

Xabier Zaldua: «Mikrofonoari ez diot sekula beldurrik izan, baina kamerari bai; kamera oso gauza hotza da»

Zalduak erretiroa hartu du, 37 urteko jardunaren ostean. Hasieratik aritu da ETB1en, eta hasieratik izan zen kritikoa ETB2ren sorrerarekin. Kamera aurrean egin zen ezagun, baina haren atzean aritu da erosoen. Garbi dio: «ETBk etorkizun zaila dauka».

XABIER ZALDUA
Xabier Zaldua ETBko kazetari izandakoa, Donostiako Pasealeku Berrian. JON URBE / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2024ko urtarrilaren 7a
05:05
Entzun

ETBren aurpegi ezagunenetakoa izan zen hasiera hartan Xabier Zaldua Olabeaga (Donostia, 1957). Zuri-beltzekoak ziren orduan irudiak, eta bibotedunak sudurpeak. 37 urteren ostean utzi du ofizioa, eta errepasoa egin du. Haurtzaroko Donostiaz mintzatu da, eta oraingo Donostiaz; amestutako ETBz eta egungo ETBz; kamera aurrekoaz eta kamera atzekoaz. Eskarmentuak baino eman ezin dezakeen patxada horrekin, jakite horrekin.

Kazetari ohia? Edo kazetariak kazetari izaten segitzen du beti?

Hitz horri beti izan diot errespetu handia, eta oso berandu arte ez dut onartu neure buruarekiko. Hala ere, aitortu behar dut hasi nintzenetik aritu naizela jardun horretan: hasi SER Donostia irratian, telebistara handik… Azkenerako, lanak erakutsitako kazetaria naizela onartzen dut.

Haurtzaro hura Donostian…

Parte Zaharrean jaiotakoa naiz, baina 6 urterekin alde egin nuen hemendik [Parte Zaharreko kafetegi batean da elkarrizketa], oraindik izenik ere ez zeukan kale batera. Galtzen baginen, gurasoek esaten ziguten esateko calleoncenumerodiezoctavodos-ekoak ginela. Kale hura gero Eustasio Amilibia kalea bihurtu zen. Eta geroago, bueltan-bueltan, zenbakidun beste kale batean amaitu dut: Abuztuaren 31 kalean.

Hainbeste aldatu da Donostia?

Pentsa: ni bizi nintzen auzo sortu berri hartara, trolebusik ere ez zen iristen. Nik ezagutu nuen han padura bat, baserriak… Basati ez dakit, baina hirigunetik urrun sentitzen nintzen orduan. Bai, oso aldatuta dago Donostia.

Onerako?

Ez denean. Autoen inbasioak asko aldatu zuen hiria, eta turisten inbasioa dugu orain, Parte Zaharrean bizi garenok jasaten duguna gehien. Atrezzoaren parte sentitzen hasita gaude.

Meza mutila ere izandakoa zara?

Osaba, aitaren anaia bakarra, apaiza izan nuen. Beragatik ez naiz ez joxemaritarra eta ez koxkeroa. Artzain Onean egiten zuen berak lana, eta horregatik bataiatu ninduten han. Badakizu bataioak markatzen omen duela Parte Zaharrekoon izaera, eta ni ez naiz ez bata eta ez beste, meza mutil Familia Santuaren parrokian izan nintzelako, gainera. Aldareko aingeruak deitzen ziguten.

Irakasletza ikasi zenuen, eta enpresa zientziak eta soziologia egiten saiatu. Baina kazetari amaitu zenuen?

Irakasle gisa aritu nintzen, eta profesionalki hiru egun egin nituen. Ume bat ere galdu nuen hiru egun horietako batean [barrez]. Garai hartan, SER irrati katetik deitu zidaten egun osoko lana eskainiz. Ez nuen birritan pentsatu. Umeak asko maite nituen, gustatzen zitzaidan pedagogiaren mundua. Izan nintzen euskarako irakasle umeekin eta helduekin, gau eskolak izan ziren garaian, AEKren lehenengo urte haietan. Izan nintzen gaztelerako irakasle ere, Ingalaterrara ingelesa ikastera joan nintzen garaian. Baina hezkuntza sistema bera, gurasoekin harremana… oso jasangaitza egiten zitzaidan. 

«Ziur aski, momentu hartan ez ginen jabetzen zenbaterainoko urratsa zen ETBren sorrera, baina nahi genuen eta espero genuen amets bat zela, bai».

Eta aldatzea erabaki zenuen.

