Telesailak

Misoginiak soinekoa eta ileordea jartzen duenekoa

Interneteko profil anonimo batean ezkutatzen den gizonezko misogino baten begietatik, online jazarpena, matxismoa, kantzelazioaren kultura eta genero rolak aztertuko ditu ‘A Better Man’ telesailak. Zeresana emango du; inor ez du epel utziko.

'A Better Man' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'A Better Man' telesailaren fotograma bat. FILMIN
gaizka izagirre
2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Interneteko bazter ilunetan, non hitzak su bilakatzen diren eta izenik gabeko itzalek ausardia faltsua janzten duten, han bizi dira trollak: Interneteko hizkeran, anonimotasunaren babespean mezu probokatzaileak, polemikoak edo iraingarriak zabaltzen dituzten pertsonak. Abiapuntu horretatik eraiki dute A Better Man telesaila: Tom da protagonista, 40 urte inguruko gizon arrunta, itxuraz.

Egunez, amaren arropa dendan egiten du lan Tomek; gauez, ordea, pantailaren atzean ezkutatutako beste norbait bihurtzen da. Ezizenetan babestuta eta feminismoaren aurkako amorruak gidatuta, iruzkin pozoitsuak jaurtitzen ditu, misoginiaz, arrazakeriaz eta matxismoz elikatuak. Bere jomuga ohikoenetako bat Live Stensvaag umorista ezaguna da. Halako batean, Stensvaagek jasandako erasoen aurkako haserrea telebistan publikoki agertzen duenean, sareko ehiztariek ehizatu egingo dute ehiztaria: hacker batzuek agerian utziko dute Tomen benetako nortasuna. Eta, bat-batean, izenik gabeko itzala izateari utzi, eta herrialde osoko etsai publiko bilakatuko da.

Seinalatze eta begirada zorrotzen presiotik ihes egiteko, Tomen aterpea amaren dendako ileorde eta arropen artean agertuko da. Emakumez mozorrotzea erabakiko du jazarpenetik babesteko, eta Berit izeneko emakume baten itxura hartuko du. Baina ironia garratz batek gidatuko du istorioa; izan ere, ezkutalekua izan nahi zuen maskarak leiho bat irekiko dio. Lehen aldiz, bere aurreiritzi sexistei aurrez aurre begiratzeko aukera izango du. Lehen aldiz, beste aldean egotearen esperientzia azalean iltzatuko zaio.

Gai gogorrak eta umorea

Ausarta eta lotsagabea da telesaila —zentzurik onenean—. Misoginia eta maskulinitate toxikoa bezalako gaiei heltzen die, eta hori guztia Norvegia bezalako herrialde aurrerakoi batean, gainera. Interneteko profil anonimoen atzean ezkutatzen diren jarrerak, incel-ak, kantzelazioaren kultura eta matxismo sotil baina errotua dira hari nagusiak. Gai gogorrak lantzen baditu ere, tarteka umorea jaioko da: labana fin baten moduan agertuko da, egoera tragikoetan, eta alderdi kritikoa elikatu egingo du.

Hein handi batean, Anders Baasmo Christiansenen interpretazio ñabartu eta ausartari esker lortuko du telesailak oreka emozionala eta narratiboa. Funtsean, oso pertsonaia desatsegina da, baina zenbaitetan azpimarragarria da enpatia konplexua sortzeko duen gaitasuna, ikusleari kontraesanak ulertaraziz bere ekintzak justifikatu gabe. Emozio eztanda handiak baino, ñabardura fisikoak eta keinuak ditu oinarri bere lanak. Pertsonaiaren eraldaketa ez da karikatura gisa planteatzen, ezta baliabide komiko gisa ere, baizik eta gorpuztasunean, begiradan eta isiluneetan azaleratzen den prozesu deseroso eta progresibo gisa.

Formalki, proposamen estetiko soil, errealista eta barnekoi bati heltzen dio hasieratik, Eskandinaviako drama garaikidearen oso ildokoa, baina satira deserosoko elementuekin. Bere egitura narratiboa trinkoa eta lineala da, gai nagusitik distraitzen duen bigarren mailako tramarik gabea. Eszenaratzean, oro har, estetika naturalista da nagusi: argiztapen hotza, eguneroko eszenatokiak eta protagonismorik bilatzen ez duen kamera diskretua.

Pantailaren atzean ezkutatzen den gorrotoari ispilu bat jartzen dion ezinbesteko lana da A Better Man, deserosoa eta zorrotza.

fitxa

  • Sortzaileak. Gjyljeta Berisha eta Thomas Torjussen. 
  • Herrialdea. Norvegia.
  • Urtea. 2025.
  • Aktoreak. Anders Baasmo Christiansen, Ingrid Giaever, Jonas Strand Gravli eta Victoria Ose.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Drama.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.