Martinus Beijerinck mikrobiologoak 1899an ikusi zuen partikula txiki batzuk zeudela gorputz barruan, beti zelula bizi bati lotuta. Birusak ziren. Konnotazio negatiboko hitza da birusa, gaixotasunarekin bakarrik lotu den izakia. Ospe txarra gorabehera, birusek duten alde onuragarriak azpimarratu ditu Miren Basaras Biologia Zientzietako lizentziadun eta EHUko Mikrobiologia irakasleak (Derio, Bizkaia, 1968). Tratamenduak garatzeko, itsasoan oxigenoa askatzeko eta digestio aparatuan laguntzeko baliagarriak dira.
Biologia ikasita, zergatik erabaki zenuen mikrobiologian espezializatzea?
Biologiako gradua ikasten nenbilenean, mikrobiologiara, hau da, ikusezinak diren izaki txiki horietara hurbildu nintzen. Erakargarria iruditzen zitzaidan bakterioak, birusak, onddoak eta halako izaki ikusezinen funtzionamendua ikertzea. Bereziki mikrobiologia klinikoan sartu nintzen, gizakiarengan zer-nolako eragina izaten zuten ikusteko.
Nolakoak izan ziren mikrobiologian eman zenituen lehen pausoak?
Hasieran, kaltegarriak ziren birusak bakarrik ikertu nituen, hau da, gizakiarengan gaixotasunak eragiten zituzten birus horiek. Aurkitu berri zuten C hepatitisaren birusa aztertu nuen, batez ere.
Zer aurkitu zenuen C hepatitisaren birusa ikertzean?
1990eko hamarkadan ez zegoen inolako tratamendurik C hepatitisaren kontra. 2000. urtetik aurrera asko eboluzionatu zuen horrek, eta gaur egun C hepatitisa tratatzeko botikak lortu izan dira. Lorpen horiek pozgarriak dira, birusa kontrolatzea eta egiten duen kaltea gutxitzea lortu delako. Birus horretan egin diren trikimailuekin lortu da benetan tratamendu eraginkorrak lortzea eta pertsonak sendatzea.
Kaltegarriak diren birusak ikertu dituzu. Baina onuragarriak ere badaude?
Bai. Nire ibilbide zabalean ikusi dut gure mikroorganismoen barruan, gure mikrobiotan, lehen bakterioek zuten rol garrantzitsua orain birusek dutela; hau da, giza biroma deitzen den alor horri gero eta garrantzi handiagoa ematen ari zaiola. Asko falta da ikertzeko oraindik, baina badirudi gure barruan dauden eta ezezagunak diren zereginak dituzten hainbat birus daudela, guretzat mesedegarriak direnak.
«Birusak beren kabuz ezin dira bizi: beti behar dute zelula bat. Beren kabuz bizi ezin direnez eta ezin direnez bakarrik erreplikatu, ez ditugu izaki biziduntzat hartzen»
Zertan datza giza biroma?
Giza biroma deitzen zaio gure barruan dauden birus guztien multzoari. Gaur egun ezin diogu izena jarri birus multzo horretan dagoen birus bakoitzari, bakarrik multzo moduan ezagutzen ditugulako. Milioika birus izango ditugu gure barruan, oraindik izendatu gabe daudenak.
Nola ikertzen dira barruan ditugun birusak?
Azken urteetan hainbat teknika berri agertu dira, eta horietako bat da mikroorganismoen genoma osoa aztertzeko aukera izatea. Gure zelulak hartu, eta zelula horietan dauden genoma osoak aztertzen ditugu. Genoma oso horietan batzuetan bakterioak agertzen dira, eta beste batzuetan birusak. Ikusten dena da horiek zer-nolako rola duten osasuntsuak dauden pertsonengan edo gaixotasunak dituztenengan. Konparaketak egiten dira.
Jakin daiteke zenbat birus dauden?
Uste da milioika birus ezezagun daudela. Ez dakigu zehazki bakoitzak zer rol duen; batzuek bitaminak ekoizten dituzte, beste batzuk lagungarriak dira digestio aparatuan. Birusen funtzio hori ezezaguna da, duela gutxi hasi ginelako haien funtzioa ikertzen, baina uste dut badela etorkizuneko erronka garrantzitsu bat.
Birusak izaki bizidunak al dira?
Horren inguruan zalantzak daude mikrobiologoen artean. Birusak beren kabuz ezin dira bizi: beti behar dute zelula bat. Beren kabuz bizi ezin direnez eta ezin direnez bakarrik erreplikatu, ez dira izaki biziduntzat hartzen. Egia da gaur egun birologian, birusak aztertzen dituen zientzian, azterketa hori asko aldatzen ari dela, eta badaude teoria zalantzan jartzen duten birus batzuk. Gaur egun ezagutzen diren guztiak ezin dute kopiarik sortu beren kabuz, eta horregatik esaten da ez direla bizidunak, beti zelula baten menpe egon behar dutelako.