Joxean Muñozek hala proposatuta. Kresala nire dantza taldeko kidea zen, kuadrillakoa, eta ezagutzen zuen lanbidea: Donostiako SER Irratia. Ikasketekin segitzeko Bartzelonara joateko asmoa zeukala esan zidan, eta bere lekukoa hartzea proposatu, berritsua omen nintzelako. Halaxe hasi nintzen. Unibertsitatera joaten nintzen arratsaldez, eta irratian aritzen nintzen gauez eta asteburuetan.

Irratia bai eskola: krosak, estropadak, herriko festak…

Halaxe da bai. Irratian El vasco nintzen. Euskaraz ni aritzen nintzen han. Gure bideetan izena zuen ezagutu nuen lehen saioak. Gabilondotar batek gidatzen zuen, Ramonek. Bazuten berriemaile sare bat Gipuzkoa osoan. Eguneroko euren kronikaz aparte, festak iristen zirenean, saio horrek egiten zuen halako itzuli bat festarik festa. Nik aurretik ezagutzen nituen festa batzuk, baina langintza horretan ezagutu nituen direnak eta ez direnak: alardeak, suak, sanjoanak…

Eta telebistara jauzia: ETBn aritzeko lehen ikastaroa Gasteizen.

Magisteritza bukatu arte luzatu nuen soldadutza. Ez nintzen damutu. 23 urterekin egin nuen, eta horri esker eraman nuen hobeto. Horrek eten handia sortzen zuen garai hartan. Ordurako banuen eginda proba bat Prim kalean egin zituzten saio batzuetan, eta nik bikoizketako probak egin nituen berez. Burutik pasatu ere ez zitzaidan egiten orduan kazetari izatea. Irratian egun osoz hasi nintzen orduan, eta gaixotu egin nintzen hirugarren hilabetean. Ezin izan nuen gainditu lan haren tentsioa eta estresa. Hiru lagun ginen, egunean zuzenean bost ordu egiteko. Izaskun Barriola, Alex Mendizabal eta ni aritzen ginen txandaka. Nola gaixotu nintzela uste duzu?

Nola?

Mutu gelditu nintzen, ahotsik ezin atera eztarritik. Tarte horretan sortu zitzaidan aukera Gasteizko ikastaroetara joateko. Egon nintzen nire orduko arduradunekin, eta esan nien: «Sentitzen dut, baina hau ez da niretzat». Eta esan zidaten: «Eta Gasteizkoa eta ETB izango al da, bada?». Erantzun nien: «Probatu beharra daukat». Eta joan nintzen Lakuan eman zituzten ikastaro haietara, eta Gasteizen bizitzen egin nituen bost hilabete. Esan ziguten hiru hilabetekoa izango zela, baina ikusi zutenean martxa hartzen hasiak ginela, material teknikoa ere bazutela… Egundokoak egiten hasi ginen.

Egundokoak?

Iristen zen asteburua, eta iristen zitzaizkigun enkarguak Lakuako departamentu batetik eta bestetik. «Zergatik ez dute gure neska-mutil hauek gerora sortuko den telebista horretarako ekitaldi honen edo haren grabazioa egiten?». Oraindik existitzen ez zen telebista horretarako zegoen materiala hartzen genuen: autoa, kamera, magnetoskopioa… eta han joaten ginen gu. Gogoan dut behin eskolarteko kirol txapelketa batera joan ginela, Donostiako Belodromora. Autoa behar ez zen tokianutzu genuen. Irabazi zuen mutikoari motor bat eman zioten saritzat, eta hasi zen jendaurrean itzulia ematen, eta hara non izan zuen istripua gure autoaren kontra. Halakoak egiten genituen.

Hanburgon hurrengo ikastaroa, eta Iurretako egoitzan leihorik ez?

Halaxe da. Hanburgotik bueltan, eraikina martxan zegoen, baina oraindik amaitu gabe. Beste ikastaro bat egin behar izan genuen Jabier Elorriagarekin eta Jose Ramon Belokirekin-eta HABEn, Donostian. Joan ginen handik Iurretara gure lantokia zein izango zen ikustera, eta halaxe zegoen: leihorik gabe. Eta gu botak, bufandak… jantzita eta kendu ezinda. Hasi behar izan genuen teletipoak-eta nola maneiatu ikasten, edizio gelak ezagutzen…

1983ko Urteberri eguna: Hau da ETB saioa. Telebista sortu eta hurrengo eguna zen, eta Xabier Zaldua aurkezle. ETB «amets hutsa» zela zenioen. 

