Sanferminak Iruñean. Blanca Ines Rubio eta Txari Eleta. Abalantxa taldeko musikariak

«Momentu honetan, afizioa ofizio bihurtzeko prozesu horretan gaude»

Hego Amerikan ibili ondoren, etxean dira Abalantxa musika taldekoak. Sanferminetako egitarau oparoan aritzeaz gain, bigarren diskoa irail inguruan kaleratzeko asmoa dute.

MAIALEN BELARRA.
Iruñea
2013ko uztailaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abalantxa taldea duela urtebete inguru sortu zuten Txari Eletak (Olague, 1973) eta Blanca Ines Rubiok (Gasteiz, 1973). Ordutik, kontzertuz kontzertu eta abenturaz abentura ibili dira, euren ametsetako bat betetzen. Bihar eguerdi partean, Zaldiko Maldiko elkartean izanen dira, hara biltzen denari une «eder» bat pasatzeko aukera emateko prest.

Nola atera zen Abalantxa sortzeko ideia?

Txari Eleta. Iazko ekainean elkartu ginen, eta biok asmo berdintsuak genituela ikusi genuen: abesti propioak egiteko nahia, bidaiatzeko nahia... Horren harira pentsatu genuen talde bat osatu eta disko bat grabatzea.

Elkar ezagutzen zenuten lehenagotik?

Blanca Ines Rubio. Duela hiru bat urte, bi musika taldetan geunden, eta, proba saioak leku berean egiten genituenez, han ezagutu genuen elkar. Geroztik, denbora luzez ia-ia elkar ikusi gabe egon ginen, harik eta iaz berriro elkartu ginen arte. Hitz egiten hasi, eta bakoitza bestearen ahotsetik hitz egiten ari zela zirudien.

T. E. Ispiluak bezala ginen; asmo berdintsuak, gogo berberak eta amets berdintsuak genituen, eta hor erabaki genuen elkarrekin zerbait egitea. Orduan sortu zen Abalantxa.

Zergatik Abalantxa?

T. E. Blanca eta Txari garenez, alde batetik hori da: blantxa. Eta bestetik, nola sortu zen guztia aztertzea komenigarria da. Hain azkar gertatu zen dena, ezen abalantxa bat zirudien. Dena oso erraza zen; ametsen eta ideien abalantxa egon zen.

B. I. R. Berez ateratzen ziren gauzak. Guk ia ia ezer prestatu gabe gertatu ziren. Oso egun gutxitan grabatu genuen diskoa, eta bat-batean bidaiak, kontzertuak, eta abar atera ziren, guztia gainera eroriko balitzaigu bezala. Lehendabiziko kontzertua eman genuenean, oraindik ez ginen proba saiotan hasiak. Ez genuen denborarik izan. Dena oso azkar zihoan. Horregatik Abalantxa.

Nola erabaki zenuten Hego Amerikara joatea?

B. I. R. Hor faktore asko elkartu ziren. Nik lan baimena hartzeko gogoa nuen, deskantsatzeko, eta musikari eta idazteari lehentasuna emateko. Bidaiatzeko gogoa ere baneukan, eta nire lagun batek eman zidan Txilen bizi den baten kontaktua.

T. E. Nire kasua antzekoa da. Lan baimena hartzeko gogoa neukan aspalditik, eta momentu egokia zela ikusi nuen. Bidaiatzeko sekulako gogoa neukan, gainera. Horrez gain, bikotekidearekin Argentinan egiteko proiektu bat neukan, eta, kasualitatez, Blancak toki horretara joan nahi zuen. Han elkartu ginen.

Kontzertuak aurretik zehaztuak zenituzten?

B. I. R. Ez. Abentura bila joan ginen. Bakoitza bere aldetik joan zen. Hilabete baten ondoren, Txari Argentinan geratu zen, eta ni Txilera joan nintzen. Bakarrik egon arren, gitarra bizkarrean hartu, eta ahalik eta leku gehienetan kantatzen hasten nintzen.

Harrera ona izan zuten hangoek?

B. I. R. Oso-oso ona; batez ere, Txilen. Berehala hasten ziren kantatzeko eskatzen. Gainera, ni Txilen nengoela, Txari ere bertan azaldu zen, eta berriro elkartu ginen.

T. E. Abalantxak hainbat kontzertu eskaini zituen. Oso harrera ona izan genuen, eta kontzertu gehiago emateko aukera ere eskaini ziguten. Polita izan zen.

Zer moduz doa disko berria?

T. E. Jada kanta guztiak edo gehienak prest ditugu. Berriozarren, NX estudiokoekin gelditu gara, eta abuztuan grabatzera sartuko gara. Oso pozik gaude, mota guztietako kantak sartu baititugu. Estilo berriak sartu ditugu: blues, rap, hip hop... Jolastea gustatzen zaigu, eta hori da gure helburua, saltsan ibiltzea. Iaz, oso azkar grabatu genuen diskoa, baina aurten lasaiago eta zainduago egiteko asmoa dugu.

B. I. R. Oraindik ez dakigu noiz jarriko den diskoa salgai. Grabaketak hartzen duen denboraren arabera. Ez dakigu ziur, baina gure asmoa irail inguruan ateratzea da.

Sanferminetan hainbat ikuskizun eman dituzue.

B. I. R. Uztailaren 6an Kale Nagusiaren ondoan, Eslava kalean jarri ginen goizetik gauera bitartean, ia-ia gelditu gabe. Hurrengo egunean, Onkixin tabernan egon ginen. Horren ostean, ordea, egun pare bateko atsedena hartzea erabaki genuen.

T. E. Uztailaren 10ean Bilgune Feministaren txokoan, Aldapa kalean, jo genuen arratsaldean. Bihar Zaldiko Maldikon joko dugu, Antsoleaga kalean. Gero, egin ahala, leku berriak bilatuko ditugu. Norbaitek bat-batean jotzeko eskatzen badigu, hara joango gara.

Sanferminetan parrandan dabiltzanen bisitak izaten dituzue jotzen ari zareten momentutan?

B. I. R. Bai, askotan. Oso gogorra egiten da, gainera. Azken finean, gu lanean gaude. Ongi ari gara pasatzen, baina erantzukizun bat izaten dugu. Antza denez, jende askok ez du ezer errespetatzen. Erdian sartzen dira, karaoke bat balitz bezala, eta baimenik eskatu gabe kentzen digute mikrofonoa. Hala ere, badago oso jende jatorra ere. Ongi kantatzen duen jendeak baimena eskatu, eta gurekin abesten du.

Afizioz edo ofizioz jotzen duzue?

B. I. R. Afizioz eta ofizioz. Momentu honetan afizioa ofizio bihurtzeko prozesu horretan gaudela esango nuke.

T. E. Azken finean, gure lana utzi dugu, musikatik bizi ahal izateko. Horretan saiatu nahi dugu, behinik behin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.