Zeren arabera sailkatzen dira birusak?
Nazioarteko arautegi bat dago birusak izendatzeko. Egitura, tamaina, itxura, genomaren ezaugarriak... guztia kontuan hartzen da. Ezezaguna den birus bat aurkitzen denean, jada erregistratuta daudenekin konparatzen da, eta ez bada lehengo baten bat, birus izen berri bat ematen zaio. Hori gertatu zen COVID-19ak sortu zuen birus berri horrekin. Koronabirus bakterioaren itxura zuen, baina ezagutzen ziren koronabirusekin konparatuta desberdina zen. Horregatik SARS-CoV-2 birusa izendatu zuten, desberdina zelako.
Zein da birusen ospe txarraren jatorria?
Birus terminoa latinetik dator, eta kaltegarria edo pozoitsua esan nahi du. Duela hainbat mende, jakina zen bazeudela gaixotasun batzuk, eta bazekiten izaki txiki batzuen ondorioz sortu zirela. Kaltegarriak zirenez, birus izendatu zituzten, eta horrela mantendu izan da. Garai horretan alde negatibo hori bakarrik ezagutzen zen, eta horregatik ospe txarra izan dute. Baina badakigu gaur egun kaltegarriak diren horietaz gainera badaudela beste batzuk mesedegarriak direnak.
«Duela hainbat mende, jakina zen bazeudela gaixotasun batzuk, eta bazekiten izaki txiki batzuen ondorioz sortuak zirela. Kaltegarriak zirenez, birus izendatu zituzten, eta horrela mantendu izan da»
Nolakoak dira birus mesedegarriak?
Ingurumenean badaude mesedegarriak diren batzuk. Ozeanoetan dauden horietako batzuk gai dira oxigenoa askatzeko. Hau da, karbono dioxidoak egiten duen ziklo horretan, ozeanoan oxigenoa askatzeko gai diren birusak daude. Mesede bat egiten dute.
Tratamenduak garatzeko orduan ere lagungarriak izan daitezke?
Bai. Birus mota desberdinak daude, eta badaude bakterioak jaten dituzten batzuk: bakteriofagoak. Fago hitzak jatea esan nahi du. Ikerketetan erabiltzen dira, eta gizakiarentzako kaltegarriak diren bakterio batzuk jateko erabili izan dira. Horregatik, tratamenduetarako mesedegarriak dira. Bakteriofagoak elikagaiak desinfektatzeko baliagarriak ere badira.
Birusen ospe txarra amaitu nahi duzu?
Irudi negatiboa ez da amaiarazi behar, baina birusak gurekin bizi diren izaki batzuk direla jakin behar dugu, bakterioak eta beste hainbat mikroorganismo bezala. Haietako gutxi batzuk kaltegarriak dira, baina gehienak onuragarriak dira. Beti gaixotasunekin lotzen ditugu, baina gaur egun dauden birus gehienak, milioika, zorionez onuragarriak dira. Alor hori ikusi behar dugu.
Zer-nolako garrantzia izan zuen dibulgazio lanak COVID-19aren garaian?
Funtsezkoa. Dibulgazioa egitea funtsezkoa da. Argi dago pandemiaren testuinguruan ikusten duguna birusen alor negatiboa baino ez dela; azken finean, birus horiek erasokorrak dira, kaltegarriak dira, eta gure bizitza guztiz aldatzeko gai izan ziren. Baina oso gertakari puntuala izan zen, ez da egoera iraunkorra.
Zer zailtasun daude birusak ikertzeko orduan?
Orain arte egon diren oztopo nagusiak diagnostikatzeko teknikak ziren. Teknikak asko aldatu dira, eta gaur egun genoma gehiago aztertzen da. Orain ez da birusa ikertzen, baizik eta haren genoma. Oso txikiak direnez, mikroskopio bereziak behar dira, eta halakoak lortzea zailagoa da. Baina gaur egun, teknika berri horiekin, mikroorganismoen eta birusen eboluzioa eta azterketa pixka bat errazagoak dira.
Zer erronka nagusi daude mikrobiologian eta birusen arloan?
Ezezagunak diren milioika birus daudenez, zer-nolako eragina izan dezakete birus horiek guztiek gizakiengan? Hori da galdera nagusia, birusen kaltegarritasun eremu horretatik. Jakin nahi dugu ezagutzen ez dugun hori ea benetan gai izango den beste pandemia bat eragiteko. Beste alor interesgarri bat zera da, ikuspuntu onuragarritik ikertzea: ezagunak diren hainbat birus ditugu, eta lortu nahi dugu tratamendu edo botika eraginkorrak garatzea haiek kontrolatu ahal izateko.