Hala zen orduan. Gure grina zen orduko komunikabideen artean zegoen hutsunea betetzea. Ni telebistarik gabe jaiotako umea naiz. Nik 11-12 urterekin ezagutu nuen etxean telebista. Aurretik, auzokideen etxeetara bidaltzen gintuzten Rintintin eta halakoak ikustera. Guk hori guztia euskaraz martxan jartzeko aukera izatea… Ziur aski, momentu hartan ez ginen jabetzen zenbaterainoko urratsa zen, baina nahi genuen eta espero genuen amets bat zela, bai.

Albistegietan hasi zinen, baina ez aktualitatea eta ez politika ez omen zenituen oso gustuko.

Ez, sekula ez. Horrek eskatzen duen ezaguera, azkartasuna eta analisirako gaitasuna nik ez ditut sekula sentitu. Ezta premiarik ere. Niretzat ez ziren gustuko gaiak. Azkenean, ikasi egiten duzu. Eta jabetzen zara, eta onartu behar izaten duzu zu zarela beste batzuek egindako lanaren aurpegia eta ahotsa. Telebistan, aurkezleak askotan ez daki zer irakurri behar duen jarraian. Gure garaian, Telepromter horrek nahikoa lan ematen zigun. Hasiera hartan ikusiko gaituzu papera eskuan hartuta eta hari begira, baina uste dut paper hark ikusleari ere beste errespetu bat ematen ziola. Nik gaur egun ez diot inori sinesten albisterik. Egia da, barrutik ikusi dudanez, ez naizela ikusle arrunt bat. Baina nik esaten nien lankideei: «Ez naiz batere eroso sentitzen zifrak, izenak eta zerrendak ematen buruz ariko banintz bezala. Derrepentean izpiritu santuak argitu banindu bezala». Horri gorrotoa nion.

ETBko zuzeneko lehenengo magazina zeuk eta Elene Lizarraldek aurkeztu zenuten: Hitz eta pitz.

Eta gogoan dut Begoña del Tesok idatzi zuen kritika: «Xabier Zaldua horrek ez du aurpegirik aldatzen, beti dago oso serio eta tentsioan». Nik garbi izan nuen hasieratik nire indargunea zela mikrofonoari beldurrik ez niola, baina kamerari bai. Kamera beste kontu bat da, kamera oso gauza hotza da, eta oso zaila da zeureganatzen, eta are zailago zeharkatzen. Gaur egungo kazetariak desiratzen ikusten ditut kamera aurreko lana egiteko. Nire ustez, neurriz kanpo. Nik garai hartan zuzendaritzari gutun bat idatzi nion eskatuz, mesedez, ez eskatzeko niri halako lanik berriro kamera aurrean, ez nengoelako prest kortxozko orojakile bat izaten jarraitzeko. Eta errespetatu zuten nire nahia, baina urte asko pasatu eta gero.

«Kamera beste kontu bat da, kamera oso gauza hotza da, eta oso zaila da zeureganatzen, eta are zailagoa zeharkatzen. Gaur egungo kazetariak desiratzen ikusten ditut kamera aurreko lana egiteko. Nire ustez, neurriz kanpo».

Zerrenda amaigabea da: Hitz eta pitz, Berriketa gutxi, Egonean giro, Beni eta Marini, Txangoa, Sorginen Laratza… Ez da erraza batekin gelditzea.

Denetan ikasi nuen zerbait, baina baten bat aipatzekotan Sorginen Laratza aipatuko nuke. Gorabehera eta lankide aldaketa ugari izan genituen bizirik iraun zuen artean, sei urte horietan, 1999tik 2005era. Baina arrasto sakona utzi zigun parte hartu genuen guztioi: aurkezle, aktore, gidoilari, kazetari, produktore zein teknikariei. Late night show bat euskaraz! Eta lehen bi urteetan, gainera, zuzenean. Xabier Euzkitze eta Klaudio Landa bezalako bi plazagizon euskaldun hain desberdinak, uztarri berean… Tele 5eko Crónicas Marcianas saioaren garaia zen, baina guk TV3eko Buenafuente genuen eredu, eta bisita ere egin zigun Miramonen. Ez zen ez txantxetako talde lana izan. Sufritu genuen ederki, baina gozatu ere bai. Esango nuke saio hura izan dela ETBk euskaraz etxean bertan egindako azken apustu sendoena.

Zertan gozatu duzu gehien?

