Jaiak. Iruñeko sanferminak

Miurak beti miura

Miura ganadutegiko zezenek bi minutu eta 34 segundo behar izan dituzte lasterketa osatzeko. Zortzi lagun artatu dituzte, eta horietatik lau ospitaleratu ere bai.

Zezen batek lasterkarietako bat adarrarekin jo duenekoa. J. P. URDIROZ / EFE
Zezen batek lasterkarietako bat adarrarekin jo duenekoa. J. P. URDIROZ / EFE
joxerra senar
Iruñea
2026ko uztailaren 13a
08:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

50 urte baino gehiago urtero Iruñera etortzen, entzierroa huts egin gabe. Miura ganadutegiko zezenen entzierroetan emozioa izan ohi da nagusi, eta zezenek aurrera jo ohi dute, eraso egiteko imintziorik gabe. Historian salbuespenak ere egoten dira, noski, baina aurtengo lasterketan ospe horri eutsi diote. 

Aurrekoak bezala, lasterketa bizia izan da gaurkoa ere. Hasieratik joaldunari egin diote toki, eta atzetik joan dira sei zezen beltzak, baturik. Hain izan da erritmo azkarra, beste idiak atzetik geratu baitira hasi eta berehala. San Domingoko aldapatik alboetarantz begira igaro dira, baina, taldearen babesean, begiratu baino ez dute egin.

Bost zezen, Mercaderesko bihurgunea ongi hartzen. JOSE LUIS LARRION / EFE
Bost zezen, Mercaderesko bihurgunea ongi hartzen. JOSE LUIS LARRION / EFE

Zezena erori da 

Apurka, Udaletxe plazatik Mercaderesko bihurgunerainoko tartean, zezenetako bat erori egin da, eta, horren ondorioz, atzean geratu. Bakarrik geratzeko arriskua egonagatik, ez du galdu gainerakoen arrastoa, eta Estafetan gai izan da galdutako tarte hori berreskuratzeko eta besteak harrapatzeko. Haren aurretik, bost zezenak elkarrekin heldu dira Mercaderes amaierara, eta ondo hartu dute bihurgunea, ibilbidea ezagutuko balute bezala eta ohola jo gabe.

Estafetan metro batzuk egin ostean, zezenetako batek erabaki du aski zela. Joaldunari aurrea hartu, eta taldearen buru jarri da. Haren arrastoari segika egin dute bidea beste lau zezenek, eta, multzoa apur bat sakabanatu bada ere, nahiko elkarturik jo dute kalean gora. Ondorioz, aurretik zihoan zezena eta atzetik bakarrik segika zihoana alde batera utzita, tarte gutxi ireki dira. Horregatik, alboetan lasterka egiteko aukera baino ez dute izan lasterkariek.

Estafafetan gora, hiru zezen aurretik eta beste bi joaldunaren atzetik. ANDONI CANELLADA / FOKU
Estafetan gora, hiru zezen aurretik eta beste bi joaldunaren atzetik. ANDONI CANELLADA / FOKU

Asteburuaren ostean, nabari zen jende gutxiago zegoela ibilbidean, eta, tartea sortu eta zezenen aurrean korrika egiteko lehia handia izan bada ere, ez da pilaketarik izan. Azkar joan dira Miura ganadutegiko zezenak eta hainbat lasterkari, estu, erori egin dira haien aurrean, erritmoari ezin eutsiz.

Zezenek ondo hartu dute Telefonica pareko beste bihurgunea ere, eta ibilbidearen eskuinean bildutako hainbat lasterkarirekin egin dute estropezu. Zezenetako batek burua altxatu eta adarrekin jo ditu han zeuden hainbat korrikalari, adarkatzeko imintziorik egin gabe betiere.

Telefonicaren inguruan, tarteak ireki eta korrika egiteko aukera izan dute lasterkariek. AITOR KARASATORRE / FOKU
Telefonica inguruan tarteak sortu dira, eta lasterkariek aukera izan dute korrika egiteko. AITOR KARASATORRE / FOKU

Arduragabekeriak

Plazara iritsi aurreko korridorean, lurrean zeuden hainbat lasterkariren gainetik pasatu dira zezenak, eta arduragabekeria pare bat izan dira tarte horretan. Batetik, lehen multzoa iragan ondotik, lasterkari horietako bat begiratu ere egin gabe altxatu da; ez du ikusi atzetik zetorren zezena. Zortea izan du, zezenak ez baitu harrapatu, baina horrelakoak arriskutsuak izan ohi dira, duela 31 urte gertatutakoak erakusten duenez —1995ean, Matthew Peter Tassio estatubatuarra hil zen, lurretik altxatzean zezen batek bete-betean jo eta adarkatuta.

Bestalde, jertse gorriko gizonezko batek geldirik ikusi ditu zezenak igarotzen, kamera batekin grabatzen ari zela. Korridorea oso estua da, eta zezenetako batek alboetarantz eginez gero, ihesbide gutxi izan ohi dira. Tranpa bat izan litezke halakoak, baina gizon horrek ere zortea izan du. 

(ID_16278577) (Jagoba Manterola/@FOKU) 2026-07-13, Iruñea. Sanferminak, 7
Gizon bat atearen parean geldirik, entzierroa grabatzen, zezenak albotik pasatzen ari zaizkion bitartean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Plazara iritsita, harea oin azpian nabaritzean, arriskua sortu da. Sei zezenek buelta bat eman dute zezen plazan, eta ukuilura joan dira segidan. Bi minutu eta 34 segundo behar izan dituzte entzierroa osatzeko. Itzuli horrek apur bat luzatu du entzierroa.

Gurutze Gorriak zabaldutako lehen datuen arabera, zortzi lagun artatu dituzte, hartutako kolpeen ondorioz —horietarik hiru, zezen plazan bertan—. Oraingoz, lau lagun ospitaleratu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA