«Ez dut migraina diagnostikatuta izan, baina urte batzuetan izugarrizko buruko mina izan dut. Garai batzuetan, gainera, egunero edo une oro. Kristoren ezintasuna sortzen dizu. Ematen du iltzeak edo geziak ari direla buruan sartzen. Jasangaitza bihurtzen da», kontatu du Ainara Ibañez Lusarretak. Min jasangaitz horri izkin egiteko, mila bide probatu ditu bere erromesaldian, eta horietako batek lagundu dio mina ez areagotzen, eta, are, murrizten: «Ikasi dut kalterik gabeko mina eraikuntza sozial bat dela, eta ikasi egiten dugula». Alegia, ikasitako mina desikasi egin du. «Nire bizitza zeharo aldatu da».
Baina nola? Ez da mirari bat, ez da terapia alternatibo bat, ez da sasizientzia. Arturo Goikoetxea neurologo arrasatearrak Gasteizen, osasun sistema publikoan lanean, garatu duen eredu bat da: «Kognizioaren aurka altxatzea eta sortzen aritu diren automatismoen kontra altxatzea da bidea. Unibertso konplexua da, baina has daiteke hori lantzen». Horixe egin du Goikoetxeak bere pazienteekin —duela hamabost urte hartu zuen erretiroa—, eta dibulgazio lan handia egin du, liburuen bidez eta Goi Group taldearen bidez. Horretan jarraitzen dute, bereziki, fisioterapiaren munduan; Asier Merino eta Maite Goikoetxearen kontsultan izana da Ibañez Lusarreta, esaterako. Osasun sistema publikoa ere ari da bide horretan urratsak egiten; Gasteizko Salburua osasun zentroan, adibidez, minari aktiboki aurre egiteko unitatea dago. Proiektu pilotu bat da, Osakidetzako lehen mailako arreta osora zabaltzeko asmoa duena, eta eraldaketa prozesuan da oraintxe.
Zertan datza, beraz, minari aurre egiteko bide hori? Hasteko, mina eta kaltea bereiztea ezinbestekoa da, Goikoetxearen iritziz: «Mina da denok sentitzen duguna esaten dugunean mina dugula. Oso zaila da bizitzan minik sentitu ez izana. Kaltea, berriz, ehunak suntsitzen direnean gertatzen dena da, edo haiek suntsitu ditzakeen zerbaiten presentzia, momentu eta leku horretan». Ildo horretan, kalteak mina eragin ohi du, baina badira salbuespenak. Batetik: «Batzuetan kaltea eduki dezakegu, eta minik ez sentitu. Arrisku handiko egoera batean, adibidez; sute batetik edo zure atzetik doan lehoi batengandik ihesi. Posible da zuk mina ez sentitzea, nahiz eta agian hezur bat puskatu duzun».
Bestetik: «Beste batzuetan, min bizi-bizia senti dezakezu, luzaroan eta gai ez zarela uzten zaituena; begiratzen dizute, begiratu, begiratu, eta ez dizute kalterik aurkitzen. Ez dago kalterik, baina mina badago. Ez dago gaixotasunik termino klasikoetan, baina okerragoa den zerbait dago: gaixotasun bat egongo balitz bezala organismoa tratatzen duen nerbio sistema bat».
Kalterik gabeko mina
Eta hori, zergatik? «Horixe da kontua». Kalterik gabeko mina azaltzeko, zientziak hiru hipotesi behintzat planteatzen ditu. Baga: «Mina agertzen da faktore psikosozialak daudelako, emozionalak. Bizitza gaizki badoakizu, gertakizun traumatikoak eduki badituzu, eta organismoak ez badaki horiek adierazten bide zuzenetik —emozionaletik—, sintoma fisikoen bidez adierazten da, nahiz eta ez dagoen arazo fisikorik». Biga: «Kalte bat dago, konpontzen da, baina mina geratzen da, minak eusten dio. Sare neuronala, nerbio sistema, alarma egoeran egon izanaren ondorioz, hiperzaintza eta hipersentiberatasun egoeran geratzen da, eta ez du episodioa itxi». Higa: «Giza espezieak informazio eta instrukzio sarrera bat du hizkuntzaren bidez, organismoan adituak direnen bidez ere bai, eta, horren eraginez, sistemak mehatxu bat egozten die garrantzirik ez duten gauzei».