Edizio lanetan. Erreportajeak egiten, eta horien edizio lanetan. Hori izan zen niretzat zailena: zer zen erritmoa irudietan, nola lotu eta nola elipseak egin narrazioa ulergaitz bihurtu gabe, zenbateraino utzi nire presentzia kanpoan eta protagonistari eman hari osoaren jarraipena. Niretzat hori izugarrizko erronka polita izan zen. Zaila, baina polita. Asko gozatzen nuen. Azken batean, autonomia ematen zidaten saioetan gozatu dut gehien. Gogoratzen dudan azkena: Postdata. Elixabete Garmendiarekin, Josemari Gabiriarekin, Maite Odriozolarekin…

ETB2ren sorrerarekin oso kritikoa izan zara beti. ETB1 «betelana» zela esateraino.

Asko asaldatu ninduen hark, eta, ni bezala, beste asko. Zeren ezustean hartu genuen albistea, azkenak izan ginen jakiten: «Aiba: bihartik aurrera euskaraz eta gazteleraz egingo ditugu albisteak. Gerora, ez dakit memoriaren tranpak edo zer diren. Amatiñori entzuna nion: «Zuek ez al duzue gogoan euskarazko taldean, hasi, bitara hasi ginela?». Eta hori egia da. Hanburgon ikastaroa egin genuenon taldean bazeuden euskaraz ez zekitenak. Eta hasi ginenean, asko euskaraz sekula lan egin gabekoak ziren. Baina zatitu zitekeen erredakzioa euskaraz egiten zutenen eta ez zutenen artean, eta segitu ele bitara aireratuko zen kate bat egiten. Baina ez, ez zen horrela egin: bikoiztu zen dena, eta, noski, euskararen kaltetan. Nik izugarrizko inbidia izan diot beti horretan Euskadi Irratiari. Euskaraz bakarrik lan egiteko aukera izan dutelako. Ni akordatzen naiz erredakzioan lankide nituen euskaldun peto asko nola hasi ziren gazteleraz. Izugarrizko disgustua hartu nuen.

Manifestuak ere sinatu izan dituzu EITBko zuzendari nagusia hautatzeko prozesua aldatu egin behar zela eskatuz [manifestua erakutsi dio kazetariak].

1999koa da. Ufa! 24 urte joan dira ordutik.

Eta aldatu dira gauzak? Zer etorkizun ikusten diozu ETBri?

Amatiño ez zen izan gure santu debotoa, oso pertsona zorrotza da, baina sena dauka kazetaritzan, eta horrela demostratu du duela gutxi erretiroa hartu duen arte. Ez nuen lagun mina izan, baina gustura joan nintzen bere agurrera. Eta hark behin baino gehiagotan esaten zigun: «Etorkizuna oso zaila izango da ETBrentzat: sortu ginenean bakarra bazen ere munduan euskaraz, gerora lehia izugarria izango du Interneten mundutik». Ez genekien gero horren euskarria zein izango zen, baina ez geunden etorri den honetarako prestatuta. Saioak egin dira, baina elefante handi bat da ETB, gobernatzen oso zaila. Erabaki oso zailak hartu behar izan ditu zuzendaritzak. Eta, denborarekin, ikusten duzu zure lanpostuan haserretzeko motibo asko daudela. Baina enpresa publikoa izanda, eta haren helburua euskararen normalizazioa izanda, etorkizun oso zaila ikusten diot. Gazte jendea ere oso urrun daukalako. Behin programazio arduradun bati entzun nion: «Gazteekin tematzen bagara, jai daukagu. Zeren ez dira entzule leialak». Target-a edo helburua gazteengan jartzea ez zen ikusten garrantzitsua zenik. Oso zaila ikusten diot etorkizuna. Baina zer esango dizut: aldatu diren bezala nire lankideen portaera eta jarrerak kamera aurrean, Interneten ere badakit batzuk sare sozialetan oso aktiboak direla, eta aktibotasun hori pasatu dutela plataforma batetik bestera, eta bilatu beharra dagoela derrigorrez jendeak erabiltzen duen euskarri hori, guk bere garaian telebista bilatu genuen bezala. Eta badakit gaur egun jende gaztea horren bila dabilela, eta unibertsitatea ere bai neurtu nahian zer kontsumitzen duten gaur egun gazteek. Ez baitira uste dugun bezain basatiak eta ganorabakoak. 

Lortu duzu erritmoa moteltzea?

Bai, baina ez erabat, lehen egin nahi bai baina ezin nituen gauza askotara iritsi nahi dudalako, eta jarraitzen dudalako iritsi ezinda.

Ikasi duzu ezetz esaten?

Zer edo zer bai.

Bibotea modan dago berriz.

Ez dut utziko. Badakizu zergatik?

Zergatik?

Utzi nuen azkeneko aldian emazteak uste zuelako anaia nintzela [barrez].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.