Hirugarren hipotesi hori garatu du Goikoetxeak, eta hura defendatzen du. «Kulturak eragin dezake organismoak mehatxu egoera bat egoztea kaltegarriak ez diren gauzei. Eguraldia eta belaunak, adibidez: ‘Egun hezea dagoenean, normala da hezetasunak erreuma sortzea’». Hori mito bat den arren, gerta daiteke, baina organismoaren erreakzio oker bat da, eta ez zuzendua, Goikoetxeak azaldu duenez: «Bukle moduko bat sortzen da. Erantzuna agertzeak aktibazioa baliozkotzen du, eta alarma sortzeak berak berresten du bukle hori sortzen dela».
«Mina berreraiki behar da, atribuzio oker hori nola sortu den ikusiz. Horrek dakar jarduera berreskuratzea, beldurrik gabe. Hori da osasuntsuena»
ARTURO GOIKOETXEA Neurologoa
Alegia, mina ikasi egiten dela nabarmendu du Goikoetxeak: «Ikasketa aldi oso luzea daukan espeziea gara. Sistemak lan egiten du baliozkotu duen informazioaren arabera, bizitako esperientzien arabera, behatu duenaren arabera, imitazioaren arabera, baina baita adituen bidez jasotako informazioaren bidez ere. Haiek dira dakitenak norbanakoarentzat opakua den eremu bati buruz: barruan duguna. Kontatzen dugunaren menpekoak gara, eta kulturaren menpekoak. Horregatik, baldin eta kaltea baztertu bada, mina atribuzio akats bat izan daiteke. Hori da nire hipotesia».
Eta minari irtenbide bat bilatu ezinak kroniko bihur dezake min bat. Hori da migrainaren edo fibromialgiaren kasua, adibidez. «Autoelikatu egiten da. ‘Mugitzen banaiz, mina dut; ondorioz, mugitzen banaiz, zerbaitek mina ematen du’. Arazoari irtenbide bat bilatu beharrean, sortu egiten du, kronifikatu, eta menpekotasuna sortu funtzionatzea lortzen ez duten terapiekiko. Egoera zaildu, alegia».

Goikoetxeak azaldutakoa gertutik ezagutzen du Ibañez Lusarretak: «Kalterik gabeko min asko izan ditut: buruko min handia, bruxismoa, digestioa egiteko arazoak, txistua belarrian, zerbikalgia... Proba pila bat egin dizkidate, eta azalpenik gabeko sintomak ziren guztiak. Saiatzen nintzen bizimodu normala egiten, baina bolada batzuetan hilabeteetako baimenak hartu behar izan nituen. Infernu bat da, eta min hori betirako izango dela pentsatzen duzu». Kalterik gabeko min horiei aurre egiteko, denetik egin du: «Bolada batzuetan, ibuprofenoa, parazetamola eta antsiolitikoak hartzen nituen egunero, eta tartetxo batean hobera egiten nuen, baina gero berriro jarraitzen zuen minak. Azkenean, hamabostean behin joaten nintzen fisioterapeutarengana, baina ez zidan mina arintzen. Momentuan edo hurrengo egunean, agian, bai, baina gero berriro izaten nuen. Denetik egin dut: laguntza psikologikoa, momentu jakin batean psikiatrikoa ere bai, meditazioa, tai txi, yoga, akupuntura, garezur-sakro masajea... Denetik probatu nuen, eta alferrik. Orduan, inork ez zidan azaltzen minaren jatorria zein izan zitekeen».
Eta horixe bera egitea da Goikoetxeak proposatzen duena. «Ikasitako mina deseraiki egin behar da», dio. «Min esperientziak badaude, eta ez badaude ere, beti daude espektatibak. Sinesmenek espektatibetan duten eraginaren froga bat plazebo efektua da: informazio batek mina ken diezazuke, edo eman, nahiz eta ez egon kaltea egoteko baldintza objektiborik. Orduan, guk zera egiten dugu: lehenik aztertzen dugu ea kaltea dagoen, eta hori baztertzen dugunean, prozesua azaltzen dugu biologiatik, kulturak organismo horretan daukan eragina indargabetzeko. Nerbio sistemako atribuzio arazoekin, bideragarria da».
«Bizitzan zehar jaso ditudan mezu horiek guztiak deseraikitzen saiatu naiz. Zaletasunak berreskuratzea terapiaren parte izan da»
AINARA IBAÑEZ LUSARRETA Fisioterapiako pazientea
Eta balio izan du Ibañez Lusarretarentzat. Familia medikuak gomendatuta joan zen Asier Merino eta Maite Goikoetxea fisioterapeuten kontsultara: «Han bukatu zen nire erromesaldia. Zerbait oso desberdina aurkitu nuen. Asierrek minaren biologiaren inguruko azalpenak eman zizkidan, baina, minari dagokionez, berdin-berdin irten nintzen. Gero, nire minaren historia aztertu genuen, nondik zetorren, noiz hasi zen, zergatik, etxean edo inguruan minarekin lotutako bizipenak zeintzuk izan ziren, minarekiko zer-nolako pentsamendu edo jokaerak nituen, nola egiten nion aurre egoera horri... Konturatu nintzen ikasi nuela minari beldurra izaten».
Izan ere, mina desikasteko, nola ikasi den ulertu eta barneratzea proposatzen du Goikoetxeak: «Hura berreraiki behar da, atribuzio oker hori nola sortu den ikusiz. Horrek dakar kontua beste era batean interpretatzea, eta beste modu batean aurre egitea, jarduera berreskuratzea, askatasuna, beldurrik gabe. Hori da osasuntsuena».
Mezuak deseraikitzen
Alde horretatik, Ibañez Lusarretak bere zenbait zaletasun alde batera utzi zituen, profesionalek gomendatuta, haiek mina eragiten ziotelakoan: gitarra jotzea, jostea, igeri egitea... Kalterik, baina, ez zioten egiten. «Zaletasun horiek minarekin lotzen nituen. Gitarra hartu, eta esaten nuen: ‘Gero lepoko mina izango dut, ziur!’. Bizitzan zehar jaso ditudan mezu horiek guztiak deseraikitzen saiatu naiz, eta kasurik ez egiten. Zaletasun horiek berreskuratzea terapiaren parte izan da».
Baina mina edukita, hori egokia da? Hauxe azaldu du Goikoetxeak: «Beti uste izan dugu egin behar duguna atseden hartzea dela, baina horixe da egin behar ez dena: mugimendua berreskuratu behar da. Atsedena denbora labur batez terapeutikoa izan daiteke, baina gero ez da osasuntsua, mugitzeko egina dagoelako gorputza. Minari gaitasun informatibo bat egozten zaio: zerbait egiten baduzu eta mina ematen badizu, ez egin. Batzuetan egia da, baina testuinguru honetan —kalterik ez dagoenean— ez da. Zerbaitek min ematen badizu, hor baduzu zer landu».
Baita landu ere. «Igerilekura joaten hasi nintzenean, lauzpabost hilabete igeri egin gabe pasatu eta gero, mina izugarria zen. Hortik pasa egin behar da. Gorputzari irakatsi behar diozu hori ez dela arriskutsua zuretzat. Apurka-apurka josten hasi nintzen berriro, musika jotzen... Minaren aurrean nuen jokabidea aldatzen ahalegindu naiz. Emaitza oso ona izan da. %98 murriztu da nire mina. Egunerokoan ez daukat, eta, edukitzen dudanean, neure buruari esaten diot minaren berritzen bat dela, eta bizimodu normala egiten jarraitu behar dudala. Erokeria da min izugarria duzunean mezu faltsu horiei izkin egitea, baina niri balio izan dit», kontatu du Ibañez Lusarretak.
Izan ere, behin informazioa barneratuta, burmuinarekin ere hitz egin behar da, Goikoetxearen arabera: «Gure barne hizkuntzak mehatxu atribuzioak dauzka, eta portaera proposamenak. Automatizatuta dago hori, eta hori aldatzen hasi behar da, hizkuntza bera erabiltzen, atribuzio eta kognizio horiek indargabetzeko, automatismo hori aldatzeko. Organismoa norbanakoaren arreta bahitzen arituko da, minean eta portaeran jarri dezan arreta. Hori aldatu behar da, arreta kudeatu behar da».